Eremu ez konbentzionaletan buruturiko praktika eszenikoa idazkera dramatikoa oinarritzat hartuta

Stage practice performed in unconventional settings based on dramatic writingt

Itziar Urretabizkaia Zabaleta
Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU). Musika, Plastika eta Gorputz Adierazpenaren Didaktika Saila, España

Eremu ez konbentzionaletan buruturiko praktika eszenikoa idazkera dramatikoa oinarritzat hartuta

AusArt, vol. 10, núm. 1, pp. 113-127, 2022

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea

Recepción: 31 Marzo 2022

Aprobación: 12 Mayo 2022

Laburpena: Idazkera dramatikoa eta eremu ez konbentzionaletan aurrera eramandako praktika eszenikoa batzen dituen proiektu profesional ezberdinak biltzen dira hemen. Hauetariko batzuk Donostia/San Sebastian 2016 Europako Kultur Hiriburua programaren babesean egindako egitasmo ezberdinen barruan eginikoak dira. Besteak, Dbus Donostiako Tranbia Konpainiak eskatutakoak izan dira. Guztiek helburu bera dute amankomunean: momentu eta leku horretan dagoen ikuslegoari informazio jakin bat ematea 1.

Keywords: PRAKTIKA ESZENIKOA, IDAZKERA DRAMATIKOA, KOMUNIKAZIOA.

Abstract: Here different professional projects are collected that combine dramatic writing with stage practice carried out in unconventional settings. Some of them are part of the different projects carried out under the Donostia/San Sebastian 2016 European Capital of Culture programme. The others have been commissioned by the San Sebastian Tramway Company, Dbus. All of them share the same objective: to give certain information to the public present where the theatrical actions take place.

Keywords: STAGE PRACTICE, DRAMATIC WRITING, COMMUNICATION.

60ko hamarkadatik aurrera hasi zen antzerki espazioen inguruko pentsamoldea eraldatzen. Ordurarte, praktika eszenikoak, orohar, antzoki edo areto itxietan ematen ziren baina Peter Brook-i (1968) esker praktika hauek eremu ez konbentzionaletara zabaldu ziren, hauei nortasun propio bat emanez eta leku bizi eta dinamiko bezala kontuan hartuz.

Espazio ez konbentzionaletan aurrera eramandako antzerki sorkuntzen idazkera dramatikoak izaera ezberdinak izan ohi dituzte: aristotelikoa, irekia, espazioak berak zerbait kontatzen duenean edota espazioak gertatu daitekeen hori baldintzatzen duenean.

Datozen lerroetan biltzen diren sorkuntzek izaera anitzak biltzen dituzte. Badaude izaera irekia dutenak, espazioak berak zerbait kontatzen duten horiek eta baita espazioaren baldintzatze horrekin erlazionaturik daudenak ere. Horietako batzuk, gainera, izaera aristotelikoarekin batzen dira, obra dramatiko laburrak izan arren, beren baitan bait dituzte aurkezpen bat, korapiloa eta amaiera.

Edozein espazio huts har dezaket eta eszenatoki biluzia bezala deitu. Pertsona bat espazio huts horretan oinez dabil beste bat begira dagoen bitartean, eta hori da antzerki ekintza bat burutzeko behar den guztia (Brook [1968]1993, 21).

Aurkeztuko diren sorkuntzak, beraz, testuinguru ez konbentzional ezberdinetan burutu dira. Abiapuntua ere ezberdina izan da bakoitzarentzat, baina guztiek helburu bera konpartitzen dute: ikuslegoari informazio jakin bat transmititzea. Hau batzuetan hitza eta ekintzaren bitartez eraman da aurrera edota ekintzaren bitartez bakarrik.

Hitza eta ekintza erabili diren horietan ‘eszenaratzeko testua’ edota ‘testuaren estatutua’ (Pavis 1996) deiturikoa hartu da kontuan. Aktoreak ahoskaturiko hitzak edota eszenan suertatzen den beste enuntzio-iturritik sorturikoak aztertzen dira. Hauek testuari emandako intentzionalitate edota kolore hori izango da kontuan hartuko dena, eta ez idatzitako testuarekin liburuxka bat irakurriz gero, inorberak interpretatuko genukeen hori.

Ekintza bakarrik erabili den horretan, dramatizazioa eta gorputz-adierazpena dira, elementu nagusiak, ahotsak kasu honetan inongo presentziarik ez izanik. Hitzik gabeko hizkuntza bihurtzen da protagonista gorputz-jarrerari, aurpegi-espresioari, interakzioari edota objektuei garrantzia emanez. Boal-en hitzetan ([1992] 2001, 294), “Errealitatearen irudia benetakoa da irudi gisa soilik” eta horregatik irudiaren errealitatearekin lan egin behar dela adierazten du eta ez, aldiz, errealitatearen irudiarekin (Boal 1992).

Cervera-k (1988) dioenez, gorputz-adierazpena dramatizazioan integratutako adierazpen motetako bat da. Mimo teknikaren inguruan hitz egiten du berak: gorputz- adierazpenean ez bezala (kodifikaturik ez dagoenez, keinu berak ideia ezberdinak adierazi ditzakeelako) kasu honetan keinu bakoitzak esanahi ezberdin eta zehatz bati erantzuten dio.

Bi eratara bada ere, aktorearen aberria ekintza dela esan daiteke, ekintzaren balioa ongi ezagutzen badu, hitzak eusteko gai izango delako (Eines 2005). Ondoren azalduko diren proiektuetan ekintzan oinarrituriko testuak eta testuan oinarrituriko ekintzak hartu dira kontuan eta hauen ildoa ondorengo puntuak landuz aurkezten da:

Winter solstice call

Donostia/San Sebastian 2016 Europako Kultur Hiriburua programaren babesean Winter solstice sall izeneko proiektua gauzatu zen eta nire parte-hartzea horren baitan hauxe izan zen: obra dramatiko bat sortzea. Proiektuaren ardatza urteko garairik ilunena den neguko solstizioan Kontxako badiako ohiko argiztapena eraldatzea zen, esku-hartze artistiko sotil baten bidez hiriko argiztapen-baliabideak transformatuz. Alde batetik egun jakin batzuetarako argi-instalazio berri bat sortzea planteatu zen eta, bestaldetik, hiritarrek berek argi-eraldaketa iragankor bat asmatzea. Asmo horrekin, argiztapen- diseinuari buruzko tailerrak egin ziren EHU/UPVko Donostiako Arkitektura Eskolan, ondoren Guerrila lighting deituriko ekintzetan parte hartzeko materialak sortzeko.

Proiektuaren helburua hiritarrak argi-kontaminazioaz kontzientziatzea eta argiztapen galkor berriak sortzea zen.

Abiapuntua. Testuinguru horren barnean eta argiztapen jasangarriaren garrantzia aintzat hartuz, obra dramatiko bat sortzeko abiapuntutzat balioko zuen ondoko ipuin labur hau eskaini zidaten:

Aspaldian, neguak luze eta ilunak zirenean, Joxemari mendira igo eta eguzkiari oihu egin zion, esna zedin. Erantzunik ez zuela ikusirik, Joxemari menditik jaitsi eta kostaldera joan zen itsasoari laguntza eskatzeko asmoz. Bat-batean itsasoa olatu ikaragarri bat bihurtu zen, barruan zituen izaki distiratsu guztiak ekarriz. Horrela, Donostiako badia distiraz josirik geratu zen, hiritarren gozamenerako2.

Goiko testu hori eta proiektuaren barruan egingo ziren Guerrilla lighting deituriko ekintzak irizpide hartuz, Argi Gerrilla izeneko obra dramatikoa sortu zen.

Sinopsia. Emakume bat azalduko da jende artetik, urduri xamar eta Donostia 2016ko gonbidapen bat eskuartean duelarik. Denen aurrean jarriko da ea gerrilla ze ordutan hasiko den galdezka, bera prest etorri baita horretarako (egurrezko ezpata, bate bat eta tiragoma eramango ditu soinean, bere asmoa hiriko farolak puskatzen hastea delako). Nazkatuta dagoela hiri honetan Gabonetan egiten den gastu energetikoaz eta ez dela behar hainbeste argi ospakizunak egiteko. Makina bat ikusiko du ‘Gerrillan izen ematea’ jartzen duena eta bertara gerturatuko da. Makinak, beste gauza batzuen artean, gerrilla urtarrilaren 7an dela esango dio. Horretan ari dela, telefonoa hasiko zaio joka; bere ama da, semeak ezin duela lorik hartu eta berarekin hitz egin nahi duela esanez. Semeak, nonbait, telebistan Kontxako paseoa argi ugariz beteta ikusi du eta zer gertatzen den jakin nahi du. Amak, orduan, ikusleetako bati daraman argitxoa kendu ondoren, Joxe Mariren istorioa kontatuko dio lo har dezan. Telefonoa eskegi eta gero, pertsonaia lehen baino askoz lasaiago geratuko da eta, argitxoa eskuan, gerrillara bere argi propioekin etorriko dela erabakiko du, ez dituela daudenak puskatuko eta, horrela, alde batetik bestera mugituz hiriari bere argi propioa emango diola.

Pertsonaia. Pertsonaia nagusiak Nekane du izena eta 35 urte inguruko emakumea da. Oso emakume gogorra eta ausarta da, bikoterik ez izan arren ama izateko erabakia hartu baitzuen hiru urte lehenago eta oso zoriontsua da bere semearekin. Hiriaren inguruan egiten diren ekintza gehienetan parte hartzea gustatzen zaio, hiritar aktiboa eta kontzientziatua da eta bere semeak ere kontzeptu horiek ikas ditzan gogor saiatzen da.

Bere semea izugarri maite duen arren, noizean behin bakarrik irtetea gustatzen zaio eta batzuetan faltan botatzen duen askatasun hori berriz sentitzea. Horregatik, bere semearen aurrean egin ezin dituen gauzak egitera irteten denean nolabaiteko euforia sentitu ohi du.

Egun jakin horietarako, bere amaren laguntza izaten du eta hark gogotsu laguntzen dio ilobarekin geratu behar duen bakoitzean.

Helburua. Era ludiko batean hiritarrak argi-kontaminazioaz ohartaraztea eta interbentzioa arduratsu eta jasangarria dela jakinaraztea zen.

Non eta noiz antzeztu zen. Donostiako Miramar Jauregiaren azpian dagoen Ondarretako tunelean antzeztu zen 2015ko abenduaren 23an Guerrilla lighting ekintza baten aurretik. Iragarrita zegoen arren, momentu hartan bertatik paseatzen ari zen jendea ere geratu zen ikustera.


1.Irudia

Argi gerrilla antzezlanaren une bat

EusKarriak

Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak eta Donostia 2016 Fundazioak EusKarriak proiektua gauzatu zuten, hizkuntzen inguruko sentsibilizazioa eta hausnarketa bultzatzeko.

Argiako Donostiaren 2016 ertzak blogean martxoaren 10ean publikatu zen modura, hizkuntzen egungo errealitatea hiru ardatz ezberdinetatik jorratu zen Euskarriak proiektuan: Europa mailan dagoen hizkuntza-aniztasunetik, Donostian bertan aurki daitezkeen dozenaka hizkuntzen begiradatik eta euskararen normalizaziorako egindako lanetik (Arbelaitz 2016).

EusKarriak Donostiako kaleetan barrena kokatuta zeudenez, herritarrek proiektuokin topo egitea zen asmoa. Proeiktua 2015eko ekainetik urrira arte egindako parte-hartze prozesuan zehar sortu zen. Hainbat alorretako hogeitahamar bat pertsona (hizkuntzen esparruko aditu/arituak, Donostiako herritarrak eta sortzaileak) elkartu ziren, zabaldu beharreko mezuak, euskarri originalak eta haien kokapenak proposatu eta adosteko.

Hizkuntzen sentsibilizaziorako sortutako lehenbiziko euskarria Tabakalera kanpoaldean (Nestor Basterretxea plazan, zehazki) eskegitako Europako Hizkuntzen Mapa izan zen. Bost metro zabal eta lau metroko altuera zuen egurrezko mapa bat zen, Europan dauden 91 jatorrizko hizkuntzak irudikatzen zituena. Bigarren euskarria hiztegi-makina baten instalazioa izan zen, Euskaratik beste 50 hizkuntzetarako norabidean eta alderantziz funtzionatuko zuena.

Gainontzeko EusKarriak Donostiako auzoetan barrena ‘azalduko’ ziren eta herritarrak oharkabean harrapatuko zituen. Horren baitan proposatu zidaten lau obra dramatiko labur edo mikroantzerki sortzea zenbait leku publikotan ustekabean antzezteko. Ez ohiko antzerki-saioak izatera bideratuta zeuden, hiritarrek tupustean egingo baitzuten topo haiekin aurrez aurre. Antzerkia joango zen jendearengana eta ez jendea antzerkira. Non eta zer gertatuko zen aktoreek eta antolatzaileek bakarrik jakingo zuten, beste inork ez. Sorpresa elementua mantentzea garrantzitsua zen beraz, bat-batekotasun hori freskoa izan zedin. Saioak laburrak izango ziren, pilula txikien antzera eta helburu jakin batekin:

  1. 1. Inguruko jendearengan hausnarketa bat sortzea.
  2. 2. Parte-hartzea bilatzea

Abiapuntua. Obra dramatikoak idazteko abiapuntu gisa, bi informazio mota eman zizkidaten. Alde batetik, antzerki-ekintzak non egingo ziren: Alde Zaharreko bi tabernatan, Koldo Mitxelena Kultur gunean, Donostiako autobus publikoan eta Garbera merkataritza zentroan. Bestetik, parte-hartze prozesuan euskararen inguruan ateratako ideien zerrenda eman zidaten. Ideia horiek eta lokalizazioak kontuan hartuta, lau obra dramatiko sortu behar ziren egun ezberdinetan aztertzeko.

Inspirazio gisa, beraz, parte-hartzean adostutako ideien zerrenda luzetik ondoko hauek aukeratu nituen idazten hasteko:

  1. - Euskararen alde egiten dena ez da gaztelaniarentzat kaltegarria. Biak jakitea hobe da. Eleanitza. Euskararen normalizazioa Euskal Herriko elebakarrentzat ere aberasgarria da.

    - ‘Txapurreatzearen’ ideia. Txapurreatzeko beste hizkuntza bat jakin beharra dugu.

    - Euskara kanpora joaten naizenean erabiltzen dut, eta Euskal Herrian zergatik ez?

    - Euskaraz hitz egiteari beldurra kentzea.

    - Munduko edozein izan daiteke euskalduna.

    - Euskara ikastearen errefortzu positiboa indartu.

    - Inoiz ez dut arazorik izan euskara ez ezagutzeagatik nire jarrera oso positiboa delako.

    - Donostian %75ak euskaraz badaki baina hortik %15ak bakarrik hitz egiten du.

Lehenengo obra dramatikoak Bertso bat zuretzat zuen izena eta Koldo Mitxelena Kultur gunean antzezteko prestatu zen.

Sinopsia. Txukun jantzitako bi pertsona Kultur guneko aretoetan barrena ibili ziren, euskaraz irakurtzen edo ikasten ari zirenak identifikatuz. Momentuan aukeraturiko pertsona batengana gerturatu eta belarrira emeki hitz eginez, Euskarriak proiektuak bere esker ona adierazi nahi ziola momentuko irakurketa edo idazketak euskaraz egiten ari zelako eta, hori adierazteko, bertso bat botatzen zion aktoreak goxo-goxo belarrira, eta ondoren, idatzizko bertsoa oparitzen zion oroigarri gisa.

Pertsonaiak. Hasieran gogor itxura zuten arren, hauek guztiz kontrakoak bihurtzen ziren euskaraz irakurtzen edo ikasten ari zen pertsona identifikatu ondoren. Era horretara sorpresa efektua sortuz.

Helburua. Euskaraz ikasi edo irakurtzearen aldeko mezu positiboa ematea zen.

Non eta noiz antzeztu zen. Koldo Mitxelena Kultur guneko lau areto desberdinetan antzeztu zen 2016ko abenduaren 15ean, areto bakoitzean lau saio eginez.

Galdeketa deituriko bigarren obra dramatikoa Alde Zaharreko tabernetan egiteko planteatu zen.

Sinopsia. Bi aktore sartu ziren taberna batera, bideo bat grabatzen ari balira bezala. Gezurrezko grabaketa horretan benetako datu erreal bat ematen zuten (Donostiako biztanleriaren %75ak euskaraz daki baina hortik %15ak bakarrik hitz egiten du) eta horren inguruan ondoan zeuden hiritarrei galdetzen zieten ea zergatik gertatzen zen hori galdetzen zitzaien.

Pertsonaiak kasu honetan kazetari profesionalen rola burutzen zuten, benetako galdeketa bat irudikatzeko.

Helburua. Gaur egungo Donostiako hizkuntza-ohituren berri ematea eta hiritarrei horren inguruan pentsaraztea zen.

Non eta noiz antzeztu zen. Donostiako Alde Zaharreko Okendo tabernan eta Eiger tabernan antzeztu zen 2016ko abenduaren 22an, taberna bakoitzean bi saio eginez.

Hirugarren obra dramatikoa Hizkuntzen mimoa izendatu zen eta Garbera merkataritza zentroan egin zen.

Sinopsia. Mimoz jantzitako aktore ba bat merkataritza-zentroko korridorean jarri zen honela zioen kartel batekin: “Donostian 118 hizkuntza elkarrekin bizi dira. Zein hitz egiten duzu zuk?”. Horrez gain mimoak tutu bat eta kanpaitxo bat ere bazeramatzan gainean. Bigarren aktore batek, tututik hitz eginez erantzun zion mimoak kartelean zeraman galderari eta honek mugimendu barregarri bat egin zuen erantzuna entzutearekin batera. Era horretara, amu gisa jokatzen zuen bigarren aktorea ikusita, bertatik pasatzen zen jendea tutu horretatik hizkuntza ezberdinetan hitz egitera animatu zen.

Pertsonaiak. Obra dramatiko honetarako pertsonaia nagusi bezala mimoa aukeratu zen, beti ere publikoarentzat pertsonaia maitagarria delako. Amu gisa jokatzen zuen bigarren pertsonaiak, publikoa animatzea eta entretenitzea zuen helburu, beraz, atsegina behar zuen izan.

Helburua. Norberak bere hizkuntza propioan zerbait esatera motibatzea zen, hizkuntza ezberdinen elkarbizitza ikustarazteko.

Non eta noiz antzeztu zen. Merkataritza-zentroko lau toki ezberdinetan antzeztu zen 2016ko abenduaren 23an.


2. Irudia

Hizkuntzen mimoa antzezlanaren une bat

Laugarren eta azken obra dramatikoak Din dan don zuen izenburutzat eta Donostiako autobus publikoetan antzezteko pentsatua zegoen.

Sinopsia. Aktore batek autobus batean sartu eta euskaltegiko irakasleak euskaraz hitz egiteko beldurra kentzeko zerbait egin behar zuela eta denen aurrean Din dan don abestia kantatzea erabaki zuela adierazten zuen. Abestiaren letrarekin nahastu egiten zen, ordea, eta autobusean zihoan beste aktore batek bere ausardia txalotzen zuen eta bien arteko elkarrizketa sortarazten zuen.

Pertsonaiak. Bi pertsonaiak atseginak ziren publikoaren errazago konektatzeko. Helburua. Hizkuntza berriei beldurra kendu behar zaiela transmititzea zen.

Non eta noiz antzeztu zen. Donostiako 5. eta 25. lineatako autobus bakoitzean bi saio egin ziren 2016ko abenduaren 29an.

Euskararen Nazioarteko Eguna

2017. urteko Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko, Dbus Donostiako Tranbia Konpainiak, euskararen zabalkundearen alde eta egun horretan antolatzen ziren jarduerak babesteko, autobusetan bertan antzezteko antzezlan bat antolatu zuen.

Abiapuntua. Obra dramatikorako gaia, beraz, euskara izanik, abiapuntu gisa atsotitz edo esaera zaharrak erabiltzea proposatu zen.

Bila ibili ondoren, ondoko hauek aukeratu eta gaztelerara itzuli ziren Euskastellanoa deituriko obra dramatikoaren oinarri izan zitezen:

3. Irudia.
EUSKARAZGAZTELANIAZ
Ardo gozoak lau begi eta oinik ez El vino dulce tiene cuatro ojos pero no tiene pies
Zozoak beleari ipurbeltz ¡Culo negro! Le dijo el tordo al cuervo
Hil da gero, salda bero Después de muerto, caldo caliente
A ze parea, karakola ta barea Menudo par, el caracol y la babosa
Auzoan uso, etxean otso Paloma en el barrio, lobo en casa
Katurik ez dagoen etxean saguak dantzan En las casas donde no hay gato, todos los ratoncillos bailan
Egia! Sudurraren ondoan begia ¡Cierto! Al lado de la nariz está el ojo

Euskastellanoa antzezlanerako aukeratu ziren esaera zaharrak

Sinopsia. Emakume bat sartuko da autobusera beste baten bila, errenkadan zain zegoen bitartean ondoko hau esaten entzun duelako: “Bai, bai, ya me cuentas etxera iristean, en la cena”. Ea hizkuntza hori Euskastellanoa den galdetzen dio eta euskaraz zer moduz dakien frogatzeko gaztelaniaz esandako esaera zaharrekin jokatuko du. Ondoren biak batera autobusean dauden bidaiariak animatzen saiatuko dira bien artean lehiaketa antzeko bat inprobisatuz. Amaieran, Euskararen Eguna dela eta ikusleei hirian antolatu diren ekintzetan parte hartzera gonbidatzen diete, ekintza horien programa banatuz.

Pertsonaiak. Bi pertsonaiak oso gertukoak ziren eta komedia eran idatzi zen, jendearen parte hartzea bultzatzeko.

Helburua. Helburua euskararen erabilera sustatzea eta Euskararen Egunaren berri ematea zen. Aldi berean, esaera zaharren erabilera ere bultzatzea, jendeari jolas dibertigarri batean parte hartzera animatuz.

Non eta noiz aurkeztu zen. Donostiako 5-Benta Berri, 13-Altza eta 28-Amara- Ospitaleak lineatan antzeztu zen 2017ko azaroaren 30ean, linea bakoitzean lau saio eginez.


4.Irudia

Aktoreen interbentzioa

Nazioarteko Mugikortasun Astea

2018ko Irailaren 16tik 22ra bitartean Mugikortasun Iraunkorraren Europako Astea izan zen eta, horren barruan, Donostiako Dbus Donostiako Tranbia Konpainiak “Zurekin edonora” kanpaina jarri zuen abian. Donostiako Udalaren Mugikortasun Departamentuak aste horretarako prestatu zuen programaren barruan zegoen eta garraio publikoaren erabilera bultzatu eta autobusetan elkarbizitza sustatu nahi zen.

Antolatu ziren bi ekimenekin autobusa era egokian erabili eta autobusean bidaiatzen duten gainerako pertsonak aintzat hartzeko mezua bidali nahi zen autobusetan jarriko ziren perching-ak erabiliz.

Abiapuntua. Aipaturiko perching horietan autobusen erabilera egokia proposatzen zuten zazpi aholku zeuden idatzita eta horiek izan ziren hain zuzen planteatu ziren obra dramatikoen abiapuntua. Zazpi aholkuetatik eta egoerak berezkoa zuen berezitasunagatik praktikotasunean oinarrituz, ondoko hiruak aukeratu ziren obra dramatikoak sortzeko:

- Oinak aurreko eserlekuan jartzea ez da praktika ona, debekatuta dago eta seinaleztapen-eranskailuen bidez adierazita dago. Praktikatzeak berekin dakar errespetu falta, larderia eta espazio-abusua, eta, gainera, ez du laguntzen autobusa mantentzen eta garbitzen. Hori saihesten badugu, errespetua adieraziko diegu gainerako erabiltzaileei eta espazio publikoari.

- Eserleku berdeak mugikortasun urriko pertsonentzat erreserbatutako guneak dira. Errespetatu espazio horiek eta utzi eserlekua mugikortasun urriko bidaiariei, horiek hala eskatzen dutenean.

- Musika edo irratia entzuten ari bazara, edo beste era bateko erreprodukzio aparaturen bat zeinek soinu entzungai gogaikarriak igortzen dituena, mesedez, gainontzeko bidaiariei ez molestatzeko belarrietan kaskoak ipini.

Hauek izan ziren aholku bakoitzarentzat planteatutako sinopsiak:

Sinopsia. Lehen aholkuan, oinak aurreko eserlekuan jartzea praktika ona ez dela zioen horretan, aktore bat autobusean sartu, eseri eta zuzenean oinak aurreko (edo alboko) eserlekuan ipiniko ditu luzatuta. Bigarren aktorea nahita bere parean eseri eta honek ere hankak luzatuko ditu bestearen gainean jarriz. Lehen aktorea iraindua sentituko da zikindu egingo dela esanez eta bigarrenak, ea berak ez al duen inor zikintzen galdetuz zapatilla kenduko dio, garbia dagoen ala ez egiaztatzeko. Era honetan, elkarren arteko elkarrizketa izango dute bigarren aktoreak kendu berri dion zapatillaren inguruan eta hankak aurreko eserlekuan ez ipintzearen aholkua emanez amaituko dute.

Sinopsia. Bigarren aholkuan, “eserleku berdeak mugikortasun urriko pertsonentzat erreserbatutako guneak dira” zioen horretan, aktore bat autobusean sartu eta, karpeta bat soinean daramala, bidaiariei begira joango da autobusaren erabilpen ona egiten dutela egiaztatzeko. Halako batean, beste aktorea atzetik etorriko da lehenengoarekin tupust egin eta, zuzenean, eserleku berde batean eseriko da. Hor joango da lehenengo aktorea arrapaladan berarengana eserleku horretan zergatik ezin duen eseri azalduz modu ozenean gainontzeko bidaiariek ere entzuteko.

Sinopsia. Hirugarren aholkuan, “musika entzuten ari bazara kaskoak jartzeko” zioen horretan, aktore batek mugikorrean musika modu ozenean jarriko du eta hortxe egongo da lasai-lasai. Beste aktorea hurbilduko zaio eta, parean jarrita, dantzan eta ahots goran abesten hasiko da bidaiari guztiei galdetuko die ea beraiek ere musika hori entzuten duten. Bien arteko elkarrizketa gauzatuko da kaskoen erabileraren inguruan eta lehenengo aktoreak mugikorreko musika kentzean bigarrenak isiltasuna eskertuko du, kontaminazio akustiko eza azpimarratuz.

Pertsonaiak. Kasu honetan, ikusleei igorri beharreko mezua aholkuetan oinarritzen zenez, sortutako hiru piezek birkreazio kutsua zeukaten. Horretarako, pertsonaia antagonista bat sartzea erabaki zen protagonistak eman beharreko azalpenei zentzua emateko.

Helburua. Hiru obra dramatiko horien helburua autobusaren barruan bidaiarien arteko errespetua sustatzea zen eta, nola ez, planteatutako aholkuak bidaiariek ondo ulertzea.

Non eta noiz antzeztu ziren. Obra hauek Donostiako 5-Benta Berri, 13-Altza eta 28-Amara-Ospitaleak lineatan antzeztu ziren 2018ko irailaren 19tik 21era bitartean goiz eta arratsaldeko ordutegian bai euskaraz eta baita gaztelaniaz ere.

Obra dramatiko orok komunikatzea du helburu. Zuzendariak pentsaturiko mezu hori inplizitua izan daiteke ala ez, baina badago publikoari helarazi nahi zaion informazio jakin bat, obraren helburua denbora-pasa atsegin bat izatea denean ere. Badago beti zerbait, askotan autoreak ere konturatu gabe zirrikitu batetik pasatzen uzten duena. Horregatik obra dramatiko bat ikusi, entzun ala irakurtzen dugunean “ideia” batekin geratu ohi gara, edo batzuekin zenbaitetan.

Hemen aipatu diren proiektuek bazuten ikuslegoa zerbaiten inguruan kontzientziatzeko helburu jakin bat. Komedia kutsu bat emanda, informazio hori nola makillatu bihurtu zen erronkarik handiena, instrukzio- antzerki bilakatu ez zitezen. Ardatz nagusia bat-batekotasuna izan zen, antzerkiarekin “topo” egiten baitzuten ikusleek, edozein lekutan eta edozein unetan. Horrek, era guztietako erreakzioak sortu zituen, eta aktoreak, momentu askotan, inprobisatzera behartuta zeuden, nahiz eta gidoi bat ikasia eduki. Era askotako erreakzioak izan baziren ere, aipagarria da gehienak onerako izan zirela eta ikusleak gogoz sartzen zirela jokoan.

Hiritarrek ez dute espero beren egunerokotasunean egiten dituzten ekintzen artean (autobusa hartu, merkataritza-gunera joan edota, besterik gabe, kalean oinez doazelarik) antzezlan batekin topatzea; beraz, hasiera batean behintzat, eta gertatzen ari denaren ‘kode’ hori ulertu arte harrituta azaldu ohi dira. Ondoren, zer gertatzen ari den ulertzen duten momentutik aurrera, ikusle rol-a hartzen dute irribarre batekin edota parte hartzera animatzen dira momentu dibertigarri bat igarotzeko gogoarekin. Egon ziren egoera jakin batzuetan zeharka begiratzen zutenak ere, agian beste ikusleen begiradak saihestu nahian edo.

Zaila da bat-bateko antzerki horiek parez pare topaturiko ikusleengan utzitako arrastoa zein izan den jakitea, bat-batekotasun horrek, ikuslegoaren mugikortasunari lotuta, zaildu egiten baitu erreakzio konkretuak jasotzea, ondoren datuak bildu ahal izateko. Bakar batzuei bai galdetu zitzaien ikusitakoaren inguruko iritzia eta gehiengoa aldekoa izan zen, eta horrelako ekimenak egitea eskertzekoa zela azpimarratu zuten.

Obra dramatiko hauek eta beste batzuk sortu ostean, aurrekari garbiak izatearen garrantzia azpimarragarria iruditzen zait. Ia proiektu guztiek zuten helburu jakin bat eta abiapuntu konkretu bat eta horrek asko errazten du idazkera dramatikoari aurre egiterakoan. Gehienek bazuten gainera mezu konkretu bat transmititzearen helburua; beraz, obra dramatiko baten bitartez ia edozein eratako mezuak transmititzeko aukera izanda, agerian geratzen da esparru askoetara luzatu daitekeela hau, baita irakaskuntza mailara ere.

Erreferentzia bibliografikoak

Arbelaitz Mitxelena, Lander. 2016. “EusKarriak: Euskararen normalizazioa bultza eta hizkuntza aniztasuna islatzeko proiektua”. Blogak.argia.eus, martxoak 10. https://blogak.argia.eus/donostia-2016/2016/03/10/euskarriak-proiektua/

Boal, Augusto. (1992) 2001. Juegos para actores y no actores. Traducción de Mario Jorge Merlino Tornini. Barcelona: Alba

Brook, Peter. (1968) 1993. El espacio vacío. Trad., Ramón Gil Novales. Madrid: Península

Cervera Borrás, Juan. 1988. “Lenguaje artístico y lúdico”. In Didáctica de la lengua y la literatura, dirs., Jaime García Padrino & Arturo Medina Padilla, 257-277. Madrid: Anaya

Eines, Jorge. 2005. Hacer actuar: Stanislavski contra Strasberg. Con la colaboración de Santiago Trancón. Barcelona: Gedisa

Pavis, Patrice. (1996) 2018. El análisis de los espectáculos: Teatro, mimo, danza, cine. Traducción de Enrique Folch González. Buenos Aires: Paidós

Urretabizkaia Zabaleta, Itziar. 2020. “Dramatizazioa lehen hezkuntzan: Kontzeptualizaziotik obra dramatiko baten sormenera lehen zikloan lantzen diren konpetentziei begira”. Euskal Herriko Unibertsitateko doktorego tesia. http://hdl.handle.net/10810/55248

Oin-oharra

[1] Artikulu honetan nire tesi lanean biltzen diren proiektuetako batzuk aurkezten dira
[2] Testu hau Winter solstice call proiektuaren baitan sortu zuen Suartez enpresak eta bere web-orrian dago eskuragarri https://suartez.org/projects/winter-solstice-call/
HTML generado a partir de XML-JATS4R por