Aldizkariari buruz
Gai-eremuak
Aldizkariak, besteak beste, honako arlo hauei lotutako lanak onartuko ditu:
- Enpresen zuzendaritza eta administrazioa
- Antolakuntzaren berrikuntza eta pertsonen kudeaketa
- Tresnak: finantzak, kontabilitatea, marketina, fiskalitatea...
- Ekonomia aplikatua
- Ekonomia eta enpresa hezkuntza
- Ekonomia soziala eta solidarioa
- Jasangarritasuna eta ekonomia zirkularra
- Ekintzailetza
- Ekonomia zirkularra
Argitaratzeko, jatorrizko ikerketako nahiz unibertsitateko irakaskuntzaren berrikuntzako eta hausnarketako artikuluak hartuko dira kontuan. Uneko errealitatearekin loturiko lanak lehenetsiko dira, gizarte, ingurumen edo kultura arloko gaiak jorratzen dituztenak, betiere ikuspegi zorrotz eta oinarri zientifikoarekin.
Argitaratzeko hizkuntzak
Hizkuntza nagusia eta lehentasunezkoa euskara izango da, baina, salbuespen gisa, ekarpenak gaztelaniaz edo ingelesez onartu ahalko dira, baldin eta horien argitalpena interes tematikoak edo nazioarteko jatorriak justifikatzen badu.
Nolanahi ere, argitaratutako lan guztietan laburpenaren ingelesezko bertsioa (artikulu luzeetan), laburpena, izenburuak eta horien gako-hitzak erantsiko dira.
Hartzaileak
Aldizkaria unibertsitateko irakasleei eta ekonomiako, enpresako eta goi-mailako hezkuntzako ikertzaileei, graduondoko ikasleei eta formakuntza prozesuan dauden ikertzaileei zuzenduta dago, baita aldizkariaren gai-eremuetan interesa duten eragile sozial eta ekonomikoei ere.
Aldizkakotasuna
Aldizkaria urtean behin egingo da, eta urtean zenbaki bakarra argitaratuko da. Eskuragarri dauden baliabideen eta ekarpenen bolumenaren arabera, etorkizunean ale gehigarriak argitaratzea baloratuko da.
Aldizkariaren historia
1994ean Donostiako Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskolak aldizkari zientifiko bat jarri zuen martxan. Bere sorrera irakaskuntzaren, ikerketaren eta gogoeta kritikoaren arteko loturak indartzeko borondatean zuen jatorria. Hasieratik, aldizkariaren helburua izan zen enpresaren eta ekonomiaren inguruko eztabaida akademikoa sustatzea, ikuspegi anitzetatik eta diziplina arteko elkarrizketa bultzatuz. Tamalez, aldizkariak bere jarduna amaitu zuen, eta azken zenbakia 2021ean argitaratu zen.
Azken urteotan, irakasle eta ikertzaile talde baten ekimenari esker, proiektua berriro martxan jartzeko prozesua abiatu da. Oraingo honetan 251 – Enpresa eta Ekonomia Aldizkaria izenaz. “Berpizte” honek ez du iraganeko ibilbidea huts-hutsean berreskuratu nahi; aitzitik, aldizkariaren jatorrizko espiritua gaur egungo erronketara egokitu nahi du, kalitate zientifikoa, gardentasuna eta irekitasuna ardatz hartuta.
Donostiako Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskolako Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzari buruzko aldizkaria argitalpen zientifiko elebiduna da eta 1994ean du bere jatorria. Aldizkariaren helburua enpresaren arloko profesionalei unibertsitateko irakasleek Enpresen Zuzendaritzan egiten dituzten ikerketak hurbiltzea da.
Aldizkari honen aleak bilduman aurki daitezke, eta ale bakoitza adierazi den esparru horretan ikerketak egin ahala enpresaren arlorako eta gizarterako gai interesgarriak edo hedatzeko modukoak daudenean argitaratzen da.
Aldizkariaren ale bakoitzean ahalegina egiten da artikulu guztietan hautatu diren gaiak berriak izan daitezen eta, aldi berean, berariaz zaintzen da egileek gai horiek zurruntasun zientifiko osoz landuta egotea; kontuan har bedi unibertsitateko irakasleek beti betetzen dituztela baldintza horiek beraien ikerketen emaitzak argitaratzerakoan.
Gure asmoa da argitalpen honetan interesa duten guztiei kontsultatzeko material moduan balio dien gai ekonomikoei eta enpresako gaiei buruzko bilduma osatzea.