Aldizkariari buruz

Babesleak

Aldizkariaren historia

Milurtearekin batera, 2001. urtean, argitaratu zen GOGOAren lehen alea. Giza eta gizarte zientzietan eta, bereziki, zientzia kognitiboetan euskaldunek egiten zuten ikerketaren berri emateko sortu zen, EHUko Logika, Kognizio, Hizkuntza eta Informaziorako (ILCLIko) hiru ikerlariren ekimenez: Xabier Arrazola, Jesus Mari Larrazabal eta Kepa Korta. Euskarazko prosa zientifikoari bultzadatxo bat ematea zen beste helburuetako bat, ingelesa ikerketa munduko lingua franca bilakatu zaigunean.

 

2001etik 2007ra arteko 14 aleek badute alderdi deigarri bat.  Bakoitzak dauka bere azal berezia. Eta azal bakoitza da artelan ederra. Guztiak Juanba Berasategi marrazkilari eta zinegile pasaitarrak berariaz GOGOArako egindakoak dira, ILCLIkoak eta Juanba bera Donostiako Mirakruz gainean Arzaken auzoak ziren garaian.

 

Bestetik, 2007ra arteko 14 aleen egitura egonkor eta aberatsa ere aipatzekoa. Zuzendariaren aurkezpenaz gain, artikulu "klasiko" baten itzulpena zekarren ale bakoitzak, hasteko. Itzuli ditugun lanen artean David Hume, Bertrand Russell, Jean-Paul Sartre, Kurt Gödel, eta Noam Chomskyren artikulu sonatuak daude, beste askorekin batera. Itzulpenaz gain, zientzia kognitiboetako ikerketa-esparru jakinetako begiratu zabal baina zehatza zekarten ale haiek, ohiko artikuluez aparte. Eta bukatzeko, liburu eta lan berrien aurkezpen laburrak, eta kongresu eta jardunaldien iragarpenekin ixten ziren aleak.

 

2008tik aurrera, "normaldu" egin dira zertxobait GOGOAren azala eta mamia. Itxura konbentzionalagoa du orain. Artikuluak eta liburu kritikak dakartza edukietan. Nazioarteko aurkibide batzuetan jasotzen dira bertako ingelesezko laburpenak eta Open Journal System-en argitaratzen da guztia elektronikoki. Bide horretan aurrera, hasierako xedeei eusten die GOGOAk. Hizkuntza, ezagutza, komunikazio eta ekintzari buruzko kalitatezko ikerketa-lanak euskaraz ezagutzera ematen ditu, peer review edo ikerlariek beraiek egindako ebaluazio anonimo sistema zorrotza ezarrita.

 

Urte hauetan guztietan GOGOAk izan dituen bi zuzendariek (Kepa Kortak eta Jesus Mari Larrazabalek) hainbat ikerlariren laguntza izan dute ebaluatzaile gisa, eta aholku eta erredakzio batzordekide gisa. Horien artean, bik lan luzea egin dute idazkari tekniko gisa: Joana Garmendiak eta Larraitz Zubeldiak. Eta GOGOAn lanean jarraitzen dute. Horiez gain, hildako GOGOAkideak aipatu beharra daukagu: Xabier Arrazola, Andolin Eguzkitza, Isabel Gomez Txurruka, Pello Huizi eta Jesus Mari Larrazabal bera. Bostok ere, garai eta modu ezberdinetan,  ekarpen mardula egin zioten GOGOAri.