Korrika, nortasun kolektiboaren eraikuntzarako: #korrika22-ren aztarna digitalaren azterketa Twitterren

Running to Build Collective Identity:
Analysis of the Digital Footprint of #korrika22 on Twitter

Julen Orbegozo-Terradillos*, Enara Zarrabeitia-Bilbao, Ainara Larrondo-Ureta, Izaskun Álvarez-Meaza

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU)

Hitz-gakoak

Korrika, Nortasun kolektiboa, Traol-aktibismoa, Twitter

Laburpena: Korrika euskara bezalako hizkuntza gutxitu baten aldeko ekimen herrikoi eta parte-hartzaileena da. Euskaltzaleek 2.000 kilometro inguru egiten dituzte txandaka hamaika egunez, etenik gabe. Ikerketa lan honek 22. Korrika digitala aztertzen du Twitterren, COVID 19-ak eragindako pandemiaren ondoren egindako lehena, Sare Sozialen Analisia eta Edukiaren Azterketa Deskriptiboa konbinatuz. 13.739 ziberaktibisten 52.210 txio kapturatu eta aztertzen dira (2022ko martxoaren 1etik apirilaren 30era), eta elkarrizketako liderrei, erabilitako hizkuntzari, eduki biralizatuenei eta abarrei buruz informazioa erauzten da. Emaitzek erakusten dute zibernauten komunitatea digitalki mobilizatzen dela ekitaldi fisikoarekin batera, eta Korrika digitalak izaera horizontal eta kohesionatu bat sortzen duela, lidergo partekatuekin eta hainbat hizkuntza erabiliz hizkuntza gutxituekiko sentsibilizatutako nazioarteko beste komunitate batzuekiko harreman aktibistak sustatzeko. Bestalde, eduki biralizatuenak ikus-entzunezko formatuzkoak dira, eta metafora bisualekin euskal nortasun kolektiboa eraikitzen laguntzen dute, esfortzuarekin, erromantizismoarekin, ausardiarekin, lankidetzaren eta antzeko baloreei erreferentzia eginda. Beste fenomeno nabarmen bat da elkarrizketa, nagusiki, mezu eta sinbolo positiboen inguruan garatzen dela, eta komunitate zibernautak modu eraginkorrean isolatzen dituela gorroto-diskurtsoen zantzuak. Ikerketa honen diseinu metodologikoa beste fenomeno sozial batzuk aztertzeko baliatu dezake komunitate zientifikoak, datua (Twitterreko interakzioak) ezagutza bihurtzen baitu. Hala nola, interpelatutako eragileek ere antzeko ikerketak egin ditzakete erabaki estrategikoak hartzeko.

Keywords

Korrika, Collective identity, Hashtivismo, Twitter

Abstract: Korrika is the most popular and participative event in favour of a minority language such as basque. The participants run around 2,000 kilometres in relays for eleven days without interruption. This research analyses the twenty-second digital Korri­ka on Twitter, the first one held after the pandemic, combining Social Network Analysis and Descriptive Content Analysis. A total of 52,210 tweets from 13,739 cyberactivists were captured and analysed (from 1 March to April 30, 2022), extracting relevant data on the leaders of the conversation, the language used, the most viralised content, etc. The results show that the online community mobilises digitally accompanying the physical event and promotes a horizontal and cohesive digital Korrika, with shared leadership and using different languages to foster activist links with other international communities sensitive to minority languages. On the other hand, the most viralised contents, in audiovisual format, contribute to build by visual metaphors a collective Basque identity related to effort, romanticism, courage, cooperation, etc. Another notable phenomenon is that the conversation mainly revolves around positive messages and symbols, and the online community effectively isolates hate speech. The methodological design of this research has the potential to be replicated in the observation of other social phenomena with the aim of converting the data (interactions on Twitter) into knowledge that can be used by the scientific community or the actors involved in strategic decision-making.

 

* Harremanetan jartzeko / Correspondence to: Julen Orbegozo-Terradillos. Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea. Departamento de Comunicación Audiovisual y Publicidad. Barrio Sarriena, s/n (48940 Leioa) – julen.orbegozo@ehu.eus – http://orcid.org/0000-0002-2959-4397.

Nola aipatu / How to cite: Orbegozo-Terradillos, Julen; Zarrabeitia-Bilbao, Enara; Larrondo-Ureta, Ainara; Álvarez-Meaza, Izaskun (2024). «Korrika, nortasun kolektiboaren eraikuntzarako: #korrika22-ren aztarna digitalaren azterketa Twitterren». Papeles del CEIC, vol. 2024/1, papel 297, -19. (http://doi.org/10.1387/pceic.24662).

Jasoa/Received: 2023, martxoa / Onartua/Accepted: 2023, abendua.

ISSN 1695-6494 / © 2024 UPV/EHU

logo%20CC%20atrib%204_0%20int.jpg Lan hau Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-LanEratorririkGabe 4.0 Nazioartekoa
lizentzia baten mende dago

 

1. Sarrera: Korrikaren erritual sinbolikoa

Korrika, AEK (Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundea) erakundeak bi urterik behin antolatzen duen euskararen aldeko lasterketa herrikoia da (AEK, 2023). Parte-hartzaileek Euskal Herriko zazpi lurraldeetatik (Araba, Baxe Nafarroa, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa eta Zuberoa) barrena 2.000 kilometro baino gehiagoko ibilbidea egiten dute, erreleboka eta etenik gabe, hamaika egunez (Orzaiz & Rey-Gorraiz, 2022). Hala, hasieratik bukaeraraino lekuko bat eramaten da, aurretik idatzitako mezua barruan duela, esku batetik bestera igarotzen dena (Arana, Narbaiza & Mimenza, 2015).

Korrika hizkuntza gutxitu baten alde mundu mailan egiten den ekimenik esanguratsuenetakoa da eta euskalgintzak duen jarduera jendetsuenetakoa eta nabarmenetakoa (Arbelaitz, 2015). Bi helbururekin egiten da: lehena, euskararen aldeko kontzientziazioa hedatzea eta, bigarrena, AEK-ko euskaltegien (euskara ikasteko zentroak) finantzaziorako dirua lortzea (AEK, 2023).

1980. urtean antolatu zen lehenengo edizioa eta zortzi urte beranduago, Teresa del Valle antropologoak, honako liburua argitaratu zuen: Korrika: Rituales de la lengua vasca en el espacio (del-Valle, 1988; Ott & del-Valle, 1995). Del Vallek artikulu zientifiko honen objektu nagusia den fenomenoa erpin anitzetatik deskribatu eta interpretatu zuen; testuinguru sozial, kultural eta sinboliko batean kokatu zuen, alegia. Ikertzailearen planteamenduaren arabera, Korrika euskaldunon hizkuntza gurtzeko egiten den euskal ekintza sinbolikoa da, esanahiz betetako erritual bat, alegia, kulturaren esparruko ekintza soil batetik harago doana (del-Valle, 1988). Korrikak hizkuntza eta lurraldea kontzeptuak batzen ditu, gainera, erritual horren epizentro moduan; hizkuntza eta lurraldea, hain justu, balizko nortasun kolektiboen edo nortasun nazionalen eraikuntzarako ezinbesteko zutarriak direnak.

Hartara, ikerketa-lan honetan 2022an egin zen 22. edizioko Korrikaren elkarrizketa digitala aztertzen da. 22. edizioa, 2022ko martxoaren 31n hasi zen, Amurrion (Araba), eta apirilaren 10ean bukatu zen, Donostian (Gipuzkoa). Lema nagusi gisa «Hitzekin» aukeratu zuten antolatzaileek, «hitz» eta «ekin» terminoekin hitz-jokoa eginez (Aldayturriaga, 2021). Edizio hura berezia izan zen zenbait arrazoirengatik: lehendabizi, zegokion data —2021— baino urte bete beranduago egin zen, COVID-19 birusak sortutako pandemiak 22. edizioaren hasiera atzeratu baitzuen; bigarrenik, pandemia osteko garaian, mugimendu sozialentzako agertoki berri batean egin zen, atxikimendu afektiboa azaleratzeko joera nabarmenarekin (Guilló-Arakistain & Luxán-Serrano, 2022).

Korrikaren 22. edizioak iraun zuen bitartean Twitterren egindako interakzio digitalak baliatzen dira ikerketa honen datu-base gisa. Hortaz, aztarna digitalak utzitako informazioa hartu eta ezagutza zientifikoa sortzea da helburua, Sare Sozialen Analisia (Social Network Analysis, SNA) eta Edukiaren Azterketa Deskriptiboaren ikuspegi metodologikoak konbinatuta (Larrondo-Ureta, Peña-Fernández & Orbegozo-Terradillos, 2019).

Internetek eskura jarri dituen bitarteko digitalen artean, Twitterrek modu erraz eta eraginkor bat eskaini die erabiltzaileei elkarren artean elkar-eragiteko eta saretzeko, hala nola, informazioa partekatzeko (Roldán-Álvarez et al., 2021). Hala, ikerketa burutzeko Twitter sare sozial digitala erabiltzeko erabakia hartzearen oinarrian dago ikerketa soziala egiteko tresna pribilegiatua dela (Van-Dijk, 2016). Sare sozial digital horrek hainbat arlotan (politikagintzan, enpresa munduan, osasungintzan, krisien detekzio eta kudeaketan, eta abar) izan duen inpaktu soziala hainbat ikerketek erakutsi dute (Marzouki et al., 2021; Zarrabeitia-Bilbao et al., 2022).

Espazio publikoaren fenomeno sozial, politiko eta kulturalak aztertzeko tankera honetako ikerketak egitea aitzindaria da: berariaz sortutako prozesu metodologiko bat erabiltzen da, ikerketa metodologia legez gorago aipatu diren bi metodologiak erabiliz, ikuspegi kuantitatiboa eta kualitatiboa konbinatuz. Hala nola, big data edo datu masiboen paradigman sortutako aztarna digitala baliatzen da esparru publikoan gertatzen diren fenomeno sozialen inguruan ezagutza zientifikoa sortzeko.

Gure ikerketa, gainera, testuinguru berri batean kokatzen da, pandemia osteko garaian, alegia. Hain justu, Bringel eta Pleyersek (2020) aipatzen duten moduan, COVID-19 pandemiaren eraginez indibidualizazio-prozesua sakondu da azken urteotan eta mugimendu sozialen aldarrikapen zein mobilizazio ugarik nolabaiteko «birtualizazio» prozesua pairatu dute. Aktibismo digital edo traol-aktibismoari dagokionez, pandemiak geratu egin du, modu nabarmenean, aurreko urteetan hasi eta indartsu zegoen mobilizazio sozial historikoen olatua.

Ildo horretatik, Iñaki Barcena-Hinojal eta Miren Guillók (2022) pandemia garaian Euskal Herriko gizarte mugimenduen egoerari buruz argitaratutako informazioaren arabera, euskalgintzaren arloak bereziki pairatu ditu COVID-19 pandemiak sortutako isolamendu eta salbuespen egoera. Besteak beste, azpimarratzen dute euskararen presentzia publikoa gutxitu egin dela eta ekintza presentzialak antolatzen jarraitzeko zailtasunik handien izan duen mugimendu soziala euskalgintzarena izan dela.

Aitzitik, Korrika ekimena presentziala da jatorrian eta oinarrian: «call to action» (Brünker et al., 2020) aktibista argia du (euskararen alde, gehienetan komunitateaz lagunduta, arineketan egitea) espazio geografiko batean gertatzen da eta denbora tarte konkretu batean. Hau da, fisikoki Euskal Herriko kale eta errepideetatik korrika egitea da sinbolismoz betetako erritual horren muina. Hala ere, korrika egitearen ekintza fisiko sinbolikoak gero eta isla handiagoa dauka esfera birtualean, Twitter eta gainerako sare sozialetan, Korrika digital paralelo antzeko bat sortzen delarik.

Beraz, ikerketa lan honek duen potentzialtasun bat pandemiaren osteko testuinguru horretan mobilizazio presentzial edo fisiko batek izan zuen oihartzuna neurtzea da; alegia, pandemiaren eraginez bizitzen birtualizazio prozesua (Frison & Silvina-Di-Meglio, 2021) areagotu zenean hizkuntza gutxitu baten aldeko mobilizazio tradizional batek esfera birtualean utzi zuen aztarna aztertzea.

 

2. Testuinguru teorikoa: Korrika garaikidea eta traol-aktibismoa Twitterren

Datu-base bibliografikoek azterlan gutxi jasotzen dute artikulu honen ikerketa objektuaz. Horietako bat, azterlanik berriena hain zuzen, Jon Zabala ikertzaileak eta bere taldekideek egin zuten, 2023an argitaratua. Korrika ekimenean parte hartzeak komunitateari onura psikologikoak ekartzen dizkiola frogatu zuten. Hala, hainbat inkesta egin ostean agerian utzi zuten ekimenean parte hartzeak jendearengan emozio positiboak piztu zituela eta eurengan boteretze sentsazioa zein komunitate baten partaide izatearen sentimendua areagotu zela.

Bestalde, urte batzuk lehenago, Valentyna Kotenkok (2019) Korrikaren deskribapena egiten du hizkuntza gutxitu baten egoera linguistikotik abiatuta, kirola eta hizkuntzaren arteko erlazioa eginez. Hain justu, soziolinguistikaren esparrutik egindako ikerketak dira nagusiki erreferentzia gisa hartu ditzakegunak (Alcibar, 2017; Gurrutxaga, Elorza & Ubeda, 1997; Medina, 2003). Hartara, horregatik ere bada aitzindaria ikerlan hau: hizkuntza baten bitartez naziogintzari ekarpena egiteko jaiotako fenomeno bat aztertzen dela ikuspegi komunikatibo batetik, web 2.0 (O’Reilly, 2005; Rodríguez-Palchevich, 2008) paradigmaren baitan, alegia.

Gure ikerketa, beraz, komunikazioaren eta nortasun kolektiboen zein nazioen eraikuntzaren arteko elkargunean kokatzen da. Abiapuntu moduan sarreran aipatutako ideia azpimarratzea komeni da: Korrika, euskararen aldeko erritual sinboliko nagusienetakoa da. Hartara, ekimena kidego-talde sena delakoaren eraikuntzarako tresna gisa hartu daiteke, euskal naziogintzaren esparruan. Horixe adierazi zuen Teresa del Valle antropologoak, hain justu, Korrika bezalako ekimenak aztertzea etnizitate eta nazionalismo prozesuak ezagutzeko ezinbestekoa dela, tankera honetako erritualak talde jakinen baloreak eta oinarri ideologikoak modu eraginkorrean transmititzeko oinarri-oinarrizkoak baitira (Del-Valle, 2003). Hain justu, gaur egungo identitate kolektiboak, Asael Mercado-Maldonadok eta Alexandrina Hernández-Olivak (2010) adierazten dutenaren arabera, eguneroko interakzio anitzen bitartez sortzen diren eraikuntza subjektibo eta aldakorrak dira.

Korrika ekimenaren inguruko bi ikerketa nabarmendu daitezke gizarte komunikazioaren esparrukoak. Lehena, Edorta Arana, Bea Narbaiza eta Libe Mimenza (2015) ikertzaileek egindako gogoeta da: «Korrika, a Transmedia View» izenburupean. Arana, Narbaiza eta Mimenzak 2013an egindako 18. edizioa aztertzen dute transmedialitatearen (Konzack, 2017; Ojamaa & Torop, 2015; Scolari, 2013) ikuspegitik. Hala, bereziki azpimarratzen dute, komunikaziorako bitartekoen sinergiak aprobetxatze aldera, herritarrek ekimenean zuzenean parte-hartzeko komunikazio mekanismoak artikulatzea ezinbestekoa dela hurrengo urteetako edizioei begira. Alde horretatik, ikerketa-lan honen objektu den Twitter bezalako sare sozialetan egindako traol-aktibismoa ildo horretan kokatu genezake.

Bigarrena, Arkaitz Zubiagak 2016ean argitaratutako «Euskahaldun: Euskararen aldeko martxa baten sare sozialetako islaren bilketa eta analisia» ikerlana da. Kasu hori ere Datu Sozialen Zientzian kokatu genezake, lan honek egiten duen moduan, Twitterretik erauzitako interakzioak baliatzen dituelako euskalgintzarekin zerikusia duen fenomeno bat aztertzeko. Zabaldutako mezuak modu kuantitaboan aztertzeko behar den metodologia definitzen du Zubiagak bere lanean, eta ondorio nagusi batera heltzen da: Korrikaren 2015eko edizioaren elkarrizketa digitala aztertuta (38.276 txio) ekintza digitala emozioarekin zuzenean lotuta dago, internautek jarduera nabarmen areagotu zutelako momentu jakin batzuetan (Zubiaga, 2016).

Zubiagak (2016) proposatutako metodologia eta emaitzak kontuan izanda, artikulu honek ikuspegi kuantitatibotik harago joateko asmoa du, hain zuzen, datuen interpretazioari laguntzeko erauzitako informazioaren bisualizazioa hobetzen duelako, alde batetik, eta bestetik, Edukiaren Azterketa Deskriptiboa ere erabiltzen duelako balizko ondorioetara heltzeko.

Zubiagaren antzera, ikerketa honek Twitterren sortutako elkarrizketa digitala du azterketa objektu moduan. 2021eko abenduan Umap web zerbitzuak[1] argitaratutako datuen arabera, euskaraz aritzen diren 22.436 txiolari daude, eta milioi erdi txio sortzen dituzte, gutxi gorabehera, hilero. Euren jardunaren erdia baino zertxobait gutxiago (%41) euskaraz egiten dute (Umap, 2021).

Hain justu, komunitate akademikoak franko baliatu du Twitter sare digitala fenomeno sozial zein politikoen harira ezagutza zientifikoa sortzeko. Microblogging zerbitzu hori 2006an sortu zen eta lehenengo traola (#SanDiegoFire) 2007an erabili zen. Mugimendu sozialei edo aktibismoari lotuta 2010eko hamarkadan izan zuen erabileraren hazkunde nabarmena, bereziki, jendearen eta kolektibo ezberdinen sumindura adierazteko tresna moduan. Hamarkada horren hasieran, mundu mailan aldaketa sozial eta politikoak eragiteko traol-aktibismoa erabili zen hurrengo mobilizazioetan: 2010 eta 2012 bitarteko #ArabSprings, 2011ko #OccupyWallStreet eta #SpanishRevolution, 2012ko #Yosoy123, 2017ko #Metoo, 2019ko #LaManada, eta abar (Gonzalez-Oviedo, 2018; Morales-i-Gras et al., 2021; Orbegozo-Terradillos, Morales-i-Gras & Larrondo-Ureta, 2019; Peña-López, Congosto & Aragón, 2014).

Euskal esparruari dagokionean, erabiltzaileek aktibismorako traola ugari erabili izan dituzte azken urte hauetan. Aurrerago aipatutako Umap.eus proiektuak modu erakargarri eta eraginkorrean herritarron eskura jartzen ditu euskaldunon Twitterreko jarduneko aldizkako estatistikak 2013. urteaz geroztik (Umap, 2020); tartean, hileroko traola erabilienak aipatzen dira eta horietako askok aktibismoarekin zerikusia dute. Hain justu, esan daiteke ekintza edo arazo sozial zein militantzia esparru gehienek traola propioak izan dituztela azken urteotan. Horren adibide gisa, umap.eus-eko 2023ko urtarrileko txostena aztertu daiteke, agerian uzteko, traolak militantzia esparru anitzei erreferentzia egiten dietela: #EtxeraBideaGertu, #Metalgintza, #SU28Mobilizatu, #PantailakEuskaraz, #Abante, #EmakumeakZientzian, eta abar (Umap, 2023).

Alta, ez da ikerketa zientifiko askorik garatu euskaldunon militantzia esparru ezberdin horiek erreferentzia hartuta, behinik-behin, lan honetan erabiltzen den metodologiarekin edo antzekoekin. Ildo horretatik, aipagarria da, Orbegozo-Terradillos, Zarrabeitia-Bilbao eta Alvarez-Meazak (2022) 2021eko Emakumeen Nazioarteko Egunaren elkarrizketa digitalari buruz egindako ikerketa, euskal feminismoaren online mobilizazioaren deskribapena egin baitzuten, euskarazko traolen monitorizazioaren bitartez (#Martxoak8, #EmakumeenNazioartekoEguna, #GukEgingoDugu eta #GoraBorrokaFeminista).

Twitterreko interakzio digitalak oinarri hartuta egindako ikerketa sozialak, ordea, baditu zenbait muga edo oztopo (Küppers-Johansson, 2018; Rendueles-Menéndez-de-Llano, 2016), hala nola, teknologia eskuragarri izateko aukerei erreferentzia egiten dion kapital kulturalaren kontzeptua (Moreno-Pestaña & Bruquetas-Callejo, 2017); edo algoritmoek inplizituki izan dezaketen funtzionamendu partziala edo ez-osoa, sarri, gizartearen joerei erreparatzen ez diena (esaterako, genero ikuspegitik sortu dezaketen norabide okerra datuak prozesatzerako orduan). Azken horri «sesgo algoritmikoa» (Díaz-Martínez, Díaz-García & Navarro-Sustaeta, 2020; Kitchin, 2017) deitzen zaio, zeinak gizarte jakin baten sexismoa islatzeko joera areagotu dezaketen, besteak beste.

Aitzitik, azpimarratu beharra dago, dituen mugak kontuan izanda ere, zientzialarientzako Twitter aktibismo digitala aztertzeko plataforma aproposenetakoa dela, hurrengo arrazoiengatik: lehendabizi, gaur egun bitarteko komunikatibo guztien intersekzioan kokatzen da, eztabaida publikoaren bizkarrezur antzekoa delarik (del-Fresno-García, Daly & Supovitz, 2015), alegia, bertan batzen dira espazio publikoko aktoreak (Maarek, 1995; Mazzoleni, 2010) eta bertatik pasatzen dira arlo sozial eta politikoko gertaera zein gai nagusiak; bigarrenik, baliabide teknologikoei esker mezu eta interakzioak erraz identifikatu, kapturatu eta aztertu daitezke (Zarrabeitia-Bilbao, Rio-Belver et al., 2022). Hirugarrenik, Twitterrek ahalbidetzen du gizarte komunikazioak izan duen paradigma edo eredu metodologiko enpirikoagoetara gerturatzeko aspirazio historikoa gertuago izatea, izan ere, aztarna digitalak ahalbidetzen du perspektiba kuantitatiboa zein kualitatiborako teknikak erabilita ezagutza zientifikoa sortzea.

 

3. Ikerketa-galderak, hipotesiak eta helburuak

Atal honetako puntuak zehazteko Zubiagak (2016) egindako lanak jasotako informaziotik abiatu gara. Bada, ikertzaileak adierazi legez, elkarrizketa digitalaren dinamizazioa ekintzaren emozionalizazioarekin lotuta badago, emozio puntu horren aldagaiak neurtzea da ikerlan honen helburuetako bat: nork sortzen du emozio hori, zerk sortzen du eta zein hizkuntzatan sortzen du, besteak beste.

Hala, hiru parametro nagusiren inguruan sortu ditugu ikerketa-galderak eta hipotesiak: komunitate eta profil dinamizatzaile nagusiak edo erreferenteak (influencer edo eragin-sortzaileak delakoak); elkarrizketaren edukiak (eduki arrakastatsuak); eta txiokatzeko erabilitako hizkuntza ezberdinen arteko berezitasunak zein erabilitako traolak (bereziki, gorroto diskurtsoen presentzia ponderatzeko). Nork, zerk eta nola —laburrean esanda— eraikitzen duten Korrika ekimenaren unibertso sinbolikoa esfera digitala oinarri hartuta, alegia.

Ildo horretatik, abiapuntu moduan baliatutako galderak hurrengoak izan dira. Lehenengo parametroari dagokionean (eragin-sortzaileak): Zeintzuk dira elkarrizketaren komunitate eta lider nagusiak? Zeintzuk ezaugarri dituzte aktore nagusiek eta zein lotura beraien artean? Bigarren parametroari dagokionean (edukiak): Zein eduki izan dira jendeak gehien partekatu dituenak? Zein motako edukiak izan dira eta zein elementu sinboliko erabili dituzte? Eta hirugarren parametroari dagokionean (hizkuntzak): Badago hizkuntzen arteko ezberdintasunik patroi biralizatzaileei dagokionean? Hizkuntza guztietan traola berdinak erabiltzen dira? Horrez gain, elkarrizketa digitalaren deskribapen orokorra bideratzeko, hurrengo galderak baliatu dira: Zeintzuk dira elkarrizketa digitalak sortutako sarearen ezaugarri nagusienak? Zein jarduera maila erregistratu da timing-aren ikuspegitik? Noiz txiokatu da gehiago eta badu interakzio maila horrek zerikusirik eduki konkretuekin?

Hartara, hurrengo hiru hipotesiak zehazten dira (lehenak eragin-sortzaileei eta edukiei erreferentzia egiten die; bigarrenak, bereziki edukiei; eta hirugarrenak, hizkuntzaren arloari eta gorroto diskurtsoari):

— H1. Elkarrizketak sare horizontalaren itxuratik gehiago izango du sare bertikaletik baino: eduki anitzak eta lidergotza anitzak azaleratuko dira eta erreferentzialtasuna ez da jarraitzaile kopuruaren menpe egongo (jarraitzaile kopuru gutxirekin ere erreferentzialtasun digitala lortu daiteke).

— H2. Eduki biralizatu edo partekatuenetan irudiak pisu nabarmena izango du eta euskararen zein euskaldunen identitatea termino positiboetan goraipatuko da.

— H3. Elkarrizketa digitala, oro har, termino positiboetan garatuko da eta, gai polemikoen zantzurik balego, berez «kanporatuko» lirateke, berau sortzen duten elementuak isolamendura joz.

Ildo horretatik, ikerketa honek aztertzen du nortasun kolektiboaren eraikuntzarako euskalgintzaren erreferente nagusietakotzat hartu genezakeen Korrika ekimenaren unibertso sinbolikoa, ekosistema digitaletik abiatuta. Hala nola, ikuspegi kuantitatibo bat eskaintzeaz gain, unibertso edo diskurtso-forma horren tipologia eta esanahia aztertuko da, bere testuinguruan kokatuta.

Horrez gain, helburuetako bat ere bada bertan jarraitzen den prozesu metodologikoa komunitate zientifikoaren esku uztea. Hain justu, espazio publikoan gertatzen diren fenomenoen inguruan ezagutza soziala sortzeko tresna aproposa iruditzen zaigu lan honetan zein beste kasu batzuetan erabilitako ad hoc metodologia, metodo ezberdinak konbinatzen dituena eta ikuspegi kuantitatibo zein kualitatibotik abiatuta ezagutza sortzen duena.

 

4. Prozesu metodologikoa

Behin testuinguru teorikoa aipatu eta ikerketaren motibazioaz informazioa eskaini ondoren, ikertzaileek hartu beharreko oinarrizko erabakia da non eta nola behatuko den hautatutako fenomenoa. Hurrengo lerroetan ikerketa honetan baliatutako tekniken eta prozeduren inguruko informazioa eskaintzen da.

Ekimenaren antolatzaileek adierazitako informazioaren arabera Twitterren zentratzen dute esfortzu komunikatibo handiena, hain justu, sare sozial horretako komunitate birtuala delako Korrikaren unibertso digitala neurri handi batean elikatzen duena (Elordi, 2022). Hartara, microblogging zerbitzu hori ikerketa objektu gisa hartuta, hurrengo pausuak 1. irudian zehazten dira (Zarrabeitia-Bilbao, Morales-I-Gras et al., 2022).

Analisiaren lehen etapan, Korrikaren 22. edizioa gai gisa zehazten da. Ondoren, bilaketa-terminologia eta denbora-tartea definitzen dira. Bilaketa-terminolagiari dagokionez, ekimena txiokatzeko erabili ziren traolak identifikatzen dira (umap.eus-ek sortutako zerrenda kontuan izanda): #korrika, #korrika2022, #korrika22 eta #hitzekin. Fenomenoa aztertzeko denbora-tarteari dagokionez, 2022ko martxoaren 1etik apirilaren 30era izatea erabakitzen da. Korrikak berak hamaika eguneko iraupena duen arren, denbora tarte luzeagoa aztertu da, jakina baita denbora-epe konkretu batean ospatzen den ekimen orok baduela aurretiko eta osteko denbora-tarte zehatz bat, zeinean testuingurua sozialki prestatu egiten den eta zeinean gertakizunaren ondorioek ere zeresana ematen duten (Orbegozo-Terradillos, Zarrabeitia-Bilbao & Alvarez-Meaza, 2022).

Bestalde, txioak erauzteko bi software erabiltzen dira: Ikerketa Akademikorako Twitter-en API-a (Twitter, 2023) eta Twarc2 (Python liburutegia) (Twarc, 2023).

Txioak lortu ondoren, datuen aurreprozesamendua egitea beharrezkoa da, ondoren, datuak aztertu ahal izateko. Horrela, OpenRefine (2023) kode irekiko softwarea datuak garbitzeko eta eraldatzeko erabiltzen da. Garbiketa eta eraldaketa hori, batez ere, aipamenak ateratzean datza, sare desberdinak sintetizatzeko (kontuan izanik zein erabiltzailek, zein beste erabiltzaile aipatzen duen elkarrizketan bertan).

Azterketa enpirikoari dagokionez, lehenik eta behin, datuak prozesatu eta aztertzen dira Sare Sozialen Analisi-tekniken bidez. Ondoren, Edukiaren Azterketa Deskriptiboaren ikuspegi metodologikoa (Larrondo, Morales i Gras & Orbegozo, 2019; Orbegozo-Terradillos, Larrondo-Ureta & Morales-i-Gras, 2020) baliatzen da, informazio kuantitatiboa perspektiba kualitatiboago batetik interpretatzeko. Hartara, azken prozesu horrekin informazio zehatza testuinguru batean kokatzen da eta elkarrizketan sortutako komunitateei, harremanei edo edukiei esanahia ematen zaie.

Elkarrizketa digitala hobeto ulertzeko Twitterren erabiltzaileen arteko interakzioetan erabili diren traolak atera eta testuinguru egokian aztertu dira. Hala, traola bakoitza zenbat aldiz agertu den ikusi da eta gehien erabili diren horiek bisualizatzeko hitz-lainoak erabili dira (Ahuja & Shakeel, 2017). Prozedura hori hizkuntzaka errepikatu da. Hitz-lainoak sortzeko WordArt softwarea erabili da (WordArt, 2023).

 

4346.png 

Iturria: norberak egina.

1. irudia

Ikerketan erabilitako prozesu metodologikoa

 

Aipatu moduan, sare sozialen azterketarako teknikak erabili dira datuak prozesatu eta sintetizatzeko. Hala, komunitate, talde edo klusterren azterketarako Louvain Multilevel algoritmoa erabili da (Blondel et al., 2008). Algoritmo horrek ahalbidetzen du elkarrekin ondo konektatuta dauden nodoekin (erabiltzaile edo perfilak) komunitateak sortzea. Alegia, datuak (aipamenak, kasu honetan) oinarri hartuta algoritmo horrek erabiltzaileak taldeka banatzen ditu, afinitate araua baliatuta. Algoritmoa ausaz aplikatzen da, sortzen den sarea ponderatua dela kontuan izanda. Sareak sortzen dituzten nodoak sekuentzialki taldekatzen dira eta modularitate-estatistikoan etengabe ebaluatzen da irabazia edo galera (Newman & Girvan, 2004). Hala, lortutako komunitateen banaketa estatistiko hori erabiliz ebaluatu daiteke, non 0,3 baino handiagoa den modularitatea estatistikoki adierazgarritzat jo daitekeen (Orbegozo-Terradillos, Morales-i-Gras & Larrondo-Ureta, 2019). Aztertu diren metrika (Sarrera-maila, Dentsitatea, Sarrera-maila zentralizazioa, Irteera-maila zentralizazioa, Bitarteko-zentralizazioa) ezberdinak Pajek (Mrvar & Batagelj, 2021) softwarea erabiliz sortu dira eta grafikoak bisualizatzeko Gephi (Bastian, Heimann & Jacomy, 2009) erabili da. Aldiz, komunitateen azterketa zehatzagoa Power Query (Microsoft, 2023) programarekin burutu da.

 

5. Azterketaren emaitzak

Aurreko atalean aipatutako parametroen baitan, 2022ko martxoaren 1etik apirilaren 30era, 13.739 erabiltzailek sortutako 52.210 txiok osatzen dute ikerketa honen lagina. Lagin hori baliatu da hurrengo ataletan jasotzen diren emaitzak lortzeko.

 

5.1. Elkarrizketa digitalaren ikuspegi orokorra: jarduera-maila eta hizkuntza

Aurrerago aipatu moduan, txiolariek ez dute jarduera birtuala ekimenaren egunetara bakarrik mugatzen (aurreko zein osteko egunetan ere badago aktibitaterik), baina txio guztien %83,7 martxoaren 31tik apirilaren 10era jaso zen, hain justu, Korrikaren 22. edizioa ospatu zeneko denbora-tartean. Horrek aditzera ematen du esfortzu aktibista nagusia Korrika presentziala izan zeneko egunetan gertatzen dela eta ekimena hurbildu ahala ez dela «be­ro­tze-ari­keta» berezirik egiten (ikus 2. irudia). Hurrengo egunetan ere azkar jaisten da interakzioen intentsitate maila. Denbora tarte txikian, hiruzpalau egunetan, berez, Korrika digitalaren aztarna ia erabat desagertzen da. Horrek aditzera ematen du Korrika ekimenaren oihartzunak ez duela iraunarazten eta, maila birtualean behinik-behin, aurreko egunetan lortutako efektua oso iragankorra dela.

2. irudian ikusi dezakegun kronogramaren esanahia interpretatze aldera, premisa batetik abiatuko gara: zein momentutan irudikatzen ditu grafikoak hazkunde punturik esanguratsuenak? Ildo horretatik, martxoaren 31n, apirilaren 2an, apirilaren 6an eta apirilaren 10ean sortzen diren tontorrak nabarmendu daitezke, egun horietan hazten edo biderkatzen delako interakzio kantitatea modu ikusgarrian.

Lehenengo egunean (martxoak 31) eta azken egunean (apirilak 10) hasierako ekitaldia eta bukaerakoa ospatzen dira, kanpainari irekiera eta itxiera ofiziala emanez. Hartara, itxarotekoa da zibernautek egutegiko mugarri presentzial horiei berotasun horrekin erantzutea. Aldiz, tartean kokatzen diren bi egun horietan (apirilak 2 eta apirilak 6) gertatutakoa ezagutzea eta testuinguruan kokatzea interesgarria da.

 

02-297-fig-orbegozo-papelesceic-1-2024.jpg 

Iturria: norberak egina.

2. irudia

Txioen bilakaera matxoak 1—Apirilak 30 denbora-tartean

 

Lehenengo datari dagokionean (apirilak 2, larunbata kasu) Korrika presentzialak Nafarroako Erdoñaga eta Larraga arteko ibilbidea egiten du, Iruñetik, igarota. Berez, Nafarroa ez da euskal hiztun gehien pilatzen duen Euskal Herriko zonaldea eta, zentzu horretan, interakzioen hazkundeak eta euskal txiolarien komunitatearen mobilizazio masiboak ezohiko gertaera bati erantzuten dio: bezperan botatako elurrak, irudi ikusgarri eta sinbolikoak utzi zituen euskal errepideetan (ikus 3. irudiko ezkerreko argazkia).

 

03-297-fig-orbegozo-papelesceic-1-2024.jpg 

Iturria: EiTB.eus ataritik ateratako argazkiekin egindako collage-a.

3. irudia

EiTB.eus atarian apirilaren 2an eta 6an argitaratutako albisteak

 

22. edizioan elurra ausaz agertzen da, arrazoi meteorologikoengatik, udaberri sasoian egon arren. Hartara, fenomenoak uzten dituen irudiak bitxiak dira, ez ohikoak, apartekoak. Ez da ohikoa izaten inor etxetik ateratzea korrika egitera elurra dagoenean, besteak beste, norberaren segurtasun fisikoa arriskuan jartzen delako. Kasu honetan, ordea, trabak gainditu eta Korrikak ez zuen etenik izan. Gainera, zibernautek egun horietan ateratako argazkiak biral bihurtzen dira: korrikalariekin batera, errepideak zuri agertzen dira sare sozial digitaletan elkartrukatzen diren egun haietako irudietan.

Fenomeno hori mundu-ikuskera baten barruan kokatu genezake. Elurraren zuritasunak garbitasunari erreferentzia egiteaz gain, irudiek euskalgintzaren zein euskararen nortasunaren metafora eraikitzeari ekarpena egiten diote: ausardia, kemena, zailtasunei aurre egiteko grina, oztopoei (elurrak trafikoa zein mugimendu fisikoa zailtzen ditu) aurre egiteko elkarlanean aritzen den komunitatearen balioak, ukiezina den zerbait edo hizkuntza bat (euskara, alegia) maite duelako arriskuak hartzeko prest dagoen jendea, eta abar.

Bigarren data esanguratsuari dagokionean (apirilak 6, asteazkenarekin), interakzioen hazkundea txikiagoa dela ikusi daiteke. Ikerketa honetan hazkunde horri perspektiba sinbolikotik baino ikuspegi kuantitatibo batetik helduko diogu: apirilaren 6an Korrikaren 22. edizioak Euskal Herriko gune jendetsuenak zeharkatu zituen, Bilbo hiria eta Bilbo Handiak bere gain hartzen dituen herrietako batzuk, alegia (ikus 3. irudiko eskuineko argazkia). Hartara, logikoa da elkarrizketa digitalak izan zuen hazkundea, ez bakarrik gune horretan pilatzen delako txiolari kopuru handiena, baita ere Bizkaiko hiriburuaren influentzia gunean argitara ematen direlako komunikabide asko.

Jarraian beste aldagai bati erreparatuko diogu: elkarrizketa digitalean txiolariek erabilitako hizkuntza. Hala, agerian geratzen da, euskaraz harago, beste hizkuntza batzuek presentzia nabarmena dutela Korrikaren 22. edizioko elkarrizketa digitalean (ikus 4. irudia). Lagin guztiaren ia laurdena beste hizkuntza bati dagokio. Euskaraz ez beste hizkuntza batean egindako interakzioetan nagusi da gaztelania (%12), baina badute presentzia ingelesez, katalanez edo beste hizkuntza batean egindako txioek.

 

4319.png 

Iturria: norberak egina.

4. irudia

Txioetan erabilitako hizkuntza

 

Hizkuntzen arteko konparazioa egiteko hiru traola-laino sortu dira, bakoitza hizkuntza bati dagokiolarik (5. irudia). Hartara, txioetan gehien erabilitako traolen bidez gai eta marko nagusiak identifikatu ditzakegu, zein gai errepikatzen diren eta zeintzuk ez antzemanez, eta gai bakoitzaren tamaina edo garrantzia maila irudikatuz.

 

05a-297-fig-orbegozo-papelesceic-1-2024.jpg 05b-297-fig-orbegozo-papelesceic-1-2024.jpg 05c-297-fig-orbegozo-papelesceic-1-2024.jpg 

Iturria: norberak egina.

5. irudia

Euskarazko (ezkerrean), gaztelaniazko (erdian)
eta ingelesezko (eskuinean) elkarrizketa digitalean erabilitako traolak

 

Begi kolpe batez ikusita ez dago aldaketa nabarmenik txioetan erabilitako hizkuntzaren ikuspegitik: laino guztietan ageri dira euskara eta Korrika bezalako terminoak, esaterako, eta denetan tartekatzen dira mezu errebindikatzaile zehatzak, hala nola, komunikabideen jarraipenari egindako aipuak. Aldiz, traola-lainoei zehatzago erreparatuta, ikusi daiteke, euskararen kasuan, bereziki, aipagarria dela «zuzenean» hitza, gainerako grafikoetan agertzen ez dena, alde batetik, eta #KorrikaHamaika traolaren presentzia, bestetik. Horrek zerikusia du Korrikak zuzenean erretransmititzeko edo streaming bidez emateko azken edizioan egin izan duen esfortzuarekin, bereziki euskal komunitateari begira. Datuei erreparatuta, gainera, esan genezake euskarazko txiolariek preferentzia handiagoa dutela Korrikaren segimendua Hamaika Telebistaren bitartez egiteko, gaztelaniaren bueltan sortzen den komunitateak EiTBrekin gauza bera egiten duelarik.

Datuek erakusten duten beste joera bat da sarri errepikatzen dela txiokatzeko modu bat: interakzio askotan hizkuntza batean baino gehiagotan idatzitako traolak tartekatzen dira. Fenomeno hori bereziki gertatu da euskara, ingelesarekin edo katalanarekin konbinatu denean. Hartara, hizkuntzen konbinazio hori perspektiba aktibista eta internazionalista batetik interpretatu dezakegu: euskal txiolariek nazioartean barreiatu nahi dute euskararen aldeko mezua, sentsibilizazio kanpaina muga fisikoetatik harago zabalduz (#LanguageEquality, #Catalonia eta #EuskaraMunduan traolak horren adibide). Ziurrenik, hizkuntza gutxituen aldeko ikuspegia duten nazioarteko komunitateengana ere heltzea da jardute mota honen atzean dagoen helburua.

Aipamen berezia merezi du, baita ere, gaztelaniaz, beste hizkuntzetan gertatzen ez den bezala, zenbait traola berezi agertzen direla, testuinguru negatibo bati erreparatzen diotenak (#Corricacaca) edo euskalgintzarena berez ez den esparruei erreferentzia egiten dietenak (#ETA, #Juzgados…). Datu horrek aditzera ematen du gorroto-diskurtsoaren presentzia oso murritza izateaz gain, gaztelaniazko txioetan soilik agertzen dela.

 

5.2. #Korrika22ren komunitateak eta eragin-sortzaileak

Hurrengo lerroetan Korrikaren 22. edizioaren elkarrizketa digitalaren deskribapenarekin jarraituko dugu, Sare Sozialen Analisiaren metodoak eskainitako informazioa testuinguru egokian kokatuz. Kasu honetan, Korrika birtualak sortu zituen komunitate berezituen eta arrakasta handien izan zuten zibernauten inguruko gogoeta egingo da.

6. irudia elkarrizketa digitalaren errepresentazio grafiko bat da, grafo baten bitartez. Grafoan ikusi daitekeen moduan puntutxo bakoitza erabiltzaile bati dagokio (nodoak) eta erabiltzaile bakoitza gainerako txiolariekin konektatuta dago erlazioen bitartez (ertzak). Metodo konputazionalen ondorioz algoritmoek nodoak taldekatzen dituzte —ausaz kolore bat edo beste emanez— metrika zehatzen arabera eta zientzia esparruan «komunitate», «kluster» edo «talde» deritzo sortzen diren multzo horiei (ikus 6. irudia). Koloreak, komunitateen tamainak, komunitateek grafikoan daukaten kokapenak… horrek guztiak informazioa ematen digu elkarrizketa digitalaren ezaugarri nagusiak antzemateko.

Louvain Multilevel algoritmoa aplikatu ondoren, guztira 191 komunitate identifikatu dira, 0,52ko modularitatearekin (esanahi matematiko altua). Komunitate kopuru erlatiboki handia da, baina komunitate horietariko asko elkarrekintza laburrez osatuak daude, zeina ohikoa den datu masiboen estrategia analitikoan. Kasu honetan, identifikatutako 191 taldeen artea, gutxienez nodo guztien %4,5 barne hartzen dutenak 6 dira. Horrela bada, 6 horiek dira kontsideratu direnak komunitate nagusi bezala, zeintzuek nodoen %57 barne hartzen duten (Zarrabeitia-Bilbao et al., 2022).

Hala, 6. irudiak adierazten du zein den komunitate nagusiek sare orokorrean daukaten kokapena eta baita zeintzuk diren gainerako taldeekin dauzkaten konexioak. Grafikoaren ondoan dagoen taulako lehen zutabean komunitatearen zenbakia ageri da, algoritmoak zoriz emandakoa. Bigarren zutabean talde bakoitzari jarritako izena ageri da, komunitate bakoitzaren liderren izaera kontuan izanda. Hirugarren zutabean taldearen tamaina irudikatzen da. Azkenik, laugarren zutabean komunitateko txiorik arrakastatsuenek nagusiki erabilitako hizkuntza zein den zehaztu da (euskara, ingelesa edo gaztelania).

Hartara, esan genezake Korrika birtuala, bere komunitate nagusien errepresentazio grafikoaren arabera, nahiko homogeneoa edo trinkoa dela: komunitate nagusi guztiak kontaktuan egoteaz gain ondo daude konektatuta elkarren artean, bata bestearengandik gertu (18. taldea da salbuespena). Ez dago komunitate hegemonikorik, ez kuantitatiboki eta ezta ere zentralizazioaren ikuspegitik; eta erabiltzaile ugari nahiko sakabanatuta daude (komunitateen artean jauzi egiten dute eta algoritmoek ez dituzte influentzia zonalde bakarrean kokatu). Hala ere, grafoari eta metrikei erreparatuta esan genezake elkarrizketako aktore gehienak euren artean ondo konektatuta daudela eta potentzialki elkarren arteko interakzioa gertatzeko aukera nabarmenak daudela. Ikuspegi kartografiko-digital batetik, eztabaida publiko askorekin gertatzen ez den bezala, esan daiteke azterketa kasu honetan aktore gehienek sare kohesionatu bat sortzen dutela, oreka zein adostasunaren itxura irudikatuz.

Zer gertatzen da, ordea, 18. komunitatearekin («Celebrity-ak eta txiolari famatuak»)? Errepresentazio grafikoari erreparatuta disidentziarako edo isolamendurako joera nabarmena adierazten du (berdez, behean kokatzen den taldea 6. irudian) eta, hartara, jokamolde anomaloa erakusten du elkarrizketako gainerako multzoekin konparatuta. 18. komunitate horrek 22. edizioko Korrikako polemika gaia edo konfrontazio elementua irudikatzen du. Arlo birtualean isla izan zuen hurrengo gertaerak: Madrilgo Udalak ez zion baimen ofizialik eman Espainiako hiriburuan Korrika babesteko euskaldun talde batek egin nahi zuen mobilizazioari[2]. Hala, antolatzaileek espaloitik eta poliziaren laguntzarik gabe egin behar izan zuten ekimena. Horren ondorioz, Madrilen bizi den Aitor Merino aktore euskaldunak txio bat publiko egin zuen egoera salatuz[3].

 

06-297-fig-orbegozo-papelesceic-1-2024.jpg 

 

 

Komunitateari

esleitutako izena

Presentzia-
maila

Hizkuntza nagusia

14

Ezkerreko militante independentistak / Euskalmet

%26,53

Ingelesa

18

Celebrity-ak eta txiolari famatuak

%24,01

Gaztelania

2

AEK - Antolatzaileak

%19,23

Euskara

6

Orotarik (Komunikabideak, kazetariak, norbanakoak…)

%12,18

Euskara

11

Ezkerreko militante independentistak / EH Bildu

%9,98

Euskara

5

Euskalgintzako sortzaileak

%8,07

Euskara

Iturria: norberak egina.

6. irudia

Elkarrizketa digitalaren komunitate nagusien grafoa

 

Merinok jarritako txioa elkarrizketa birtual osoko input arrakastatsuena da (ikus 1. taulako datuak), baina paradoxikoa dirudien arren, erabiltzaile askok (lautik hiruk baino gehiagok) gaia isolatu egiten dute euren jarduera digitalarekin, antza denez, gaiarekiko interakzioak ekidinez, bertako edukiak konpartitzeari muzin eginez edo arreta beste nonbait kokatuz. Baliteke, konfrontaziorako aitzakia den afera hau polemika bilatzen zuten erabiltzaileek bereziki hauspotu izana. Hala, algoritmoek berau ordezkatzen duen komunitatea, 6. irudiko 18. hori, alegia, marjinetan kokatzen dute.

Beste alde batetik, komunitateen azterketarekin jarraituta, alde batetik, EH Bilduren ordezkari erreferente edo ospetsuak sailkapeneko euren taldeetako lehen postuetan ez ikusteak edo lider nabarmen gisa ez ikusteak[4] (ikus 1. eta 3. taulan ageri den informazioa); bestetik, liderren jarraitzaile kopurua aldakorra dela ikusteak (jarraitzaile asko izateak ez duela bermatzen eduki publikatuetan arrakasta izatea elkarrizketa digital honetan); eta, azkenik, agertzen diren profil askotarikoei erreparatzeak, horrek guztiak, baieztapen bat egitera garamatza: 22. edizioko Korrika birtuala modu horizontalean eraikitzen da, modu parte-hartzailean eta lidergotza konpartituekin.

 

1. taula

Komunitate nagusi bakoitzeko liderrak

 

Liderrak

Sarrera-maila

Jarraitzaile kopurua

(2023ko otsailaren 9an)

14

@goikoleaigor

1059

7.805

@aimar_etxe

821

1.217

@landerlandia

374

4.219

@euskalmet

359

124.400

@stony_jonan

356

86

18

@aitormerino

1637

8.283

@xlapitz

515

58.000

@manelmarquez

103

42.900

@almeidapp_

82

367.800

@maikeus

62

2

@aek_eus

3481

12.000

@amurriokoaek

88

116

@aizualdizkaria

57

2.220

@goiener

56

7.335

@euskaltegia

46

1.441

6

@mikel_ro_

621

5.458

@itsasieuskalteg

525

592

@guaixe

524

3.031

@nerea_balda

517

290

@aina_rodrigez

205

437

11

@mikelarreseigor

241

10.500

@enekoander

240

5.974

@erreharria1

219

11.500

@ankerkeriastop

181

1.457

@ehbildu

165

77.900

5

@unanuajone

269

1.256

@maia_jon

173

16.600

@ibon_iza

152

1.625

@umoreaskea

125

5.663

@maitaneazurmend

88

3.934

Iturria: norberak egina.

 

Aipagarria da, bestalde, alderdi politiko bakarra ageri dela elkarrizketako liderren artean (hiru erabiltzailetatik bat, oro har, ezkerreko independentismoaren bi taldeetan kokatzen ditu algoritmoak, 14. zein 11. komunitateetan), eta elkarrizketa osoa kontuan izanda pisu nabarmenarekin: EH Bildu, ezker soberanisten alderdien koalizioa. Bere presentzia bi entitate motarekin erdiesten du: erakundearen Twitterreko profil ofizialarekin (@ehbildu), alde batetik; eta koaliziotik ideologikoki gertu egon daitezkeen militanteekin, bestetik. Ildo horretatik, aipagarria da EH Bilduren buruzagi politiko zein eledunen kontu ofizialik ez agertzea elkarrizketako liderren artean (ikus 1. taula). Alegia, aurreko paragrafoan aipatu moduan, koalizio politikoak lortzen duen protagonismoa bere lider ospetsuenen jarduera digitaletik harago doa: sare sozial digitaletan jarraitzaile askorik ez duten zale edo militanteak inplikatzen dira bereziki.

Elkarrizketa digitalen deskribapena egiten denean ohikoa izaten da ere absentzien inguruan gogoeta egitea: aktore edo parte-hartzaileen artean nor geratu da kanpoan edo nork ez du presentziarik izan? Jarduera nabarmenik ez izateko edo presentzia ahulik ez izateko hamaika arrazoi egon daitezkeen arren, ikertzaileek ondorioak ateratzeko oso baliagarria den informazioa da hori. Hala, liderren ezaugarriei erreparatuta esan daiteke hurrengo aktoreak nabarmen agertzen direla: antolatzaileak (AEK-ri lotutako kontuak), txiolari aktibistak, euskalgintzako celebrity edo pertsona ospetsuak eta euskalgintzako kultur sustatzaileak edo artistak. Aldiz, presentzia apalagoa dute komunikabideek (Guaixe, Berria eta Naiz agertzen dira soilik), eragile politikoek edo alderdi politikoek, sindikatuek eta eragile sozialek eta enpresa arloko korporazio euskaldunek, besteak beste (ikus 1. eta 3. taulak).

 

2. taula

Elkarrizketa digital orokorraren eta komunitate nagusien metrikak

 

Dentsitatea

Sarrera-maila zentralizazioa

Irteera-maila zentralizazioa

Bitarteko-
zentralizazioa

Sare orokorra

0.00020609

0.25319711

0.01668259

0.08090561

14

0.00069984

0.30736349

0.00509412

0.00056166

18

0.00059900

0.71978468

0.00313600

0.00039715

2

0.00108704

0.83302246

0.02556112

0.08351318

6

0.00214171

0.37469773

0.01154023

0.00493226

11

0.00217241

0.16491964

0.01967566

0.02778659

5

0.00265640

0.22468380

0.14042328

0.06843397

Iturria: norberak egina.

 

Absentzia nabarmenena, ordea, erakunde publikoena edo eragile instituzionalena da. Arlo honetako eragileen artean soilik Euskalmet azaltzen da (Euskal Meteorologia Agentzia). Halere, erakunde honen garrantzia Korrika egin zen egunetan eguraldiak izan zuen protagonismoari egotzi ahal diogu (elurra egin zuen, elurra egitea ezohikoa den garai batean).

Bestalde, 3. taulak informazio zehatza jasotzen du hurrengo aldagaien inguruan: nor aipatu da gehien elkarrizketa digitalean edo nori egin zaizkio aipamen gehien (sarrera-maila), nork txiokatu du gehien (irteera-maila) eta elkarrizketaren erdigunean nor kokatu den (bitarteko-zentralizazioa). Ildo horretatik, esan genezake antolatzaileek euren kontu ofizialekin lidergotza papera jokatzen dutela, neurrizko txio kopuru batekin arreta gehien jasotzen dutelako eta elkarrizketaren dinamizatzaile nagusiak direlako.

 

3. taula

Zentralizazio-metrikak (10 kontu garrantzitsuenak)

Profila/komunitatea

Sarrera-maila zentralizazioa

Profila/komunitatea

Irteera-maila zentralizazioa

Profila/komunitatea

Bitarteko-
zentralizazioa

@aek_eus

2

3481

@yakimalalimpia

2

232

@aek_eus

2

0,080933

@aitormerino

18

1637

@egiaaldatzen17

10

161

@topagunea

2

0,019229

@goikoleaigor

14

1059

@kaxkoportu

5

150

@manelmarquez

18

0,013825

@aimar_etxe

14

821

@gbamatxiama

10

141

@aitormerino

18

0,013280

@mikel_ro_

6

621

@heliosaek

2

120

@naiz_info

10

0,009363

@itsasieuskalteg

6

525

@asierbijoux

2

119

@kaxkoportu

5

0,009147

@guaixe

6

524

@gureurruna

10

119

@berria

20

0,007013

@nerea_balda

6

517

@untzal

10

118

@gasteizkorrika

29

0,006928

@xlapitz

18

515

@topagunea

2

112

@ekaitz_garate

2

0,006859

@berria

20

408

@aek_eus

2

111

@goikoleaigor

14

0,006356

Iturria: norberak egina.

 

 

5.3. Korrika eta nortasun kolektiboa: eduki partekatuenen azterketa

Atal honetan azalduko dira Korrikaren 22. edizioak mundu birtualean izan zituen mezu, eduki edo irudi arrakastatsuenak. Arrasto digitala baliatzen da, horrela, testuinguruan kokatzeko 2022 urtean egindako Korrikak utzitako aztarna edo legatu sinbolikoa, Korrikaren marka zein euskararen/euskalgintzaren sinbologia elikatuko dutenak. Hau da, 4. taulan ikusi daitezkeen edukiak dira jendearen oroitzapenean arrasto iraunkorra uzteko aukera gehien duten irudiak.

Helburu hori lortzeko elkarrizketaren bost txio esanguratsuenak jasotzen dira (birtxio + atsegite gehien dituztenak), nortasun kolektiboa eraikitze aldera ekarpen nabarmenena egin dutenak, zehazki, aztertutako elkarrizketa digitalean.

Edukien azterketa egin ondoren esan dezakegu bi joeratako mezuak topatzen ditugula: alde batetik, lehenengo txioak kutsu kritikoa dauka, negatiboa, polemikoa (arestian egin zaio aipamen); bestetik, hurrengo lau txioek tonu zeharo positiboa dute, informazioa eta epika puntua uztartzen dutelarik. Bestalde, ikus entzunezko formatua gailentzen da, nabarmen, bost txiotik lauk bideoz biralizatutako edukia jasotzen baitute. Ikuspegi orokorra bukatutzat emateko, aipagarria da hiru hizkuntza erabiltzen direla: gaztelania (18. komunitateari dagokiona, gai polemikoari aipamen egiteko), ingelesa (6. komunitateari dagozkien 2. eta 4. txioetan) eta euskara (6. komunitateari dagozkien 3. eta 5. txioetan).

 

4. taula

Txio arrakastatsuenak

Txioa
(2023ko urtarrilak 29an)

Birtxioak/Atsegite
(2022ko maiatzak 3an)

07-297-fig-orbegozo-papelesceic-1-2024.jpg 

https://twitter.com/AitorMerino/status/1509225127891947522

1673 / 5635

08-297-fig-orbegozo-papelesceic-1-2024.jpg 

https://twitter.com/aimar_etxe/status/1510168406049366018?lang=en

885 / 3068

09-297-fig-orbegozo-papelesceic-1-2024.jpg 

https://twitter.com/Mikel_RO_/status/1510155572854902784

704 / 3078

10-297-fig-orbegozo-papelesceic-1-2024.jpg 

https://twitter.com/goikoleaigor/status/1510206122405380098

782 / 2459

11-297-fig-orbegozo-papelesceic-1-2024.jpg 

https://twitter.com/nerea_balda/status/1510151296195735552?lang=en

546 / 1705

Iturria: norberak egina.

 

Gauzak horrela, zentratu gaitezen orain tonu positiboan sarean elkarbanatu diren lau txio horietan; alegia, euskal komunitate zibernautak «barrura» begira (euskal herritarrei) zein «kanpora» begira (mundu zabalera) hedatu nahi izan duen mezua aztertuko dugu. Azterketa bi arlotan banatu daiteke: idatzitako testuaren ikuspegitik zein bideoek jasotzen dituzten irudien sinbolikotasunaren arlotik.

Testuari dagokionean, «maitasuna», «handitasuna», «erokeria», «ederra» bezalako hitzak erabiltzen dira, adiera zabala eta baikorra dutenak. Txioen testuek mugak gainditzen dituen istorio txiki bat irudikatzen dute, maitasunarengatik egindako balentria bati erreferentzia eginez.

Bestalde, lau txioek ikus-entzunezko eduki labur bat hartzen dute oinarri moduan (3 bideo ezberdin dira guztira eta luzeenak 42 segundo irauten du) eta testuarekin gertatzen den moduan, tonu epikoa elikatzen dute. Bideoak antolatzaileek grabatutakoak dirudite (grabazioko planoarengatik eta entzuten diren animo oihuengatik, bederen, badirudi antolatzaileak joaten diren furgonetaren atzeko partean doazela irudiak grabatu dituzten pertsonak) eta horrek gogoeta argi batera garamatza: antolaketan jarduten dutenek (kasu honetan, AEK-ko arduradunak edo ekimenaren dinamizatzaileak) hedapen sozialerako irudiak eta mezuak argitaratzeak garrantzia handia dauka, ekimenaz transmitituko dena, hein baten, kontrolpean izateko aukera dutelako. Hau da, jende askorentzako ekimenari buruz zerbait jakiteko lehenengo informazio iturria ekimenaren antolatzailea izango da, eta antolatzaile horrek, beraz, argi eta garbi definituta izan beharko du komunikazio estrategia eta komunikaziorako bitartekoen definizioa, besteak beste.

Deigarria da, gainera, bideoetan kontrajarriak izan daitezkeen bi inguru geografikori erreferentzia argia egiten zaiela: landa-gunea eta hiri-gunea. Euskaldunon mundu-ikuskeran bereziki garrantzitsua da bi ingurune horien bateratzea edo elkarketa, sinbiosi edo konbinazio horrek eraiki baitu euskaldun garaikideen nortasuna modu sinbolikoan: landa-guneak tradizio, sineskera eta folklorearen esentzien gordeleku gisa jokatu du azken hamarkadetan; aldiz, euskaldunon historia garaikidean, hiri-guneak paper garrantzitsua izan du, modernitatearen, aurrerapenen eta aberastasunaren eskenatoki sinboliko moduan.

Bestalde, lau mezuek elurra dute protagonista. Lehenengo bideoan (2. eta 3. txioetan) egunsenti bat irudikatzen da etxerik edo eraikinik gabeko landa eremu batean. Elurrak esparru guztia bete du eta erdian bidezidor bat irekitzen da, justu-justu, Korrikako korrikalariak eta antolatzaileen furgoneta pasatzeko. Bigarren bideo bat (4. txioan) hirigune batean kokatzen da eta jende andana ageri da korrika elurpean, pozarren, testigua daraman bikote baten atzean. Bukatzeko, hirugarren bideoan aktibista talde bat agertzen da, elurraren ondorioz bidea jarraitzeko arazoak dituen antolatzaileen-animatzaileen furgonetari bultza eginez.

Ikuspegi orokor batetik irudi horiek testuinguru sinboliko batean kokatuta, esan genezake hurrengo ideia edo balioei erreferentzia egiten dietela: sustraiak elkarrekin babesteak dakarren edertasunari, oztopoei elkarlanean gainditzearen garrantziari, inoiz gelditu behar ez den olatu biziari… Azken finean, herritar-multzo temati, konpromisodun, printzipiodun, kementsu, ausart eta zoriontsu bat irudikatzen da metafora bisualen bitartez.

 

6. Ondorioak, mugak eta etorkizuneko lan-ildoak

Datu masiboen paradigma berrian kokatzen den ikerlan honek fenomeno sozialen inguruko ezagutza zientifikoa sortzeko prozesu metodologiko zehatza aurkezten du. Kasu honetan, Korrika da ikerketa objektua, euskal nazioarentzako kidego-talde sena delakoaren eraikuntzarako hitzordu garrantzitsuenetako bat. Hartara, 2022. urteko edizioak iraun zuen bitartean Twitterren gertatu ziren interakzioak aztertzen dira, Sare Sozialen Analisiaren metodologia eta Edukiaren Azterketa Deskriptiboa baliatuta.

Hala, ikerketaren diseinuan planteatzen diren hiru hipotesiak baieztatzen dituzte Twitterretik erauzitako eta prozesatutako datuek.

Lehenik eta behin, Korrika digitalak komunitate kohesionatu eta orekatu bat irudikatzen du Twitter sare sozialean. Gertatutako interakzioei eta eduki arrakastatsuenei begiratuta esan daiteke hizkuntza gutxitu horren aldeko ekimenak izaera herrikoia duela, lidergotza aktore ezberdinen eta anitzen artean konpartitzen duelarik. Hau da, eragile zein subjektuek modu kooperatibo, aske eta horizontalean jarduten dute edukiak partekatzeko eta horiek esanguraz betetzeko.

Bigarrenik, txio arrakastatsuenek ikus-entzunezko baliabideak atxikitzen dituzte, metafora sinbolikoak eraikiz, irudi zehatzen bitartez. Metafora horien elementu nagusia elurra da, Korrikaren 22. edizioan fenomeno meteorologiko horrek irudi ikusgarriak eta ez ohikoak eskaini baitzituen. Hala, elurra protagonista duen eszenak biralizatzen dira eta eszena horiek euskalduntasunaren errelatoa, baloreak eta nortasun kolektiboa elikatzen dituzte. Euskararen aldeko aktibisten irudi sinbolikoa hurrengo ideia edo balioekin erlazionatzen dituzte aipatutako istorioek: esfortzatua, erromantikoa, kementsua, ausarta, tinkoa, elkarlanerako prest dagoena, kooperatiboa, nekaezina, eta abar. Hartara, euskara (elurraren kolorearen bezalako objektu purua, oztopoen gainetik bizirik dirauena) litzateke euskaldunon aktibismo-objektua.

Hirugarrenik, aipagarria den beste fenomeno bat da elkarrizketa digital ia osoa termino positiboetan garatzen dela. Oro har, esan daiteke euskara erabiltzen dela barne-kohesioa eta barne-emozioa bilatzeko; ingelesa eta gaztelania, ordea, nazioarteko komunitatearekin lotura afektibo zein aktibistak ezartzeko. Hala, bada gorroto diskurtsoaren zantzurik baina oso minoritarioa da (txio gutxi batzuk) eta txiolari gehienek ez dute inongo interakziorik berarekin, alegia, Korrikaren aurkako balizko diskurtsoak erabat isolatzen dira bakar-bakarrik, i­nput mota horrek ez baitauka konfrontaziotik ihes egiten duen elkarrizketa digital honetan le­kurik.

Horrekin guztiarekin, orain arte ikusitakoak bi gogoeta nagusi egitera bultzatzen gaitu. Alde batetik, esan genezake, Korrika aktibismo fisikoaren paradigman kokatzen dela, oraindik orain. Aitzitik, ikerlan honek agerian uzten duen moduan, eremu digitalean sortzen eta partekatzen diren mezuek eta sinboloek zeresan handia dute herri edo nazio baten nortasun kolektiboaren eraikuntzarako. Hartara, Korrika phygital (Zulianello, 2021) aktibismoaren (fisikoa zein digitala) eredutzat jo dezakegu. Gainera, errelatoak sortzeko eta partekatzeko moduari erreparatzen badiogu (eraikitzailea, parte-hartzailea, kolaboratiboa, berdintasunean eta askatasunez egindakoa, eta abar.), Internetek eta sare sozial digitalek hasieran zeukaten ikuspegi itxaropentsuari erantzuten dio aztertutako elkarrizketa digitalak.

Bestalde, Twitterrek aktibismorako daukan erabilgarritasuna agerian geratzen da ikerketa kasu honetan. Elkarrizketa digitalean gertatutako interakzioek hurrengorako balio dute: komunitatearen barne kohesioa sendotzeko, sinbologiaren bitartez nortasun kolektiboak edo identitateak eraikitzeko, nazioarteko antzeko komunitateekin loturak sendotzeko, besteak beste.

Azterketaren muga gisa, aipatu beharra dago Twitter identifikatu izan dela endogamia digitala elikatzen duen plataforma gisa. Ildo horretatik, zientzialari askok teorizatu dute oihartzun ganbera kontzeptuaren inguruan (González, 2011). Baina, hain justu, gure ikerketa objektua den Korrika ekimenean parte hartu duten aktibista digitalek badirudi oztopo horren kontzientzia kolektiboa hartu dutela; hain justu, euskara ez den beste hizkuntza batzuetan traolak txertatzea bada, ikusi den moduan, endogamia hori gainditzeko saiakera bat.

Gainera, Twitterren egindako ikerketek badituzte, oro har, beste muga batzuk, jasotako datuen alborapen edo sesgoekin, sortutako ezagutza soziala orokortzeko joerarekin edo erabilitako hizkuntzekin lotzen direnak (Zarrabeitia-Bilbao, Rio-Belver et al., 2022). Nolanahi ere, Twitterrek eskaintzen dituen aukerei erreparatuta eta aztertu den mobilizazioaren ezaugarriak ikusita, posible izan da proiektu honek zituen helburuak betetzea.

Bukatzeko, ikerlan honetan jasotzen den metodologia beste hainbat fenomeno aztertzeko baliatzeko aukera dago, aztarna digitala baliatuta ezagutza zientifikoa sortze aldera. Metodoak ematen dituen aukerak anitzak dira eta fenomenoari hainbat ikuspegitik heltzeko parada ematen du. Kasu honetan, esaterako, epe luzeko azterketa egin daiteke Korrikaren bi edizio edo gehiago hemen hautatutako parametroen arabera konparatzeko. Hala nola, etorkizuneko lan ildo moduan hizkuntzen arteko konparaketa integral edo sakonagoak egin daitezke, edo aukeratutako fenomenoak beste sare sozial digital batzuetan izan duen isla aztertu daiteke, Twitterrek gainontzeko sareekin dituen ezberdintasunei erreparatzeko.

 

7. Bibliografia

AEK (2023). KORRIKA: Euskal Herriko AEK. Hemen eskuragarri: https://www.aek.eus/eu/zerbitzuak/korrika.

Ahuja, V., & Shakeel, M. (2017). Twitter Presence of Jet Airways-Deriving Customer Insights Using Netnography and Wordclouds. Procedia Computer Science, 122, 17-24.

Alcibar, M. (2017). La revitalisation de la langue basque à travers la Korrika. In M. Dokthourichvili, J. Boissonneault & A. Reguigui (Eds.), Les langues et leurs territoires. Entre conflit et cohabitation. Actes du Colloque international Langues et Territoires (pp. 59-76). Sudbury: Séries Monographiques en sciences humaines, Université Laurentienne.

Aldayturriaga, A. (2021eko azaroaren 27a). La Korrika quiere llevar a las calles una nueva «oleada» a favor del euskera. Hemen eskuragarri: https://www.eldiario.es/euskadi/korrika-quiere-llevar-calles-nueva-oleada-favor-euskera_1_8498151.html.

Arana, E., Narbaiza, B., & Mimenza, L. (2015). Korrika, a Transmedia View. International Journal of Transmedia Literacy, 1(1), 117-129.

Arbelaitz, L. (2015). Korrika: the world’s biggest language festival? Opendemocracy. Hemen eskuragarri: https://www.opendemocracy.net/en/can-europe-make-it/korrika-worlds-biggest-language-festival/.

Barcena-Hinojal, I., & Guilló-Arakistain, M. (2022). Pandemiaren eragina parte-hartzean. In M. Barba-Gassó et al. (Eds.), Euskal Herriko gizarte-mugimenduak gizarte-mugimenduak pandemia garaian pandemia garaian. Egoeraren ondorioak, egokitzapenak eta eszenatoki berriak (pp. 30-64). Cip. Unibertsitateko Biblioteka. Hemen eskuragarri: https://web-argitalpena.adm.ehu.es/pdf/USOPD224387.pdf

Bastian, M., Heimann, S., & Jacomy, M. (2009). Gephi: an open source software for exploring and manipulating networks. International AAAI Conference on Weblogs and Social Media. Limassol, Chipre.

Berria (2015eko martxoaren 07a). Zer da Umap? Berria.

Blondel, V. D. et al. (2008). Fast unfolding of communities in large networks. Journal of Statistical Mechanics: Theory and Experiment, 8(10), 1-12.

Bringel, B., & Pleyers, G. (2020). Introducción. La pandemia y sus ecos globales. In B. Bringel & G. Pleyers (Eds.), Alerta global (pp. 9-34). Buenos Aires: CLACSO.

Brünker, F. et al. (2020). The Role of Social Media during Social Movements – Observations from the #metoo Debate on Twitter. Proceedings of the Annual Hawaii International Conference on System Sciences (pp. 2356-2365). Honolulu, University of Hawaii at Manoa.

del-Fresno-García, M., Daly, A. J., & Supovitz, J. (2015). Desvelando climas de opinión por medio del Social Media Mining y Análisis de Redes Sociales en Twitter. El caso de los Common Core State Standards. Redes. Revista Hispana Para El Análisis de Redes Sociales, 26(1), 53-75.

del-Valle, T. (1988). Korrika: Rituales de la lengua en el espacio. Barcelona: Anthropos.

del-Valle, T. (2003). La importancia del ritual en los procesos de etnicidad: la korrika vasca. In M. Francisco-Xavier & R. Sánchez (Eds.), Culturas en juego: ensayos de antropología del deporte en España (pp. 103-120). Barcelona: Icaria.

Díaz-Martínez, C., Díaz-García, P., & Navarro-Sustaeta, P. (2020). Hidden Gender Bias in Big Data as Revealed by Neural Networks: Man is to Woman as Work is to Mother? Revista Española de Investigaciones Sociológicas (REIS), 172, 41-60.

Elordi, A. (2022). Euskaraldia eta Korrika. Nola kudeatzen da euskalgintzaren bi ekimen inportanteenen komunikazio estrategia? Konferentzia, EHUko Gizarte Eta Komunikazio Zientzien Fakultatean. Leioa, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea.

Frison, R., & Silvina-Di-Meglio, M. (2021). Vista de Adolescencias en pandemia: exploraciones, historización y proyecto en un tiempo de virtualización de la vida cotidiana. Orientación y Sociedad, 21(1), 1-17.

Gonzalez-Oviedo, C. (2018). Activismo feminista en internet y su impacto en las ciudadanías de las mujeres. In Seminario Democracia/s, ciudadanía y Estado en América Latina en el siglo xxi. Guatemala, Facultad Latinoamericana en Ciencias Sociales.

González, V. (2011). Educación para la ciudadanía democrática en la cultura digital. Comumicar, 18(36), 131-138.

Guilló-Arakistain, M., & Luxán-Serrano, M. (2022). Gizarte-mugimenduen eszenatoki berriak pandemiaren garaian: ikerketaren azken gogoetak. In M. Barba-Gassó et al. (Eds.), Euskal Herriko gizarte-mugimenduak gizarte-mugimenduak pandemia garaian pandemia garaian. Egoeraren ondorioak, egokitzapenak eta eszenatoki berriak (pp. 98-106). Cip. Unibertsitateko Biblioteka. Hemen eskuragarri: https://web-argitalpena.adm.ehu.es/pdf/USOPD224387.pdf

Gurrutxaga, A., Elorza, M., & Ubeda, G. (1997). Euskal Herria Korrika: 17 urte 10 pausotan. Bilbo: Alfabetatze eta Euskalduntze Koordinakundea (AEK).

Kitchin, R. (2017). Thinking critically about and researching algorithms. Information, Communication & Society, 20(1), 14-29.

Konzack, L. (2017). Transmediality. In The Routledge companion to imaginary worlds (pp. 134-140). London: Routledge.

Kotenko, V. (2019). Correr la lengua: el fenómeno de la Korrika. Estudios Hispánicos, 27, 39-52.

Küppers-Johansson, R. (2018). El ágora digital: análisis de la relación entre deliberación democrática y nuevas redes digitales. Teknokultura. Revista de Cultura Digital y Movimientos Sociales, 15(2), 415-427.

Larrondo-Ureta, A., Peña-Fernández, S., & Orbegozo-Terradillos, J. (2019). Palabra de candidata. La limitada influencia del género en el discurso electoral en Twitter. Comunicación y Medios, 28(40), 114-126.

Larrondo, A., Morales i Gras, J., & Orbegozo, J. (2019). Feminist hashtag activism in Spain: Measuring the degree of politicisation of online discourse on #yosítecreo, #hermanayosítecreo, #cuéntalo y #noestássola. Communication and Society, 32(4 Special Issue), 207-221.

Maarek, P. J. (1995). Political marketing and communication. London: John Libbey & Company.

Marzouki, A., Chouikh, A., Mellouli, S., & Haddad, R. (2021). From Sustainable Development Goals to Sustainable Cities: A Social Media Analysis for Policy-Making Decision. Sustainability, 13(15), 1-21.

Mazzoleni, G. (2010). La comunicación política. Madrid: Alianza.

Medina, F. X. (2003). Etnicidad y nuevos rituales deportivos urbanos: la korricursa de Barcelona. In F. X. Medina & R. Sánchez (Eds.), Culturas en juego : ensayos de antropología del deporte en España, 2003 (pp. 121-131). Barcelona: Icaria.

Mercado-Maldonado, A., & Hernández-Oliva, A. V. (2010). El proceso de construcción de la identidad colectiva. UAEM, 53, 229-251.

Microsoft (2023). About Power Query in Excel - Excel. Hemen eskuragarri: https://support.microsoft.com/en-us/office/about-power-query-in-excel-7104fbee-9e62-4cb9-a02e-5bfb1a6c536a

Morales-i-Gras, J., Orbegozo-Terradillos, J., Larrondo-Ureta, A., & Peña-Fernández, S. (2021). Networks and Stories. Analyzing the Transmission of the Feminist Intangible Cultural Heritage on Twitter. Big Data and Cognitive Computing, 5(4), 1-17.

Moreno-Pestaña, J. L., & Bruquetas-Callejo, C. (2017). Sobre el capital erótico como capital cultural. Revista Internacional de Sociología, 74(1), 1-16.

Mrvar, A., & Batagelj, V. (2021). Programs for Analysis and Visualization of Very Large Networks. Reference Manual. Slovenia, University of Ljubljana. Hemen eskuragarri: http://mrvar.fdv.uni-lj.si/pajek/pajekman.pdf

Newman, M., & Girvan, M. (2004). Finding and evaluating community structure in networks. Physical Review E, 69(2), 1-15.

O’Reilly, T. (2005). What is Web 2.0? Desing patterns and business models for the next generation of software. In H. Margaret Donelan, K. Lesley Kear & M. Ramage (Eds.), Online Communication and Collaboration: A Reader (pp. 17-37). London: Routledge.

Ojamaa, M., & Torop, P. (2015). Transmediality of cultural autocommunication. International Journal of Cultural Studies, 18(1), 61-78.

OpenRefine (2023). A free, open source, powerful tool for working with messy data. Hemen eskuragarri: https://openrefine.org/

Orbegozo-Terradillos, J., Larrondo-Ureta, A., & Morales-i-Gras, J. (2020). Influencia del género en los debates electorales en España: análisis de la audiencia social en #ElDebateDecisivo y #L6Neldebate. Profesional de La Informacion, 29(2), 1-13.

Orbegozo-Terradillos, J., Morales-i-Gras, J., & Larrondo-Ureta, A. (2019). Feminismos indignados ante la justicia: la conversación digital en el caso de La Manada. IC Revista Científica de Información y Comunicación, 16.

Orbegozo-Terradillos, J., Zarrabeitia-Bilbao, E., & Alvarez-Meaza, I. (2022). Euskal traol-aktibismo feminista: 2021eko Emakumeen Nazioarteko Egunaren elkarrizketa digitalaren azterketa. Uztaro. Giza Eta Gizarte-Zientzien Aldizkaria, 121, 113-134.

Orzaiz, I., & Rey-Gorraiz, U. (2022ko martxoaren 17a). Korrika hasi da «motorrak berotzen» Iruñean. Berria.

Ott, S., & Del-Valle, T. (1995). Korrika: Basque Ritual for Ethnic Identity. The Journal of the Royal Anthropological Institute, 1(3), 655-656.

Peña-López, I., Congosto, M., & Aragón, P. (2014). Spanish Indignados and the evolution of the 15M movement on Twitter: towards networked para-institutions. Journal of Spanish Cultural Studies , 15(1-2), 189-216.

Rendueles-Menéndez-de-Llano, C. (2016). La ciudadanía digital. ¿Ágora aumentada o individualismo postmaterialista? Revista Latinoamericana de Tecnología Educativa - RELATEC, 15(2), 15-24.

Rodríguez-Palchevich, D.-R. (2008). Nuevas tecnologías Web 2.0: Hacia una real democratización de la información y el conocimiento. Hemen eskuragarri: http://eprints.rclis.org/11814/1/Rodriguez-DianaTRABAJOelis.pdf

Roldán-Álvarez, D., Martínez-Martínez, F., Martín, E., & Haya, P. A. (2021). Understanding Discussions of Citizen Science Around Sustainable Development Goals in Twitter. IEEE Access, 9, 144106-144120.

Scolari, C. (2013). Narrativas transmedia. Cuando todos los medios cuentan. Barcelona: Deusto.

Twarc (2023). twarc2. Hemen eskuragarri: https://twarc-project.readthedocs.io/en/latest/twarc2_en_us/

Twitter (2023). Twitter API for Academic Research. Hemen eskuragarri: https://developer.twitter.com/en/products/twitter-api/academic-research

Umap (2020). Euskaldunon Twitterreko jarduna. Estatistiken txostenak, hileka antolatuta, 2013. urteaz geroztik. Hemen eskuragarri: https://sustatu.eus/1581630692116

Umap (2021). Euskararen presentzia sare sozialetan: Twitterreko euskal komunitatea. Hemen eskuragarri: https://umap.eus/media/pdf/umap_2021_12.pdf

Umap (2023). Euskararen presentzia sare sozialetan: Twitterreko euskal komunitatea.2023ko urtarrileko estatistikak Twitterren. Hemen eskuragarri: https://umap.eus/media/pdf/umap_2023_1.pdf

Van-Dijk, J. (2016). La cultura de la conectividad: Una historia crítica de las redes sociales. Buenos Aires: Siglo veintiuno.

WordArt (2023). Word Cloud Art Creator. Hemen eskuragarri: https://wordart.com/.

Zabala, J. et al. (2023). Korrika, running in collective effervescence through the Basque Country: A model of collective processes and their positive psychological effects. Frontiers in Psychology, 14(February), 1-14.

Zarrabeitia-Bilbao, E. et al. (2022). Green energy: Identifying development trends in society using Twitter data mining to make strategic decisions. Profesional de La Informacion, 31(1), 1-16.

Zarrabeitia-Bilbao, E. et al. (2022). World Environment Day: Understanding Environmental Programs Impact on Society Using Twitter Data Mining. Social Indicators Research, 164(1), 263-284.

Zubiaga, A. (2016). Euskahaldun: euskararen aldeko martxa baten sare sozialetako islaren bilketa eta analisia. Ekaia, 29, 139-154.

Zulianello, M. (2021). The League of Matteo Salvini: Fostering and Exporting a Modern Mass-Party Grounded on «Phygital» Activism. Politics and Governance, 9(4), 228-239.

 

[1] Codesyntax enpresak sortua 2015ean, Umap web zerbitzuak Twitterren euskaraz argitaratzen diren txioak bilatu, iragazi eta aztertzen ditu (Berria, 2015). Umap.eus-ek euskarazko Twitterreko joerak neurtzeko balio du, beste hizkuntza eta herrialde batzuetan Trendinalia, Trensdmap edo Trends24 bezalako webguneek egiten duten antzera. Esteka honen bitartez joan daiteke webgunera: https://umap.eus/. Azken kontsulta: 2023/02/03.

[2] Gaiari lotutako informazio gehiago jakin nahi izanez gero, hurrengo albistea kontsultatu daiteke: https://www.eldiario.es/madrid/somos/ayuntamiento-madrid-niega-permiso-celebrar-korrika-carrera-tradicional-apoyo-euskera_1_8876760.html. Azken kontsulta: 2023/03/09.

[3] Txioa hurrengo estekan kontsultatu daiteke: https://twitter.com/AitorMerino/status/1509225127891947522. Azken kontsulta: 2023/03/09.

[4] Kontuan izan beharra dago ezkerreko subiranismoaren mugimenduaren baitan badirela zenbait bozeramaile politiko erreferenteak direnak Twitterren eta beste sare sozial batzuetan. Ikerketa lan hau egin denean, Arnaldo Otegik (@ArnaldoOtegi) 154.500 jarraitzaile inguru ditu Twitterren, Oskar Matutek (@oskarMatute) 139.600 eta Maddalen Iriartek (@MaddalenIriarte) 19.500 inguru, esate baterako. Jarraitzaile kopuru handia izan arren, ordea, ezkerreko militante independentistak nagusiki elkartzen dituzten taldeetan (14. eta 11. komunitateak) ez dira erreferente horiek agertzen, baizik eta jarraitzaile kopuru xumea duten ezker subiranistak. Datu hori paradigmatikoa da elkarrizketa digitala horizontala eta lidergotza partekatuduna dela adierazteko orduan.