Zergatik klase ertaineko hainbat gurasok Eskola Publikoa hautatzen dute? White flight-aren aurkako fenomenoa eta euskara. Kasu-azterketa bat

Why do some middle class parents choose the Public School?
The phenomenon against White flight and Euskera. A case study

Iban Asenjo*

Matematika, Zientzia Esperimental eta Gizarte Zientzien Didaktika. Hezkuntza eta Kirol Fakultatea (UPV/EHU)

Laburpena: Eskola-segregazioa, hau da, ikasleen banaketa desberdina eskoletako ezaugarri pertsonal edo sozialen arabera, gizarte-desberdintasunean eragiten duena, euskal hezkuntza sistemaren arazo nagusienetako moduan identifikatu da azken urteotan. Euskal eskola-segregazioaren oinarri nagusietako bat gurasoek beraien seme-alaben ikastetxea hautatzeko duten ahalmena dela azpimarratzen da, zeinak white flight (WF) fenomenoa ahalbidetzen duen. Baina WF-aren aurkako fenomenoa ere agertzen da literatura akademikoan, alegia, klase ertaineko hainbat familiak eskola publikoaren aldeko hautua egiten dute balore aurrerakoietan oinarrituta. Beraz, ikerketa honen helburu nagusia WF-aren aurkako fenomenoa Euskal Herrian (EH) aztertzea da. Hots, EHko gurasoek beraien seme-alaben ikastetxea hautatzeko dituzten argudio nagusiak arakatu asmoz eta metodologia kualitatibo batez baliatuz, bi ikastetxe (Eskola Publikoa eta Ikastola itundua) baino ez dauden 10.000 biztanleko herri batean oinarritu da kasu-azterketa hau. Horretarako, bi ikastetxeetako gurasoei egindako elkarrizketak baliatu ditugu (n=9) eta jasotako informazioa aztertzeko NVivo Release softwareren laguntza izan dugu. Emaitzen artean agertzen zaizkigu batetik, eremu politiko-administratiboan eskola-inklusioa eta -segregazioa lantzen duten dokumentu ofizial ugari daudela eta, bestetik, maila sozioekonomiko ertaineko gurasoek eskola publikoaren aldeko hautua ezkerreko baloreetatik ez ezik, euskararen defentsatik ere egiten dutela. Honenbestez, literatura akademikoan jasotzen den WF-aren aurkako mugimendua EHan bertako ezaugarri propio bati loturik, euskaren atxikimenduari, agertzen dela ondorioztatu daiteke.

Gako-hitzak: Eskola publikoa, ikastola, euskara, gurasoak, white flight, eskola-segregazioa.

Abstract: School segregation, i.e. the different distribution of pupils according to personal or social characteristics, which affects social inequality, has been identified in recent years as one of the main problems of the Basque education system. It is emphasised that one of the main reasons for the segregation of schools in the Basque Country (BC) is the possibility for parents to choose their children’s school, as this enables the phenomenon of white flight (WF). However, the anti-WF phenomenon also appears in academic literature. According to this, some middle-class families choose the public school out of progressive values. We have carried out this research to see if this anti-WF phenomenon also exists in the BC. Therefore, the main objective of this research is to analyse the anti-WF phenomenon in the BC. In other words, using a qualitative methodology to describe the main arguments of parents in BC when choosing a school for their children, this case study was based on a population of 10,000 inhabitants with only two schools (public and subsidised). For this purpose, we interviewed parents from both schools (n = 9) and used NVivo Release software to analyse the information received. The results show, on the one hand, a large number of official documents dealing with school inclusion and segregation in the political-administrative sphere and, on the other hand, the fact that parents from the middle socio-economic level choose public schools not only because of leftist values but also to defend the Basque language. The anti-WF movement observed in the literature appears together the attachment to the Basque language in the case of BC.

Keywords: public school, ikastola, basque language, white flight, school segregation.

 

* Harremanetan jartzeko / Corresponding author: Iban Asenjo. Hezkuntza eta Kirol Fakultatea .(UPV/EHU). Lasarteko atea, 71. (01007, Vitoria-Gasteiz). – iban.asenjo@ehu.eus

Nola aipatu / How to cite: Asenjo, Iban (2024). «Zergatik klase ertaineko hainbat gurasok Eskola Publikoa hautatzen dute? White flight-aren aurkako fenomenoa eta euskara. Kasu-azterketa bat». Tantak, 35(2), -15.
(White flight).

Jasotze-data: 2024/03/12; Onartze-data: 2024/05/19.

ISSN 0214-9753 - eISSN 2444-3581 / © UPV/EHU Press

Cc-by-nc-nd_icon.svg.png Lan hau Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-LanEratorririkGabe 4.0 Nazioartekoa
lizentzia baten mende dago

 

 

1. Sarrera

Artikulu honen bitartez ikerketa sakonagoa den lehenengo emaitzak aurkeztu nahi ditugu. Horrela, 10.000 biztanletik gorako herri batean haien seme-alabak matrikulatzeko ikastetxea hautatzeko orduan gurasoen gogoetak eta arrazoiak aurkeztuko ditugu. Landa lana burutzeko, hautatua izan den herriaren ezaugarrien artean nabarmendu behar da immigrazio-tasa oso altua duela, %20 ingurukoa, eta hautatzeko bi aukera baino ez daudela: Eskola Publikoa eta Ikastola (itunpekoa).

Uste dugu hautatuko herriaren kasuistikak eskola-segregazioa eta inklusioaren gaiaren konplexutasunean sakontzeko aukera ematen duela. Adibidez, Hezkuntza Sailak (2023) ondutako «Desberdintasun sozioespazialak Euskadiko hezkuntzan» txostenean jasotzen denez eskola-segregazioan eragiten duten hainbat faktore dira herria handia izatea edo A eredua duten ikastetxeak izatea herrian. Horrez gain, bizileku-segregazioa ere kanpoko faktoretzat jotzen du.

Esan bezala, herriak 10.000 biztanle ditu, beraz ez da Euskal Herriko populatuena; herriko bi ikastetxeetan A (zein B) eredurik ez dago; eta, herri osoa bi ikastetxeentzako eremua izanik, bizileku-segregazioak ez du inongo eraginik. Hau da, eskola-segregazio arazoa aztertzeko begirada askotarikoak behar dira errealitate honen aniztasuna oso zabala delako. Adibidez, gaur egun handiak ez diren herrietan, soilik D ereduko eskolak eta bizileku-segregazioarekin zerikusia ez duten udalerrietan eskola-segregazio kasuak aurkitzen ditugu eta lan honek errealitate horri fokua jarri eta argi gehiago eman nahi dio.

1.1. Oinarri teoriko kontzeptuala. Kokapen bat

Eskola-segregazioaren inguruko ikerketa 50eko hamarkadaren amaieran eta 60ko hamarkadaren hasieran kokatu behar da (Murillo et al., 2017) eta, azken urteotan, handitu egin dira eskola-segregazioaren eta -kontzentrazioaren fenomenoarekin lotutako azterlanak Europa mailan (Alkorta eta Shershneva, 2021).

Espainiar Estatuaren kasuan, eskola-segregazioari buruzko ikerketa duela gutxi arte urria izan da. Lan gutxik aztertu dute gai honek duen garrantzia, akaso, Estatu osorako datu adierazgarri gutxi daudelako (Murillo eta Belavi, 2018). Baina, agian, hezkuntza-sistemaren ekitaterik eza sakontasunez ezagutzeko interes falta egon delako ere izan daiteke (Alkorta eta Shershneva, 2021). Euskal Autonomia Erkidegoan (aurrerantzean, EAE) ere eskola-segregazioari buruzko literatura akademikoa nahiko urria da, neurri batean, atzerriko immigrazioaren fenomenoa orain dela gutxi arte nahiko berria izan delako testuinguru geografiko honetan (Alkorta eta Shershneva, 2021).

Ezin dugu ahaztu 1992tik atzerritar jatorriko biztanleen etorrerak gora egin duela EAEn (Eustat, 2021), eta horrek ere eragina izan du euskal hezkuntza-sisteman, erronka berriak sortu baititu bai ikastetxeetan bai hezkuntza-sisteman. Euskal hezkuntza-sistemak helburu ditu ikasle guztien ikaskuntza-emaitzetan ekitatea lortzea, ikasleen jatorrizko herrialdea edozein izanik ere; ikasleen eskolatzean oreka lortzea ikastetxeetan; eta ikasle guztiak gizarteratzea (ISEI/IVEI, 2021).

Honen guztiaren adibide moduan Hezkuntza Sailak berak argitaratutako txostenak eta diagnostikoak ditugu, hala nola, 2018ko «Atzerritar jatorriko eskolatzea EAEko eskola-sisteman. Diagnostikoa eta esku hartzeko neurri berriak», 2019ko «Eskola inklusiboa garatzeko esparru-plana 2019-2022», 2019ko «Harrera-plana. Ikasle berrien eta haien familien harrera bideratzeko jardunbideak Ikastetxeetarako gida praktikoa», 2020ko «Ikasle etorri berriaren hasierako ebaluazioa», 2021ko «Euskal Hezkuntza-Sistemaren diagnostikoa», azken hau, ISEI/IVEI-k argitaratutakoa, eta, berriena, 2023ko «Desberdintasun sozioespazialak Euskadiko hezkuntzan».

Azken txosten honetan jasotzen den moduan, fenomeno honen ezagutzean sakontzea beharrezkoa da eta politika publikoek ere eragina dute segregazioa areagotzeko edo leuntzeko:

Eskola-segregazioaren fenomenoa hezkuntza-sistema askotan dago zabalduta, baina hura eragiten duten arrazoiak ugariak dira. Hortaz, kasu bakoitzean, segregazioa eragiten duten faktorerik garrantzitsuenak zein diren ezagutu behar da. Faktore batzuk hezkuntza-sistematik eta hura administratzen duten politiketatik kanpokoak dira. Baina, beste batzuk, zuzenean lotuta daude araudiaren diseinu instituzionalarekin, hezkuntzako hornidurarekin eta finantzaketarekin, eta, bereziki, politiken artikulazioan egindako omisio nabarmenekin. (2023, 11. or.)

Honek guztiak islada politikoa izan du. 2022ko apirilaren 7an Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politiko gehienek «Etorkizuneko euskal hezkuntza-sistemari buruzko hitzarmenaren oinarriak zehazteko» akordioa erdietsi zuten (Eusko Legebiltzarra, 2022). Hitzarmen honen arabera segregazioa da gainditu beharreko arazo nagusietako bat eta horretarako hainbat neurri proposatzen ziren. Akordio honen arabera, «ikastetxe publikoetako eta itunpeko ikastetxe pribatuetako ikasleen onarpena arautuko da, hezkuntzarako eta sarbiderako eskubidea berdintasun-baldintzetan bermatzeko. Erregulazio horretan, ikasleak arrazoi sozioekonomikoengatik edo bestelakoengatik segregatzea saihesteko beharrezko diren neurriak ezarriko dira» (Eusko Legebiltzarra, 2022).

Akordio horretan oinarrituta, «17/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzarena» lege berria proposatu da. Eta, nahiz eta hitzarmenak erdietsi zuen adostasun politiko zabala Legeak ez eduki, eskola-segregazioaren kontra borrokatzeko beharra aipatzen da. Adibidez, Hirugarren xedapen gehigarrian, Eskola-segregazioaren aurkako itunari aipua egiten dio: «Eusko Jaurlaritzan hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak elkarrizketa aktiboko prozesu bat abiaraziko du hezkuntza-komunitatearekin, eskola-segregazioaren aurkako itun bat lortzeko». Legeak zer-nolako ibilbidea izango duen eta zer-nolako emaitzak lortuko dituen ikusteke dagoen arren, esanguratsua da arazo honi legean bertan ikusgarritasuna ematea, besteak beste, arazo bat egon badagoela onartzen delako.

1.2. Eskola-segregazioa

Literatura zientifikoari jarraiki, eskola-bereizketak nabarmen eragiten du gizarte-sektore ezberdinetako haur eta nerabeen hezkuntza-proiekzio eta aukeretan (Gayo Cal et al., 2019; Treviño et al., 2018; Valenzuela et al., 2014; Villalobos eta Valenzuela, 2012). Are gehiago, ondorio horiek nabarmen oztopatzen dute eskola sistemak hezkuntza-espazioak eta aukerak bateratzeko duen gaitasuna (Rodríguez et al., 2020).

Eskola-segregazioaren azterketa, era berean, ezinbesteko bitartekoa da hezkuntza sistemen ekitatearekin eta gizarte eraldaketarako bide izateko aukerarekin zuzenean lotutako egoera bat ezagutzeko eta, horrela, aldatzeko. Eskola-segregazio mota bat nazio jatorriaren araberako bereizketa da zeinak ikasleak eskolatzeko irizpide gisa ikaslearen jatorri nazionala kontuan hartzen duen, zehazki, ikaslea bizi den eta ikasten duen herrialdean jaio den ala ez hartzen du kontuan. Horrela, ikasle etorkinak eskola batzuetan eta ez beste batzuetan kontzentratzen duen fenomenoa izango da segregazioa, ghettoak sortuz eta ikastetxeei kulturen arteko topagune eta harreman-gune izateko aukera ukatuz (Murillo et al., 2017). Aldiz, zenbat eta bidezkoagoa izan lurralde bateko eskolen arteko gizarte-taldeen banaketa, orduan eta segregazio txikiagoa izango da (Bonal, 2018).

1.3. Ikastetxearen hautatzea

Eskola-segregazioan hiru faktore mota azpimarratu behar dira: testuingurukoa, instituzionala eta soziokulturala. Lehen faktore motaren baitan, garrantzitsuena egoitza-segregazioa da: udalerri bateko biztanleria auzoka banatzen da eta litekeena da auzo bakoitzaren ezaugarriak errepikatzea udalerriko eskolen osaeran ere. Bigarren kategorian, instituzionalean, eskola-sistemaren antolaketarekin lotutako alderdi guztiak sartuko lirateke, hala nola ikastetxe batzuek familiei kobrantzak egiteko duten prerrogatiba, bai eta ikasleak hautatu edo kanporatzeko duten eskubidea ere. Hirugarren kategorian, soziokulturalean, familien eskola aukeratzeko lehentasunak, estrategiak eta logikak daude (Córdoba et al., 2020).

Horrela, ikastetxe publiko edo itunpekoaren artean aukeratzeko egoera suertatzen denean, gizarte klasearen baitako hautaketa bat azpimarratzen da. Txileko kasuan, adibidez, 1980. urtean, publiko-itunpeko bi aukera hauek sortu zirenetik, argi ikusi zen sektore ertain eta apaleko familien aukera publikoan kokatu zela; baliabide gehien zituzten taldeek, berriz, nagusiki ikastetxe pribatuetara jotzen zuten, diruz lagundutakoak edo ordainduak izan (Valenzuela et al., 2014) zeinak gizarte-, ekonomia- eta hezkuntza-ekitatea lortzeko oztopoak (Etcheberrigaray et al., 2017) sustatzen zituelarik.

Bide honetatik, mendebaldeko gizarte garaikideetako sektore pribilegiatuetan klasea erreproduzitzeko mekanismoei eta estrategiei buruzko ikerketek (Andreotti et al., 2014; Bacqué et al., 2015; eta Benson et al., 2015) erakusten dute eskola-aukeraketa klase ertain-altuko gurasoentzat funtsezko erabakia dela, uste baita hezkuntzaren eragina funtsezkoa dela eskuratutako gizarte posizioaren erreprodukzioan, eta hautaketa hori funtsezko elementua da familiek beren seme-alaben posizio soziala hobetzearen edo sendotzearen alde baliatzen dituzten legitimazio edo kapitalizazio estrategietan.

Izan ere, Bourdieuk eta Passeronek (1996) aipatzen zuten moduan, irakaskuntza instituzionalizatuko sistema orok bere egituraren eta funtzionamenduaren ezaugarri espezifikoak ditu, erakundearen beraren baliabideen bitartez sortu eta erreproduzitu behar dituelako baldintza instituzionalak. Baldintza instituzional horiek beharrezkoak dira (erakundearen autoerreprodukzioa), bai irakasteari dagokion funtzioa betetzeko, bai ekoizlea ez den (erreprodukzio kulturala) gizarte-arbitrariotasun erreproduzitzeko, eta erreprodukzioak erreprodukzioari laguntzen dio.

Literatura akademikoak, ikastetxeko jardun akademikoa, ikaslearen egoera sozioekonomikoa, prezioa edo etxearen eta eskolaren arteko distantzia eskola-hautaketan aintzat hartutako faktoreak moduan identifikatu ditu. Era berean, testuinguru desberdinetan, sistema publikoan edo pribatuan, dokumentatuta dago eta erakutsi da, kasu gehienetan, familiek kontuan hartzen dutela (esplizituki edo inplizituki) eskolen gizarte-osaera ere (Bacqué et al., 2015). Bereziki sektore ertain-altuetako gurasoek ebaluatzen dituzte eskolak umearen etorkizuneko gizarte-posizioan izango dituen inpaktuak (Carrasco et al., 2016).

Beraz, hautaketa testuinguru sozial, ekonomiko eta espazial zehatz batean kokatutako mekanismo gisa ulertu behar da: ikastetxeak ez daude inbrikazio horretatik kanpo, hau da, haien eskaintzak ere dinamika sozial horiei erantzuten die. Eskola-eskaintzaren ezaugarria ikastetxeek egiten duten hautaketa da, eta, horren ondorioz, gurasoen eskariaren eta ikastetxeek eskaintzen duten eskaintzaren arteko egokitzapen sozioekonomikoa eta ideologikoa lortzen da. Horrela, argudiatzen da uztartze hori funtsezkoa dela erreprodukzio soziala bultzatuko duen sistema bat sendotzeko, batez ere klase ertain altukoa (Gayo Cal et al., 2019).

Gaur egun, gurasoek ikastetxea hautatzeko duten askatasunak indar handia du. Ikerketa-ebidentzia ugarik erakutsi dute eskola-hautuak irizpide praktikoetan oinarrituta egoteaz gain (etxearekiko hurbiltasuna, lekualdaketaren kostua edo bidaia-denbora), ikastetxeari esleitutako prestigio-, estatus- eta kultura-kapitala ere aintzat izaten direla (Berends, 2015). Gainera, hautaketa prozesuan, klase ertaineko gurasoak eragile aktibo gisa agertzen diren bitartean, desabantailatsuenak eragile pasiboagoak eta tokian tokira bideratuagoak dira (Burgess et al., 2015).

Gayo Cal et al.-ek (2019) baieztatzen dutenez familiek, batez ere klase ertain-altukoek, lortzen duten ikastetxearen eta egiten duten lehengo hautaketaren artean konbergentzia osoa dago. Horrela, aukeraketaren bidez, eskaeraren (familiak) eta eskaintzaren (ikastetxeak) arteko doikuntza gutxi gorabehera erabatekoa da. Bat etortze horrek, gizarte-egituraren arabera instituzionalizatuta dagoena, eskola- eta espazio-segregazioa eta, beraz, klase-ugalketa errazten du (Gayo Cal et al., 2019).

Are gehiago, baieztatu da ezaugarri soziokulturaletatik abiatuta sinbolikoki kokatutako praktika gisa hautatzeak auto-segregazio-prozesu bat ekarri duela, non klase sozial desberdinetako familiak baztertuak izan daitezkeen eta, era berean, bazterketaren eragile aktibo gisa ager daitezkeen (Carrasco et al., 2015).

1.4. White flight fenomenoa

Kye-k (2018) dioenez, ikastetxea aukeratzeko gaitasuna handitzera bideratutako politikek tokiko eskoletako klase ertainen ihes-prozesuak, hau da, white flight (aurrerantzean, WF) deritzon fenomenoa errazten dute, ikasle kalteberenen kontzentrazioa eta isolamendua handituz. Alegia, eskola-aukeraketa sustatzen duten politikek ez dute, ezinbestean, eskola-segregazioa murrizten; aitzitik, ikastetxeen arteko estratifikazio soziala areagotu dezakete (Kye, 2018).

Alegia, eskola-aukeraketaren tarte zabalek ez dute errazten eskolatze bidezkoagoa, baizik eta ikasleen mugikortasunean desberdintasunak sortzen dituzte, eta, beraz, ikasleen eskola-segregazio handiagoa, bai ikasle atzerritarrena, bai maila sozioekonomiko baxuko ikasleena (Bonal eta Zancajo, 2020). Bide horretatik, hautatzeko gaitasuna handitzera bideratutako politikek eskola publikoetako klase ertainetako ihes-prozesuak (WF) laguntzen dituzte, eskola-segregazioa areagotuz (Asenjo-Garde et al., 2023).

Bestalde, zonakatze-politikak dauden sistemetan, gutxiengo etnikoek beren etxetik hurbil dauden eskoletan geratzeko joera dute. Familia horiek alderdi praktikoen arabera aukeratzen dute, eta alderdi horietan lan-baldintzek eta etxeko antolamenduak muga garrantzitsuak ezartzen dituzte, aukera jakin batzuk bideraezin bihurtuz. Aldi berean, familia autoktonoek atzerritarrak biltzen dituzten eskolak saihesteko edo uzteko joera dute, WF fenomenoa sustatuz (Córdoba et al., 2020).

Horrez gain, zenbait azterlanek azpimarratzen dute atzerriko familiek edo gutxiengo etnikoetako familiek zeregin garrantzitsua izan dezaketela ikasle hauek eskola jakin batzuetan pilatzerakoan, hots, auto-segregazio-praktikak aipatzen dira (Córdoba et al., 2020).

Beraz, segregazioak (sozioekonomikoak edo bestelakoak) hezkuntza-sistemaren eraginkortasunean, kalitatean, zein ikasleen aukeretan eragin kaltegarria izan dezake, baina, horrez gain, eskola-bereizketa garrantzitsu batek murriztu egin dezake familien aukeratzeko gaitasuna, eta denboran eutsi (Ferrer eta Gortazar, 2021).

Edonola ere, badaude klase ertainetan oinarritutako ikerketa akademikoak non WF fenomenoaren aurkako mugimenduak aurkitu diren. Adibidez, Víctor Orellanak (2018) eta Linn Posey-Maddoxek (2014) hainbat lanetan oinarrituta (Billingham eta Kimelberg 2013; Butler eta Robson 2003; Cucchiara 2013; Cucchiara eta Horvat 2009; Karsten 2003; Kimelberg eta Billingham 2013; Posey-Maddox 2012; Reay et al., 2008; Stillman 2012) ondorengoa ondorioztatu dute: maila ertaineko zenbait hiri-familiek eskola publikoa aukeratzen dute, besteak beste, i) bere ideologia politiko aurrerakoiagatik ii) lan-merkatuan izandako aldaketekin bat etorri nahiko luketelako eta iii) bere auto-identifikazioagatik (hau da, hiritar urbanoak, kultura anitzekoak, aniztasun soziala baloratzen dutenak direlako). Azalpen hau aintzakotzat hartuz, lan honetan kultura-aniztasunaren defentsa ezkerreko balore moduan sailkatu dugu.

2. Helburuak eta ikerketa galderak

Ikerketa honen helburu nagusia WF aurkako fenomenoa Euskal Herrian aztertzea da. Horretarako, beren burua ezkertiar eta klase ertainentzat jotzen duten gurasoek beren seme-alaben ikastetxea hautatzerakoan zein argudio erabiltzen zuten arakatu nahi da.

Horrekin batera, gurasoen erabakietan ideologiak duen eragina azaltzeko, berrikusitako literaturak (Orellana, 2018) iradokitzen duen bezala, identitateak duen pisua, bereziki dimentsio politikoan, eskola-hautuaren azterketan, ikertu nahi da.

Ikerketa-galderak hauek dira:

1. Gaur egun eskola-inklusioa eta -segregazioa euskal eremu politiko-administratiboan agertzen den kezka da?

2. Zeintzuk dira ikastetxea hautatzeko gurasoek erabiltzen dituzten arrazoiak? Eta, zehazki, zein pisu daukate ikastetxeetako hezkuntza-metodologia eta gurasoen ideologiak?

3. Herriko bi ikastetxeak D eredukoak izanik, ikastetxe hautuan euskarak nolabaiteko eragina ba al dauka?

4. Gaur egungo D eredua besterik ez duen herri batean posible al da WF-en aurkako fenomenoa topatzea? Eta, hala bada, Posey-Maddol et al.-ek (2014) azaltzen diguten terminoetan, hots, eskola publikoaren aldeko hautua klase ertaineko gurasoek ideologia politiko aurrerakoiaren baloretatik egiten dute?

3. Metodologia

3.1. Hautu metodologikoa

Aipatutako helburua erdiesteko eta ikerketa-galderei erantzuna emateko, metodo kualitatiboa hautatu dugu zeina Gizarte Zientzietan ikerketa zientifikoa egiteko sortutako berezko metodoa den. Metodo kualitatiboarekin, besteak beste, ikergaia barrutik aztertzen da, protagonistei hitza emanez eta beraien azalpenak gertakaria ulertzeko oinarritzat hartuz. Abiapuntu moduan errealitate soziala eraikia dagoela hartzen da, hots, produktu sozial bat dela eta, beraz, gutako bakoitzak esanahia ematen diola eraikuntza horri (Kvale, 2011). Beraz, ikerketa hau aurrera eramateko interpretazio-paradigmatik abiatu ginen. Interpretazio-paradigma metodo kualitatiboan oinarritzen da eta gertaeren zuzeneko interpretazioa balioztatzeko baliagarria da (Navarro et al., 2017).

3.2. Kasu-azterketaren ezaugarriak

Kasu-azterketa kolektiboa egitea hautatu genuen aztertutako fenomenoaren konplexutasunak sakontasun gehiagorekin hautemateko. Navarrok et al.-en arabera (2017), kasu-azterketa estrategia etnografikoak erabiltzen dituen metodo bat da, gizarte-egoerak aztertzeko. Metodo honen helburua gertaera bat sakon ulertzea da, kasu edo kasu horien berezitasunean dauden dimentsio eta erlazio ugariak jabetuz. Simons (2013) egileak Stake (1995) egilearen lanean oinarrituz hiru azterketa mota ezberdintzen ditu: intrintsekoa, instrumentala eta kolektiboa. Azken honek kasu-azterketa batzuk kontuan hartzen ditu aztergaiaren interpretazio kolektiboa egiteko (Simon, 2013).

Ikerketa hau aurrera eramateko kasu-azterketa koletiboa erabili dugu. Honek deskribapen trinkoak eta aberatsak ematen ditu, auzia interpretatu eta teorizatuz. Horretarako kontzeptu kategoriak garatzen dira, dauden aurrekari teorikoak erakusteko, berresteko edo haiekin alderatzeko.

Ikergaiaren lanketa sinkronikoa izan zen, hain zuzen, parte-hartzaileek informazioa eman ziguten eta araudi ofizialaren sorkuntzaren denbora tartera mugatuz (2022-24 urteetara). Horrela, ikerketaren prozesua hau izan zen: agiri ofizialen azterketa, elkarrizketa sakonak bideratzea, diseinatzea, transkribatzea, aztertzea eta kodifikatzea.

Ikastetxeen hautua aztertu ahal izateko, gurasoei egiteko hiru galdera hauek presatu eta erantzunak arakatu genituen:

— Zeintzuk esango zenuke direla zure ikastetxearen indarguneak?

— Eta ahulguneak?

— Zergatik hautatu zenuten ikastetxe hau eta ez bestea?

3.3. Kasu-azterketaren ezaugarriak

Elkarrizketak egin aurretik galdetegi bat eskuz betetzea eskatu genien hurrengo datuak biltzeko: jaioterria, jaiotako urtea, maila sozioekonomikoa (autobalorazioa), politikoki ezker-eskuin ardatzean (0tik 10era) duten autopertzepzioa eta euskararen ardatzean (0tik 10era) euskaltzaletasunari buruz duten autopertzepzioa. Datu bilketa honen helburua ideologia politikoak eta maila sozialak, ikastetxe hautaketan eragina zuen ala ez aztertzea zen. Era berean, txikitan zein ikastetxeetan ikasi zuten galdetzen zitzaien. Datu honen bitartez WF mugimendua antzematen zen ala ez ikusi nahi genuen.

NVivo Release 1.7.1 programa baliatuz, parte-hartzaileak kategorizatu eta atributuen arabera sailkatu genituen eta ezizenen bitartez kodifikazioa burutu genuen (ikusi 1. taula). Kategoriak honakoak dira (parentesien artean atributuak): hautatutako tokia (Eskola publikoa eta Ikastola), ideologia edota pentsamendua (0-tik 10erako ardatz batean bere kokapena erabaki behar zuten, 0 muturreko ezkerra izanda eta 10 ultraeskuina. 0-3 bitartean ezkertiar moduan sailkatu genituen eta 4-6 bitartean, zentrokoa. Inork ez zuen idatzi 6 baino gehiago, beraz, eskuina ez da agertzen), generoa (aukera librea zen idazteko), jaiotze lekua (beraiek idatzi zuten eta sailkapena guk egin genuen: Herrian, Euskal Herrian edo atzerrian), maila soziala (autopertzepzioa, beraiek idatzitakoa) eta jaiotze urte (sailkapena guk eginda, hiru tramotan: 40 urte baino gutxiago, 40 eta 50 artekoa eta 50 baino gehiago).

Horrela, lan hau osatzeko bederatzi guraso elkarrizketatu genituen, lau eskola publikokoak eta beste bostak Ikastolakoak. Orotara, lau ama eta bost aita. Ezker-eskuin ardatzean ez zitzaigun inor 6-10 tartean agertu eta bi gurasok bere burua zentroan kokatu zuten (4-6 bitarteko puntuazioetan). Beste guztiak ezker ardatzean kokatu genituen, beraien buruari 0-3 bitarteko puntuazioa eman baitzioten. Euskararen ardatzean denak agertu ziren euskaltzale moduan, 6 edo gorako puntuazioekin, eta, beraz, ez genuen kategoria moduan sailkatu. Parte-hartzaile guztiak euskaltzaletasun (euskarekiko atxikimendu) ikuspegi batetik abiatzen zirela ontzat eman genuen.

Bukatzeko, parte-hartzaileen eragozpenak ahalik eta gehien gutxitu nahian, beraien, udalaren zein eskualdearen izen guztiak pseudonimoekin erabili genituen. Herriaren izena Arrieta izengoitiarekin ordezkatu genuen.

1. taula
Guraso parte hartzaileak eta ezaugarriak

Ezizena

Tokia

Ideologia

Generoa

Jaiotze lekua

Maila sozio-ekonomikoa

Adina

Janire

Ikastola

Ezker

Emakume

EH

Ertaina

40-50

Jakes

Ikastola

Ezker

Gizon

EH

Langilea

40-50

Jokin

Ikastola

Ezker

Gizon

EH

Ertaina

+ 50

Julene

Ikastola

Zentro

Emakume

Herria

Ertain altua

–40

Jugatx

Ikastola

Zentro

Emakume

Atzerria

Ertaina

40-50

Urko

Publikoa

Ezker

Gizon

Herria

Ertaina

40-50

Urtzi

Publikoa

Ezker

Gizon

Herria

Ertaina

40-50

Ugazi

Publikoa

Ezker

Emakume

EH

Ertaina

40-50

Unai

Publikoa

Ezker

Gizon

EH

Ertain altua

–40

3.4. Datuak lortzeko erabilitako teknikak

Bi teknika erabili dira datuak lortzeko. Alde batetik, azken urteotan Eusko Legebiltzarrean eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailean onartu diren hainbat dokumentu ofizialen berrikuspena eta, bestetik, egindako banakako elkarrizketa sakonak, 40 minutu ingurukoak, kasu bakoitzean.

Parte-hartzaileak bilatu aurretik, EHUko Gizakien eta hauen lagin eta datuekin egindako ikerketei buruzko etika batzordeari baimena eskatu eta aldeko txostena jaso genuen, M10_2022_003 kodea duena. Baimenarekin, herriko bi ikastetxeren zuzendaritzarekin harremanetan jarri ginen eta ikerketa azaldu ondoren, Etika Batzordeak eskatzen duen bezala eta objektibotasun handiagoa bermatzeko, gurasoen errekrutatzea beraiek egitea eskatu genien. Generoaren aldetik orekatua izatea eta Arrietan zein Arrietatik kanpo jaiotakoak izatea iradoki genien. Ikastolako zuzendaritzak gurasoak bilatu zituen. Eskola Publikoko gurasoak, berriz, Ikasleen Gurasoen Elkarteak errekrutatu zituen.

3.5. Ikerketa faseak

2022ko urtearen bukaeran elkarrizketen diseinua burutu genuen. 2023ko urtarrilean EHUko Etikako Batzordeari baimena eskatu eta otsailean jaso genuen. 2023ko udaberrian elkarrizketa guztiak burutu genituen eta udan transkribatu genituen. Gehienak euskaraz izanda, transkribatzaile automatikorik gabe idatzi behar genituen. 2023 bukaeran NVivo Release 1.7.1 software bitartez lehendabizi parte-hartzaileak kodifikatu genituen (ikusi 1. taula) eta gero elkarrizketak irakurri, aztertu eta kodifikatu genituen.

Elkarrizketak kodifikatu aurretik, NVivo programari esker elkarrizketa guztien hitzen zenbaketa burutu genuen, tokia (Ikastola edo Publikoa) kategoriaren arabera sailkatuta. Horretarako, hitz hutsen zerrenda osatu ondoren, elkarrizketa guztien hitzen zenbaketa (hitzaren gutxieneko hizki kopurua n = 4) egin genuen (ikusi 2. eta 3. irudiak). Honen helburua guraso talde bakoitzak gehien erabilitako hitzen irudi azkarra lortzea zen eta ikustea ea ezberdintasunik topatzen genuen.

Aipatzekoa da NVivok euskara ez zuela aintzakotzat hartzen eta ez zigula lan egiten uzten, adibidez, hitz eratorriekin. Hortaz, arazo eta arazoa; euskara eta euskaraz; ikastetxe eta ikastetxeen... batera prozesatzeko aukera ez zuen ematen eta hitz desberdin moduan tratatzen zituen. Diskurtsoetan euskarak hartu zuen pisua ikusirik eta argazki osatuago izateko, euskaren hitz eratorrien (eusk?ra*) bilaketa egin genuen eta hitzen zuhaitza osatu genuen (ikusi 4. eta 5. irudiak).

Elkarrizketak aztertzean, gurasoen erantzunak arakatu genituen, alde batetik, ikastetxe bata edo bestea hautatzeko momentuan erabilitako argudioak zeintzuk ziren jakiteko eta alderatzeko. Bestetik, hautatutako hezkuntza zentroari zer-nolako indargune eta ahulgune ikusten zizkieten azalarazteko. Datuak ulergarriago agertzeko, erantzun horien esanahiak sintetizatu, alderatu eta multzokatu genituen (ikusi 2., 3. eta 4. taulak).

NVivoren laguntzarekin testuaren kodifikazioa burutu genuen. Behin-behineko kodifikazioa hau izan zen: Arazoa, euskara, ezkerreko baloreak, hurbiltasuna, kultura-aniztasuna, hezkuntza-metodologia eta militantzia. Kodifikazioa zerbait dinamikoa izanik, artikulu hau idaztean kodifikazioa findu genuen eta ezkerreko baloreak, hurbiltasuna, kultura-aniztasuna eta militantzia hurbiltasun ideologiaren kategoria berrian fusionatu genituen. Horrela, errazago ikusi ahal dugu ikerketa-galderetan planteatutako ideologia eta hezkuntza-metodologiaren arteko harremana. Azken kodifikazio hau burutu ondoren, ideien azterketari, sintetizatzeari, emaitzak aurkezteari eta ondorioak ateratzeari ekin genion.

Ikerketa fase guztiak era eskematiko batean 1. irudian ikus daitezke.

01-03_fig_Asenjo_TANTAK35-2.png 

1. irudia
Ikerketaren faseen eskema

3.6. Kategorien azalpena

Aztergaiaren ulermena fintzeko beharrezkoa da kategoriak sortzea. Kategorizazio prozesua funtsezkoa da datu kualitatiboen analisirako (Na­varrok et al., 2017). Sei kategoria sortu genituen. Tokia, ideologia eta maila soziala kategoriak sortzea ezinbestekotzat jo genuen literatura akademikoak WF-en aurkako fenomenoari buruz esaten zuena gure kasu-azterketan agertzen zen ala ez ikusteko. Jaiotze lekua kategoria oso aproposa iruditu zitzaigun ikusteko ea desberdintasunik dauden bertan jaio eta jaio ez zirenen artean. Adina eta generoa kategoriak ere oso ohikoak izaten dira hau bezalako ikerketetan eta datu hauek jasotzeko erraza izateaz gain, konparaketak egiteko interesgarriak gerta daitezke.

4. Emaitzak

Bi eremuetako emaitzak erakutsiko ditugu. Batetik, azken urteotako eremu politiko-administratibokoak eta, bestetik, gurasoei egindako elkarrizketetatik eratorritakoak. Parte-hartzaileek betetako fitxen arabera elkarrizketatu guztiak euskaltzale eta klase ertain moduan definitu ziren eta Eskola Publikoko guraso guztiek ezkertiartzat jo zutela beraien burua (ikusi 1. taula).

Aipagarria da Arrietako guraso guztiek, Ikastolako edo Eskola Publikokoak izan, txikitan Ikastolan ikasi zutela. Honek ez du frogatzen Arrietan WF fenomenorik ez dagoenik, beste ikerketa soziologiko sakonago bat beharko zen, baizik eta gure ikerketaren bitartez hori baieztatzeko daturik ez dugula.

4.1. Eremu politiko-administratiboaren emaitzak

Azken bizpahiru urte hauetan eskola-inklusioren eta -segregazioaren gaiak eremu politiko-administratiboan hartu duen zentralitatea aipatu behar dugu: Eusko Legebiltzarrean 2022ko apirilean 7an erdietsitako itunak segregazioa du ardatz, eta hainbat neurri proposatzen ditu berau gainditzeko. Horrela, «segregazio» hitza 14 aldiz agertzen da, eta haren ekitatea eta segregazioaren aurkako borroka da itun horretan jasotako Jarduketa-planaren barruan lehen jarduera-lerroa. Akordioaren arabera, arrazoi sozioekonomikoengatik edo bestelako arrazoiengatik ikasleak banantzea saihesteko neurriak hartuko dituzte (Eusko Legebiltzarra, 2022).

2023ko abenduaren 21ean, erakunde berean, 17/2023 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzarena onartu zen. Lege honek segregazioaren aurkako eta eskola inklusiboaren aldeko borroka mantentzen du ardatz moduan. Bertan, inklusi* sarrerarekin 30 hitz agertzen zaizkigu, aniztasun*-arekin 23, kohesio*-rekin 18 eta segrega*-rekin 9. Nahiz eta azken aukera honekin hitz kopuru txikiena agertu, Legearen hirugarren xedapen gehigarriak aipamen zuzena egiten dio eskola-segregazioaren aurkako itunari. Hitzez hitz horrela dio: «Eusko Jaurlaritzan hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak elkarrizketa aktiboko prozesu bat abiaraziko du hezkuntza-komunitatearekin, eskola-segregazioaren aurkako itun bat lortzeko» (17/2023 Legea).

Denbora tarte berdintsuan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 2022ko azaroaren 11n 2023/2024 ikasturterako Ikasleak Onartzeko eta Eskolatzeko Dekretu berria onartu zuen. Bertan, segregazioaren kontra borrokatzeko neurri berri batzuk hartzen dira. Adibidez, ikasle zaurgarriak eskolatzeko plazak erreserbatzea, zaurgarritasun indizea sortzea edota familiek egin zezakeen eskaera bakoitzeko ikastetxe kopuru mugagabea izatea.

Hezkuntza Sailak 2023ko abenduan dekretu berria onartu du eta aurreko dekretuaren berrikuntzei bat gehitzen zaie: hasierako maila eskatzen dutenek plaza eskuratuko dute neba edo arrebaren bat matrikulatuta daukaten ikastetxean.

Bukatzeko, Hezkuntza Sailak eskatuta, eskola-segregazioan adituak diren Xavier Bonal Gerard Ferrer eta Adrián Zancajo unibertsitateko irakasleek egindako Desberdintasun Sozioespazialak Euskadiko Hezkuntzan txostena aipatu behar dugu. Bertan, EAEko erradiografia sakon bat agertzen da eta eskola-segregazioa gainditzeko hainbat ekimen eta proposamen luzatzen dira. Txosten horretan oinarrituta hainbat neurri sartu dira 17/2023 Legean. Egileen esanetan, txostena horrela ulertu behar da «Hezkuntza Sailak bultzatutako hezkuntzako plangintza-proposamen berriak oinarrian dituen ereduak testuinguruan kokatzen ditu. Halaber, etorkizunerako beste erreforma-lerro batzuk iradokitzen dira, ekitatearen aldeko hezkuntza-plangintzako eredu bat garatzeko» (Hezkuntza Saila, 2023).

Laburbilduz, 2022az geroztik, eremu politiko-administratiboan eskola-inklusioa eta -segregazioa ardatz duten bi dekretu, txosten bat, hitzarmen bat eta lege berri bat topatzen ditugu.

4.2. Gurasoen diskurtsoetan gailentzen diren ideiak

Arrietako errealitate zehatzera etorrita, gurasoei egindako elkarrizketatik jasotako emaitzek aurkeztuko ditugu. NVivoren bitartez egin genuen gehien errepikatzen diren hitzen bilketa erakutsiko dugu, diskurtsoetan pisu gehiago zeukaten ideiak azalarazteko.

Esanahirik ez duten «zeozer, hitz» eta «eduki» hitzak kenduz gero, guraso talde bakoitzak gehien erabilitako 10 hitzen artean 6 hauek errepikatzen dira bi taldeetan: Eskola, hezkuntza, egoera, herrian, herri eta ikastolan. Euskal, publikoa, guraso, Arrietan hitzak bakarrik Publikoko gurasoen artean agertzen diren arren, Ikastolakoen euskara, Ikastola, familia eta herria parekatu genitzake. Gehien erabilitako 10 hitzen artean bi daude Publikokoek bakarrik erabiltzen dituztenak: desoreka eta jatorria eta bakarra Ikastolakoen erabilitakoa: egia. Azpimarratzekoa da bi taldeek egoera hitza erabili arren, bakarrik Ikastolakoek arazoa aldaera erabiltzen dutela (ikusi 2. eta 3. irudiak).

02-03_fig_Asenjo_TANTAK35-2.png 

2. irudia
Ikastolako gurasoek gehien errepikatutako hitzak

03-03_fig_Asenjo_TANTAK35-2.png 

3. irudia
Eskola Publikoko gurasoek gehien errepikatutako hitzak

2. eta 3. irudian agertzen diren hitzek bi ikastetxeetako gurasoek gaia oso ondo mugatuta dutela erakusten dute: herriko ikastetxeetako hezkuntza auzi baten aurrean gaude eta errealitate berari buruz hitz egiten ari dira hitz berdintsuak erabiliz. Edonola ere, ezberdintasunak ere esanguratsuak dira: Gertaera azaltzeko Publikokoek arazo hitza ez dute erabiltzen, Ikastolakoek egiten duten bitartean, eta desoreka zein jatorria aipatzen dute, Ikastolakoek erabiltzen ez duten bitartean.

Bestaldetik, euskarak diskurtsoetan daukan garrantzia sakontasun gehiagorekin aztertzeko, euskara hitzaren aldaerak arakatu genituen eta esamolde hauek topatu genituen: Euskara, euskaraz, euskarari eta euskaren. Orotara, Ikastolako gurasoen artean 34 aldiz eta Publikokoen artean 43 aldiz zenbatu genituen.

Komunitate bakoitzaren barruan euskara hitzaren zuhaitza eginda, Eskola Publikoko gurasoen artean ere euskara hitzaren aldaerekin eragite gehiago agertu ziren Ikastolakoekin baino.

04-03_fig_Asenjo_TANTAK35-2.png 

4. irudia
Euskarari buruzko hitzen zuhaitza Eskola Publikoko elkarrizketetan

05-03_fig_Asenjo_TANTAK35-2.png 

5. irudia
Euskarari buruzko hitzen zuhaitza Ikastolako elkarrizketetan

4.3. Ikastetxeen indarguneak eta ahulguneak

Hurrengo lerroetan, gurasoen aburuz zeintzuk diren ikastetxe bakoitzaren indargune eta ahulguneak erakutsiko ditugu.

4.3.1. Eskola Publikoarenak

Eskolako publikoko gurasoek beraien eskolaren indarguneak, nagusiki, kultura-aniztasunarekin lotzen dute. Publikoko parte-hartzaile guztiek aniztasuna balore positiboekin lotzen dute. Adibidez, Unaik horrela azaltzen du:

lagun artean askotan komentatzen dudana, eh, gero eta mundu globalago batean bizi gara eta eskola hau globalizazio horren eredu oso garbia da. Kultura ezberdinetako jendea dago eta nik uste dut gaur egungo mundu honetan beharrezkoa dela horrelako ezaugarriak dituen toki batean ikastea.

Eskola Publikoko guraso guztiek eskolako proiektu pedagogikoa (irakasteko metodologia izan, hezkuntza sistema izan edo irakasle konprometituak direla izan) indargune moduan identifikatzen dute. Unairen esanetan, «Ate irekiak egin zirenean etorri ginen ikustera eta orduan ya irakasleak eta gehiago azalduta eta gehiago ikusi genuen eta sistema bera ere nik ikasteko erabili nuen sistema baino aproposago eta egokiagoa zela iruditu zitzaidan».

Aipatzeko, baita ere, Gurasoen Elkarteari ematen dioten garrantzia. Bi gurasoek aipatzen dute iruzkin berdintsuekin. Urkoren esanetan «eta gero aurkitutako jendea, guraso-taldean aurkitutako jendea, ba oso jende jatorra, oso jende potentea. Eta, bueno, hor sortu dugu oso talde polit bat. Nik uste dut hori indargune oso potente bat dela, ez?»

Urtzik aipatzen duen beste indargune bat urte bukaerako bazkarian jatorri desberdinetako gurasoak elkartzea da «urtero ekainean egiten dugu, eta ba 750 komunitate kide elkartzen gara bazkaltzeko frontoian, eta hor ba komunitate kide eta jatorri desberdinetako familiek laguntzen dute».

Ahuleziak edo gabeziak komentatzeko momentuan, gehien errepikatzen den hitza «desoreka» da. Desoreka, bere alderdi anitzekin: jatorriarena, euskararen ezagutza zein sozioekonomikoa. Urkok desoreka sozioekonomikoa aipatzean eskolatik kanpo duen eragina ere nabarmentzen du:

Eta zer esanik ez egoera sozioekonomikoa [...] eta, klaro, horrek sortzen du baita polarizazio bat ez? eta hori nabari da bai, irteerak egiten direnean, nabaria da eskola-kirola planteatze, planteatzerako orduan, nabari da herriko plaza jolasterakoan, nabari da kirola, kirol federatuan edo egiterakoan edo kultur eskaintzan parte hartzekoan edo aisialdian parte hartzekoan, eta abar, eta egun horrek arazo handi bat sortzen du eskolaren barruan, baina gero eskolatik kanpoko bizitzan, elkarbizitzan ere arazo handi bat sortzen du. Orduan, nik esango nuke ahulezi nagusiena dela desoreka larri hori.

Eraikinaren egoera txarra ere bada askotan errepikatzen den beste gabezi bat. Unairen esanetan, «eskola honek berritze fisiko bat behar du». Ugaziren aldetik, berriz, gabezi horiek aipatzeaz gain, beste batzuk mahai gainean jartzen dira. Adibidez, iruditzen zaio «beste ahulgune bat dela herri mailan ere bai aitortza falta dagoela» eta «gutxiespen puntu bat badagoela».

Bukatzeko, kultura-aniztasuna agertzen zaigu. Lehen indargunean sailkatu badugu ere, gurasoek indargune eta ahulgune moduan ikusten dute. Indargune moduan aberastasun iturria delako baina ahulgune moduan, batetik, herriaren islada orekatua ez delako eta, bestetik, kudeaketa konplexuago eskatzen duelako, adibidez, umeak euskalduntzeko. Ugazik berak esaten du «aniztasuna indargune eta ahulgune moduan, biak» dela eta euskarari aipua egiten dio esanez «euskara eta euskalduntzerako zailtasunak» dakartzala. Urkok ere gaiari horrela eusten dio:

euskararekiko ere, puf, izugarria da ze Haur Hezkuntzan, esaterako, ba, zuk 15 ikasle baldin badituzu, 15 ikasleetatik 12 jatorri atzerritarreko baldin badira, eta beste 3etatik soilik batek etxean euskara daukate hizkuntza bezala, ba ez dago masa kritikorik euskalgintzako orduan esfortzua titanikoa da osea, irakasleek egiten duten esfortzua edo hor egin behar den esfortzua ba izugarria da, ez?

2. taula
Eskola Publikoko Gurasoen Aipatutako Eskolako Indarguneak eta Ahulgunak

Indarguneak

n

Ahulguneak

n

Kultura-aniztasuna

4

Desoreka(k)

4

Metodologia

3

Eraikinaren egoera txarra

3

Publikoa izatea

2

Kultura-aniztasuna

3

Gurasoen elkartea

2

Euskara gutxi

2

Irakasle konprometituak

1

Eskolaren aitortza sozialik ez

1

Hezkuntza sistema ona

1

Gurasoen Elkartean kanpoko jatorriko kiderik ez egotea

1

Ikasle gehien euskalduntzen duena

1

Gurasoen parte-hartzea handiago izan daitekeela

1

Ikasturteko amaierako festan parte hartze handia

1

 

 

Oharra: n = guraso kopurua.

4.3.2. Ikastolarenak

Ikastolako gurasoek gehien errepikatzen duten indargunea hurbiltasuna da. Hurbiltasuna, sentsu zabalean ulertuta: fisikoa, baloreena, filosofiarena edo ideologikoa, lagunak edota familia bertan dagoela. Julenek horrela azaltzen digu «azkenean ikusi nuen gure familientzako eta gure baloreekin gehiago bat zetorren ikastetxea, ikastola zela».

Beste multzo batean euskarari buruzko azalpenenak sartu ditugu. Jokinek, adibidez, euskara eta euskal kultura lotzen ditu indarguneak azaltzeko momentuan. «Beno, ba nik uste dut hemen gure eh, euskarari ematen zaion indarra, lehenengo gauza, eta gero ba bertako, bertako problematikak eta gauzak lantzen dituela, ez? Hemengo kulturari buruzko gauzak».

Publikoko gurasoek bezala, Ikastolakoek metodologian eta irakasleen lanean ere ikusten dute indargune bat. Jugatxek, adibidez, horrela azaltzen digu bere ikuspegia:

lo que veo yo es que tienen un trato individual con los alumnos. Lo que está bien, ¿no? porque se adapta a las necesidades que tiene cada alumno. Y, bueno, es que están bastante abiertos para las cosas, ¿no? Y te explican las cosas y están en contacto contigo, no están un poco. Como que formamos un equipo, ¿no?

Jokinek ondo baloratzen ditu Ikastolak dituen baliabideak eta herrian oso errotua dagoela. Azken hau, agian, «hurbiltasun» multzoren barruan, sailka genezake.

Ahulguneei begira, errekurtso gehiagoen beharra eta ratio altuak dira gehien aipatzen direnak. Janirek dion moduan, «gauza piloa daude hobetzeko, bai, baina falta dena da errekurtsoak. Azkenez, ba, gure ratioak oso altu dira gure eh, azkenean bete-beteta daude klaseak, irakasle daude gaindituta»

Bestaldetik, historikoki izan diren Ikastolako balore batzuen galera, esentzia bera, ikastetxe handiegi bilakatu dela, inpertsonalagoa dela eta desideologizazioa aipatzen dira gabezi moduan. Jakesek horrela laburbiltzen du: «beno, bi hitzetan esanda, desideologizazio bat edo eman dela eta, nire ustez, kaltetarako da». Bukatzeko, Julenek ahulezien artean kultura-aniztasun txikia azpimarratzen du: «bai iruditzen zait ez daukagula aniztasuna handia ikasleon artean».

3. taula
Ikastolako Gurasoek Aipatutako Indarguneak eta Ahulguneak

Indarguneak

n

Ahulguneak

n

Hurbiltasuna

3

Balore batzuen galera

2

Metodologia

2

Ratioak oso altuak

2

Euskarari ematen zaion indarra

2

Errekurtso eta giza baliabide gehiagoen beharra

2

Baliabide materialak

1

Ikastetxe handiegia

1

Herrian oso errotua

1

Esentziaren galera

1

 

 

Aniztasun txikia

1

Oharra: n = guraso kopurua.

4.4. Ikastetxearen hautuaren ezaugarriak

Ikastetxe hautuaren zergatia galdetuta, Eskola Publikoko guraso guztiek desorekari aurre egiteko erantzuten dute eta hiruk publikoa delako. Urkoren erantzun honek biltzen du lau elkarrizketetan jasotakoa:

«Bat, alde batetik eskola publikoa izateak pisu handia izan zuen eta, bestalde, baita herriko errealitatea kontutan hartzeak ere pisua izan zuena. Ba, herrian, bueno, oso desoreka, desoreka handia dagoelako, eta desoreka horiek, jatorriaren baitakoa izateaz aparte, euskararen baitakoak ere badirelako, eta sozioekonomikoak ere badirelako. Orduan, horretan hainbesteko desoreka egonda ba bai, bikoteari eta bioi, ba, aukera egoki bat iruditu zitzaigun desoreka horretan, ba, orekatze-puntu bat jartzeko ahalegina egitea».

Beste erantzun batzuk karga ideologiko handia ere badute, hala nola, bertako egoera iraultzeko, erabaki politika hartu zuela (Ugazik) ala sinesmen eta militantziagatik (Urtzik). Unaik ere metodologia aipatzen du baina, beti ere, publikoa izatearen argudioaren atzetik: «sistema bera ere nik ikasteko erabili nuen sistema baino aproposago eta egokiagoa zela iruditu zitzaidan eta hori esan dezagun sekundarioa izan zela baina horrek ere pisua eduki zuen baina inportanteena eta garrantzitsuena publikoa zela horrek dakarren guztiarekin».

Ikastolaren hautuari dagokionez, hurbiltasuna da, bere aldaera guztiekin, gurasoek gehien errepikatzen duten argudioa. Jakesek horrela esaten digu:

«garrantzitsuena nik esango nuke emozionala. Esperientzi hori guk gure umeentzako nahi genuen esperientzia gutxienez antzekoa izatea. Irakasleak ezagutzen ditugu, komunitatea ezagutzen dugu, bikotearen ama ere hango langilea da [...] inguruko jende gehienak harantz eramaten du orduan, nirea sentitzen dut komunitate hori ba gehiengoa bertan dago».

Kasualitatea, negoziazio baten fruitua izan zela Jokinek komentatzen digu, izan ere, berak Ikastola nahiago zuen eta bere bikoteak publikoa. Aipatu gabe ezin dugu utzi Jugatxen azalpena, berak ez baitzuen hautatu, berak publikoan eman zuen izena baina administrazioak Ikastolara bidali zuen. Jugatx etorkina da. Horrela azaltzen du:

«la escuela pública, iba ahí con los papeles y todo, mi hijo tendría que entrar en el primero de primaria. Y de ahí dejé todos los papeles que me llamarán. Después me enviaron un email como que tengo que ir a la Ikastola. Yo no entendí porque no me dieron explicación, yo simplemente fui a la Ikastola».

Eskola Publikoaren gurasoek gehien erabiltzen duten argudioa desorekari aurre egiteko da (guraso guztiek), gero publikoa delako (3 gurasok) eta behin agertu ziren argudioak metodologia, sinesmen eta militantzia eta erabaki politikoa izan zela. Ikastolako gurasoei dagokienez, gehien erabiltzen den argudioa hurbiltasunaren multzoa da (4 gurasok). Behin agertzen dira euskara, negoziazioa (batek Ikastola nahiago zuen, besteak Publikoa) edo administrazioaren hautua (ikusi 4. taula).

4. taula
Bi ikastetxeetako Gurasoen Eskola Hautaketaren Argudioen Sintesia

Eskola Publikoko gurasoak

 

Ikastolako gurasoak

 

Zergatik Eskolaren hautua?

n

Zergatik Ikastolaren hautua?

n

Desorekari aurre egitekoa

4

Hurbiltasunaa

4

Publikoa delakoa

3

Euskara

1

Eskolako metodologiagatik

1

Negoziazioa

1

Sinesmen eta militantziagatika

1

Hautaketa ez, administrazioaren erabakia

1

Erabaki politikoaa

1

 

 

Oharra: n = guraso kopurua.

a Arrazoi hauek hurbiltasun ideologiko kategoriaren barruan sailkatuta daude.

Emaitza hauek erakusten dute hezkuntza-metodologia guraso gehienek (n = 5) ikastetxeko indargune moduan definitu arren, beraien ikastetxearen hautua azaltzeko momentuan garrantzia galtzen duela eta guraso bakar batek aipatzen du. Gainera, guraso honek 2. mailako argudioa zela azaltzen digu.

Hurbiltasun ideologikoaren kategoriaren barruan sailkatuta dauden beste argudioak Eskola Publikoko guraso guztiek eta Ikastolako lauk erabiltzen dituzte.

5. Eztabaida eta ondorioak

Nahiz eta eskola-inklusioan eta -segregazioan matrikulazioaren azken bi dekretuen eragina hurrengo urteotan ikusiko den, Eusko Legebiltzarrean (2023 eta 2022) eta Hezkuntza Sailak (2023, 2020, 2019a, 2019b eta 2018) azken urteotan ondutako legediak erakusten du auzi hau agenda politikoan egon badagoela eta gurasoen ikastetxe hautaketari eragiten diola.

Bestaldetik, herriko Ikastolako gurasoen aldetik iraganarekiko nolabaiteko nostalgia igartzen da, antza, Ikastolaren «esentzia» galdu egin delako. Bestalde, elkarrizketatutako herriko guraso guztiak, Eskola Publikokoak zein Ikastolakoak, ikastolan ikasitakoak direla kontuan izanik ikastolako guraso hauen gogoetak, Eskola Publikoko Urtziren gogoeta honekin lotu genitzake: «etxetik gurasoetatik eta borroka-grina hori, nik uste dut, ba, injektatu ziguten. Beraiei beste borroka-mota batzuk tokatu zitzaizkien, politikoak ere, baina orain, guri, ba, esango nuke borroka soziala edo». Horrenbestez, Arrietan garai batean Ikastolaren aldeko gurasoen hautu militantea izan zitekeena gaur egun Publikoaren aldeko hautua egiten duten gurasoen militantzia izan daitekeela ondorioztatu daiteke.

Oro har, gurasoek ematen dituzten Eskola Publikoaren aldeko hautuaren azalpenak aztertzen ditugunean, ikusten dugu oso diskurtso landua dutela, koherentea, militantziarekin bustia eta beraien umeentzat onena dela defendatzearekin batera, Arrietako jendartearentzat ere ezinbestekoa dela argudiatzen dutela, gizarte kohesio ikuspegi batetik zein euskaltzaletasun ikuspegi batetik.

Gainera, euskarari aipua egiten diotenean, ez da beraien seme-alabentzat erabaki erosoena izan zitekeelako baizik eta ikuspegi soziolinguistiko batetik euskararen ezagutza eta erabilera herrian zabaltzeko. Beraien azalpenen arabera, Arrieta etorkizunean euskalduna izateko Eskola Publikoan ikasle euskaldun masa kritiko bat egon behar da, gutxiengo bat eta, antza, hori ez dago bermatuta. Hau da, ideal edo balore sozial batzuen arabera hautua egiten dute.

Ikastolako gurasoen aldetik ere badago euskararen aldeko hautu argia baina, akaso, ikuspegi pertsonalenak izan daitezkeenak gehiago nabarmentzen dira. Hots, beraien umeei esker herria euskalduntzea baino gehiago da beraien umeek izan dezatela testuinguru euskaldun bat, euskaraz eta euskal kulturan heziak izateko. Nolanahi, euskararekiko publikoko gurasoen aldetik ezinegona dena, salatzen baitute ez dagoela masa kritikorik euskalduntzeko, ikastolako gurasoen aldetik ziurtasunaren bilaketa bat da eta ziurtasun hori Ikastolak ematen die. Eskola Publikora familia euskaldun gehiago erakartzea bada helburua, Eskola Publikoan euskara gehiago indartu beharko genuke, eskola-orduetan izan ala eskolaz kanpoko jardueretan izan.

Ondorio nagusiak

Ikerketa-galderen logikari jarraituz, lan honen ondorio nagusiak aurkeztuko ditugu:

1. Eremu politiko-admistratiboari dagokionean. Euskal Hezkuntza Sisteman eskola-segregazioa dagoen errealitate bat da. Azken hiru urteotan auzi honi aurre egiteko Eusko Legebiltzarrean zein Hezkuntza Sailean erdietsi diren itun, lege, txosten eta dekretuek erakusten dute inklusioa ez ezik, eskola-segregazioa ere agenda politikoan dagoen auzi nagusi bat dela. Izena duenak izana du esaera zaharrak dion moduan, duela gutxi arte aipatzen ez zen gaia dagoeneko agenda politikoari bete-betean eragin dion auzia da. Eremu politiko-administratibotik gutxienez 2022tik erantzunak ematen saiatzen ari dira.

2. Ikastetxea hautatzeko arrazoiei dagokionean. Bi ikastetxeetako gurasok aipatu dute hezkuntza-metodologia beraien ikastetxeen indargune moduan baina, ordea, ez ikastetxea hautatzeko arrazoi nagusi moduan. Erakutsi dugun bezala, hurbiltasuna (bere ikuspegi zabalarekin, baloreak, ideologia eta komunitatea sartuta) da ikastetxea hautatzeko gehien aipatu den arrazoia. Beraz, galdetu genezake ea eskola bakoitzeko metodologia faktore determinantea den. Sentsu horretan interesgarriak dira Urtziren hitzak: «Eta gero ba sistemaren ikuspuntutik ere garbi geneukan Ikastolan egon edo Eskola Publikoan egon bi sistemak ba ona izango zirela».

Teresa Aguado haratago doa eta, beste ikerketa batzuetan oinarrituta, (Colectivo IOE, 2003; Villarroya y Escardíbul, 2008; Valiente, 2008) eskola publikoaren eta itunduaren arteko ikasleen banaketak eredu sozioekonomiko argi bati erantzuten diola argudiatzen du. Horrela, «ikastetxe itunduetan errenta, ikasketa-maila eta lanbide-kualifikazio handiena duten familiak eskolatzen diren bitartean, ikastetxe publikoetan maila sozioekonomiko txikia duten ikasleen ehunekorik altuena kontzentratzen da, atzerriko ikasleenarekin batera». Galdera erretoriko moduan galdegiten digu ea banaketa horrek benetan familien aukera askeari erantzuten dion (Aguado et al., 2013).

3. Euskara. Ikastetxeek D eredua besterik ez duten herri batean euskararen gaia nagusia da gurasoen diskurtsoetan zein gurasoen ikastetxea hautatzeko gogoetan. Ikastetxea hautatzeko pisua duen aldagaia da. Ikastolako guraso baten aldetik Ikastolak euskara gehien bermatzen duen zentroa delako eta Publikako gurasoen aldetik herria euskalduntzeko eta desorekei aurre egiteko ezinbestekoa delako. Diskurtsoek iradokitzen digute Eskola Publikoko gurasoek euskara kezkatik bizitzen dutela, Ikastolako gurasoek euskara ziurtasunetik bizi nahi duten bitartean. Eskola Publikoan ikasle euskaldun kopuru txikiak gurasoak kezkatzen ditu eta zalantzak dituzte eskolak ezingo ote dituen ikasle guztiak euskaldundu. Ikastolako gurasoek, berriz, beraien umeei inguru euskaldun eman nahi diete, euskal kulturan eta euskaraz heziak izateko eta ikastolak baino ez omen die ziurtasun hori ematen

4. White flight-en aurkako korrontea eta gurasoen baloreak. Fenomeno hau Euskal Herrian ere ikusgai dugu. Eskola publikoaren aldeko hautua egiten duten eta bere burua maila sozioekonomiko ertainekotzat zein ezkertitzat jotzen duten gurasoak badaude. Hauek eskola publikoaren aldeko defentsa ezkerreko baloreetatik egiten dute. Literatura akademikoan irakurri eta hemen erakutsi dugun modan, guraso hauek eskola publikoaren defentsa ideologia aurrerakoiaren ikuspegitik egiten dute, azpimarra publikoaren defentsan, kultura-aniztasun baloreetan, gizarte kohesioan edota militantzian jarriz.

Baina, are gehiago, Euskal Herrian Eskola Publikoa aukeratzen duten klase sozial ertaineko eta balore aurrerakoiak dituzten guraso hauek euskaren defentsarekin batera egiten dute. Hau litzateke, beraz, euskal aldagaia, literatura akademikoan agertzen ez dena eta kasu-azterketa honetan, bere muga guztiekin, topatu dugun ekarpen nagusia. Euskara, hemengo hizkuntza minorizatua dena, borroka militante honen barruan sartzen den beste faktore bat da. Guraso batzuentzat, gainera, euskaltzaletasuna bilakatzen da Eskola Publikoa hautatzeko argudio nagusia.

Laburbilduz, artikulu honen bitartez hainbat datu ikusgai jarri ditugu, transferi daitezkeenak eta aztertutako literaturak esaten digunarekin bat egiten dutenak. Interesgarria da aipatzea gaur egungo Euskal Herrian ikerketa hau egitean euskara aldagaia ere agertzen zaigula. Horrela, gurasoek Eskola Publikoaren defentsa egitean bertako hizkuntza minorizatuaren, hots, euskararen defentsarekin batera egiten dute. Bide honetatik, Eskola Publikoaren aldeko hautatua azaltzeko momentuan Ugazik esaldi adierazgarri honen bitartez egin zuen: «niretzako zen hautu politiko bat, batez ere herriko egoerak eskatzen zuelako, batez ere, gainera, euskaltzaleon aldeko konpromisoa [...] bertako egoera iraultzeko baina era bat erabaki politikoa eta euskaltzalea izan zen».

Erreferentziak

17/2023 Hezkuntzaren Legea, (Legea, 2023ko abenduaren 21ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzarena). Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 3. zk.a, 2024ko urtarrilaren 4a. https://www.legegunea.euskadi.eus/eli/es-pv/l/2023/12/21/17/dof/eus/html/

Alkorta, E., eta Shershneva, J. (2021). Perfiles del alumnado de origen extranjero en centros con elevada presencia de escolares inmigrantes en el País Vasco. Empiria. Revista de metodología de ciencias sociales, (51), 15-43. https://doi.org/10.5944/empiria.51.2021.30806

Agindua, 2023ko abenduaren 20koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez ezartzen baitira EAEko Hezkuntza Sailaren mendeko Haur Hez­kun­tzako, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan 2024-2025 ikas­turtean izena emateko eskabideak aurkezteko egutegi komuna eta onar­tzeko epea, bai eta ikastetxe horietan ikasleak onar­tzeko jarraibideak ere. (EHAA 5. zk., 2024ko urtarrilaren 8koa). https://www.legegunea.euskadi.eus/agindua/agindua-2023ko-abenduaren-20koa-hezkuntzako-sailburuarena-zeinaren-bidez-ezartzen-baitira-eaeko-hezkuntza-sailaren-mendeko-haur-hezkuntzako-lehen-hezkuntzako-eta-derrigorrezko-bigarren-hezkuntzako-ikastetxe-publikoetan-eta-itunpeko-ikastetxe-/pribatuetan-2024-2025-ikasturtean-izena-emateko-eskabideak-aurkezteko-egutegi-komuna-eta-onartzeko-epea-bai-eta-ikastetxe-horietan-ikasleak/webleg00-contfich/eu/

Aguado, T., Ballesteros, B., eta Mata, P. (2013). El sentido de la escolaridad obligatoria: Igualdad de oportunidades versus selección y competitividad. Avances en Supervisión Educativa, (18).

Andreotti, A., Le Galès, P., eta Moreno-Fuentes, F. J. (2014). Globalised Minds, Roots in the City. John Wiley & Sons, Ltd. https://doi.org/10.1002/9781118330791

Asenjo-Garde, I., Perez-Izaguirre, E., eta Vicent-Otaño, N. (2023). La libertad de elección en educación: Modelos lingüísticos, white flight, segregación escolar e inclusión. Una revisión del arte desde y para la realidad vasca. In Orcasitas, M. eta Roman, G. (ed.), Pedagogías lingüísticas y culturales sostenibles en contextos educativos (97-110. or.). Editorial Graó. ISBN 978-84-19416-35-3.

Bacqué, M., Bridge, G., Benson, M., Butler, T., Charmes, E., Fijalkow, Y., Jackson, E., Launay, L., eta Vermeersch, S. (2015). The Middle Classes and the City. In The Middle Classes and the City (1-10. or.). Palgrave Macmillan UK. https://doi.org/10.1057/9781137332608_1

Benson, M., Bridge, G., eta Wilson, D. (2015). School Choice in London and Paris – A Comparison of Middle-class Strategies. Social Policy & Administration, 49(1), 24-43. https://doi.org/10.1111/spol.12079

Berends, M. (2015). Sociology and School Choice: What We Know after Two Decades of Charter Schools. Annual Review of Sociology, 41, 159-180. https://doi.org/10.1146/annurev-soc-073014-112340

Bonal, X. (2018). La Política educativa ante el reto de la segregación escolar en Cataluña. UNESCO Digital Library, 18. https://unesdoc.unesco.org/ark:/48223/pf0000261471

Bonal, X., eta Zancajo, A. (2020). Elección de Escuela, Movilidad y Segregación Escolar del Alumnado Vulnerable en Barcelona. REICE. Revista Iberoamericana sobre Calidad, Eficacia y Cambio en Educación, 18 (4), 197-218. ­https://doi.org/10.15366/reice2020.18.4.008

Bourdieu, P. eta Passeron., J. C. (1996). La reproducción. Elementos para una teoría del sistema de enseñanza. Laia.

Burgess, S., Greaves, E., Vignoles, A., eta Wilson, D. (2015). What Parents Want: School Preferences and School Choice. The Economic Journal, 125(587), 1262-1289. https://doi.org/10.1111/ecoj.12153

Carrasco, A., Falabella, A., eta Tironi, M. (2016). Sociologizar la construcción de preferencias: Mercado escolar (81-112. or.). Ediciones UC. https://doi.org/10.2307/j.ctv14rmrhn.6

Carrasco, A., Gutiérrez, G., eta Flores, C. (2017). Failed regulations and school composition: selective admission practices in Chilean primary schools. Journal of Education Policy, 32(5), 642-672. https://doi.org/10.1080/02680939.2017.1312549

Córdoba, C., Altamirano, C., eta Rojas, K. (2020). Elementos para Comprender la Concentración de Estudiantes Extranjeros en Escuelas Chilenas. Revista latinoamericana de educación inclusiva, 14(1), 87-108. https://doi.org/10.4067/s0718-73782020000100087

Etcheberrigaray, G., Lagos, J., Cornejo, R., Albornoz, N., eta Fernández, R. (2017). Concepciones sobre docencia en el nuevo marco regulatorio del sistema escolar chileno. Revista de Psicología, 26(1), 1-13. https://doi.org/10.5354/0719-0581.2017.46693

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila (2023). Desberdintasun sozioespazialak Euskadiko Hezkuntzan. https://www.euskadi.eus/contenidos/documentacion/doc_sosa_desberditasun/eu_def/

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila (2020). Ikasle etorri berriaren hasierako ebaluazioa. https://www.euskadi.eus/contenidos/documentacion/inn_doc_esc_inclusiva/eu_def/adjuntos/eskola-inklusiboa/Evalucion_Inicial_Alumnado_Recien_llegado_e.pdf

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila (2019). Eskola inklusiboa garatzeko esparru-plana 2019-2022. https://www.euskadi.eus/contenidos/documentacion/inn_doc_esc_inclusiva/es_def/adjuntos/escuela-inclusiva/Plan_Marco_Escuela_Inclusiva_2019_2022_c.pdf

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila (2019). Harrera-plana. Ikasle berrien eta haien familien harrera bideratzeko jardunbideak Ikastetxeetarako gida praktikoa. https://www.euskadi.eus/contenidos/documentacion/inn_doc_esc_inclusiva/eu_def/adjuntos/eskola-inklusiboa/plan_acogida_e.pdf

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila. (2018). Atzerritar jatorriko eskolatzea EAEko eskola-sisteman. Diagnostikoa eta esku hartzeko neurri berriak. https://www.euskadi.eus/contenidos/documentacion/inn_doc_esc_inclusiva/eu_def/adjuntos/aniztasuna/Atzerritar_jatorriko_ikasleen_eskolatzea_EAEko_eskola_sisteman.pdf

Eusko Legebiltzarra. (2023). 17/2023 LEGEA, abenduaren 21ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzarena. Aldizkari Ofiziala, 3, 37. https://www.legegunea.euskadi.eus/eli/es-pv/l/2023/12/21/17/dof/eus/html/webleg00-contfich/eu/

Eusko Legebiltzarra. (2022). Etorkizuneko euskal hezkuntza-sistemari buruzko hitzarmenaren oinarriak zehazteko (Osoko Bilkuraren erabakia) (12/11.09.00.00006). Aldizkari Ofiziala, 86.a. https://www.legebiltzarra.eus/ic2/restAPI/pvgune_descargar/default/88270b87-659c-4ae1-83c1-b8008c61e2f9

EUSTAT. (2021). Migrazio mugimenduak. https://eu.eustat.eus/estadisticas/tema_30/opt_0/tipo_12/ti_migrazio-mugimenduak/temas.html

Ferrer, Á., eta Gortazar, L. (2021). Diversidad y libertad. Reducir la segregación escolar de elección de centro. EsadeEcPol Insight, 29.

Gayo, M., Otero, G., eta Méndez, M. L. (2019). Elección escolar y selección de familias: reproducción de la clase media alta en Santiago de Chile. Revista Internacional de Sociología, 77(1), 120. https://doi.org/10.3989/ris.2019.77.1.17.310

ISEI/IVEI. (2021). Euskal Hezkuntza-Sistemaren diagnostikoa. https://isei-ivei.euskadi.eus/documents/635622/0/euskaratxostena_ekainak_25_azkena.pdf/55e252e1-c298-325e-02fc-647750a83084

Kvale, S. (2011). Las entrevistas en Investigación Cualitativa. Morata.

Kye, S. H. (2018). The persistence of white flight in middle-class suburbia. Social Science Research, 72, 38-52. https://doi.org/10.1016/j.ssresearch.2018.02.005

Méndez, M. L., eta Gayo, M. (2019). Upper Middle Class Social Reproduction. Springer International Publishing. https://doi.org/10.1007/978-3-319-89695-3

Murillo, F. J. y Belavi, G. (2018). 603. Segregación escolar de los estudiantes extranjeros pobres en España. Scripta Nova. Revista Electrónica de Geografía y Ciencias Sociales, 22. https://doi.org/10.1344/sn2018.22.19894

Murillo, F. J., Martinez-Garrido, C., eta Belavi, G. (2017). Segregación escolar por origen nacional en España. OBETS. Revista de Ciencias Sociales, 12(2), 395-423. https://doi.org/10.14198/OBETS2017.12.2.04

Navarro, E., Jiménez, E., Rappoport, S., eta Thoilliez, B. (2017). Fundamentos de la investigación y la innovación educativa (S. A. Universidad Internacional de La Rioja (arg.)). https://doi.org/https://doi.org/10.5209/RCED.57163

Orellana, V., Caviedes, S., Bellei, C. y Contreras, M. (2018). School choice as a sociological issue. A literature review. Revista Brasileira De Educacao, 23 https://doi.org/10.1590/S1413-24782018230007

Posey-Maddox, L. (2014). When Middle-Class Parents Choose Urban Schools: Class, race, and the challenge of equity in public education. University of ­Chicago Press.

Rodríguez, C., Espinosa, D., eta Padilla, G. (2020). Dónde quiero que estudien mis hijos/as: caracterización de la oferta educativa y sus niveles de demanda en Chile. Revista de Estudios y Experiencias en Educación, 19(41), 57-70. https://doi.org/10.21703/rexe.20201941rodriguez4

SIMONS, H. (2013). El estudio de caso: teoría y práctica. Morata. https://elibro-net.ehu.idm.oclc.org/es/ereader/ehu/51828?page=43. Consultado en: 18 Apr 2024.

Treviño, E., Valenzuela, J., Villalobos, C., Béjares, C. Wyman, I., eta Allende, C. (2018). Agrupamiento por habilidad académica en el sistema escolar. Nueva evidencia para comprender las desigualdades del sistema educativo chileno. Revista mexicana de investigación educativa. 23(76), 45-71. http://www.scielo.org.mx/scielo.php?pid=S1405-66662018000100045etascript=sci_arttext

Valenzuela, J. P., Bellei, C. eta De Los Ríos, D. (2014). Socioeconomic school segregation in a market-oriented educational system. The case of Chile. Journal of Education Policy, 29(2), 217-241. https://scielo.conicyt.cl/scielo.php?script=sci_nlinksetaref=9879808etapid=S0718-0934201600020000200056etalng=es

Villalobos, C., eta Valenzuela, J. P. (2012). Polarizacion y cohesion social del sistema escolar chileno. Revista de Analisis Economico, 27(2), 145-172. https://doi.org/10.4067/S0718-88702012000200005