ENERGIA BERRIZTAGARRIAK EUSKAL HERRIAN. TRANTSIZIO ENERGETIKORAKO DISKURTSOAK ETA ESTRATEGIAK
##plugins.themes.bootstrap3.article.main##
##plugins.themes.bootstrap3.article.sidebar##
Leire Urkidi Azkarraga
Josu Larrinaga Arza
Nerea Zuluaga Mauri
Iñaki Barcena Hinojal
Laburpena
Artikulu hau iturri berriztagarrietan oinarritutako energia-trantsizioei buruzko eztabaiden esparruan kokatzen da. Zehazki, trantsizioei buruzko literaturak identifikatu dituen hiru diskurtso nagusiak (desazkundea eta ekofeminismoa, hazkunde berdea eta Green New Deal delakoa) jorratzen dira, baina, Euskal Herrira ekarrita ñabardura esanguratsuak ematen direla azaltzen dugu, trantsizio justuen eztabaidei jarraiki. Zentzu horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako trantsizio energetikoan giltzarri diren 14 gizarte-eragileren diskurtsoak aztertuko ditugu, korapilo nagusiak nahiz erronka estrategikoak identifikatuz.
Sarrera
Krisi energetiko batean murgildurik gaudelarik, mundu mailako nahiz Europako Estatuen erakundeen proiektu nagusietako bat da trantsizio energetikoaren baitan berriztagarrien-sistemak sustatzea. Eusko Jaurlaritzarentzat zein Nafarroako Gobernuarentzat ere afera garrantzitsua da hau. Oro har, erakunde hauetan trantsizio energetikoa deskarbonizazioarekin eta fosilak ez diren iturrien garapenarekin lotuta dagoen bitartean, beste eragile batzuek trantsizioak modu zabalean ulertzen dituzte, besteak beste, kultura eta eredu sozioekonomikoaren aldaketarekin, sistema deszentralizatuekin eta energiaren kudeaketa demokratikoarekin (Danborenea et al. 2024; Ruitort 2016. Hildyard et al. 2015, Abramsky, 2010).
Klima-aldaketaren erronkei erantzuteko eta dimentsio materialak bizitza sozialean duen garrantzia ikustarazteko asmoz, Soziologia arloan Ariztiak et al. (2017) energia aztertze objektu duten sei ikerketa-agenda identifikatu dituzte: sistema sozio-teknikoak, ontologia, ekonomia, eguneroko praktikak, gatazkak eta trantsizioak. Artikulu honetan Euskal Herrian trantsizio energetikoen inguruan plazaratzen ari diren diskurtso eta estrategiak hizpide hartuko ditugun heinean, Ipar Globalean trantsizio ereduen inguruko hiru proposamen nagusi garatu direla nabarmendu dezakegu.
Baga, High-energy planet edo energiaren sarbide unibertsala helburu (Karlsson, 2018, Ariasen aipatua, 2022:15), korronte ekomodernistak "goitik egindako" trantsizioen alde egiten du, gobernuen, nazioarteko erakundeen edo enpresa-korporazio handien eskutik (Kazimierski, 2021).
Biga, desazkundea helmuga duen korronteak "behetik egindako trantsizioak" eta aldaketa sozial integral bat proposatzen ditu, kontsumo eta ekoizpen ereduen murrizketa dakarrena (D 'Alisa, Demaria, Kallis, 2015). Korronte horrek energia erlazio, eskubide eta ondasun komun gisa identifikatzen du (Kazimierski, 2021), eta ez merkantzia bezala. Zentzu horretan, energia-sistemek menderatze- eta pribilegio-harreman ekonomikoak (erre)produzitzen dituztela ohartarazten da (Almazan eta Riechmann, 2023), eta pertsonen eta lurraldearen arteko harremanak baldintzatzen direla.
Higa, Estatuek bultzatutako Itun Berdeek (New Green Deal, ingelesez), erregai fosilen ordez goi-teknologiaz garatutako bihurgailu berriztagarriak (eolikoak eta fotovoltaikoak, batez ere) modu masiboan eta bizkorrean ezartzeko trantsizioa proposatzen dute (Almazán eta Riechmann, 2023), hazkunde ekonomikoaren ereduaren eta ekoizpen-azpiegituraren eraldaketa ahalbidetzeaz gain (Pérez, 2021). Estatu Espainiarrean, zeharkako ekintza-ildoak dituzten programa politikoak planteatu dira erreforma sozial baten esparruan, adibidez, enplegu berdea, justizia soziala, lurralde-berroreka eta politika ekofeministetan (Tejero eta Santiago, 2019).
Gainera, trantsizioen ikerketa-agendarekin batera, Gizarte Zientzietan energia-justizia zeharkako azterketa-lerro berri gisa aipagai dugu. Arlo honetan, energia-sistemen kalteak eta onurak egitura sozial eta espazialen arabera, modu ez ekitatiboan banatzen direla aztertu da (Bickerstaff, 2018). Horrez gain, energiaren ekoizpenean edo erabileran zein diren gizarte-talde desberdinen beharrak, identitateak eta ikuspegiak ikertuz, erabakitze prozesuetan kolektibo batzuen aitorpen instituzionala falta dela ondorioztatu da. Zentzu horretan, justizia prozedimentalaren ikuspegitik, azpimarratu da komunitateek parte hartu behar dutela eragingo dieten proiektuei buruzko erabakietan (Sovacool eta Dworkin, 2015). Azkenik, gaitasunen-justizia deritzon ikuspegiak azaldu du ingurumen injustiziak gertatzen direla euskarri ekologikoaren funtzioak eteten ditugunean, inplikatutako gizarte-sistemaren bizi-gaitasunak mugatzen ditugulako (Scholsberg, 2013). Ildo beretik Gram-Hanseenek (2024) zera aztertzea proposatu du: baldintza soziomaterial jakin batzuen baitan energia-sistemek nola ahalbidetzen duten norbera eta besteen zaintza, zaurgarritasuna eta generoa arazo energetikoaren bi gai nagusitzat hartuz.
Aipatutako guztiaren harira, Wilgoshek et al. (2022) Ipar Globaleko mugimendu ekologista eta sindikalen narratibei buruzko ikerketa batean bi ikuspegi nagusi ezberdindu zituzten. Alde batetik, trantsizioen ikuspegi eraldatzaileenak eta integratzaileenak eta, beste alde batetik, trantsiziorako ikuspegi mugatuagoa dutenak, merkatuan oinarritutako irtenbideen statu quo-ari eta egungo enplegu-ereduei jarraitzen dietenak, hain zuzen ere. Gainera, bidezko trantsizioaren proiektuen inguruan bost haustura edo eztabaida-gai identifikatu zituzten: 1) sakontasuna eta urgentzia, hau da, epe laburreko eta luzeko politiken arteko tentsioa; 2) aldaketaren eskala eta irismena; 3) identitatea eta inklusioa, desberdintasun soziokulturalak aitortzeko arazoa barnebiltzen duena; 4) ekitate materiala, konpentsazio-politikekin, irabazien banaketarekin, energiaren jabetzarekin eta abarrekin lotuta dagoena, eta 5) berregituraketa demokratikoko prozesuetan eta energiaren kontrol sozialean parte hartzea. Dimentsio hauek gure analisiaren abiapuntu izan dira.
Euskal Herrian, energia berriztagarrien proiektu askok eztabaida sutsuak piztu dituzte azken urteotan. Gatazka foku nagusiak Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak edo energiaren sektoreko enpresa batzuek eskala handiko parke eoliko edo fotovoltaikoak ezartzeko kokalekutzat jo dituzten herri eta bailaretan gertatzen ari dira. Gainera, azpimarratzekoa da eztabaida polarizatzen joan dela bidezko trantsizio baten alde dauden sektoreen barruan ere.
Testuinguru horretan, energia berriztagarriak ezartzearen inguruko planteamendu desberdinak azaldu nahian, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) EKOPOL ikerketa-taldetik hiru mahai-inguru antolatu genituen. Eztabaida hauetan erakunde publikoetatik, energiaren sektoreko enpresetatik, alderdi politikoetatik, mugimendu ekologistatik eta esparru akademikotik etorritako 14 eragilek parte hartu zuten. Begirada eta ahots anitzak bildu arren, partaide guztiek trantsizio energetikoaren alde egin zuten eta eztabaida soziopolitikoetan zentratu ziren. Beraz, arazoaren konplexutasunari heltzeko bestelako kokapen eta proposamenak biltzea falta dela argitu nahi dugu.
Artikulu hau lau atal nagusitan banatzen da. Sarrera honen ondoren metodologiaren eta testuinguruaren deskribapena egiteaz gain, Euskal Herrian trantsizio energetikoa bideratzeko diskurtso eta proposamen ezberdinak aztertuko ditugu, bost ardatz jorratuz (eredu energetikoa, eskala, eredu sozioekonomikoa, aldaketa kulturala eta gobernantza). Azkenik, ondorioen atalean gure emaitzak beste ikerketen emaitzekin alderatuko ditugu.
- Ikerketa galderak, metodologia eta teknikak
Ikerketa honetan, Euskal Herrian energia berriztagarrietan oinarritutako trantsizio energetikoaren inguruan dauden diskurtsoak eta estrategiak aztertzeko, gure buruari galdera zehatz batzuk planteatu genizkion:
- Zer motatako trantsizio energetikoa irudikatzen dute eragile desberdinek?
- Euren ustez, zer aldatu beharra dago egungo eredu energetikoan?
- Zein da aldaketaren eskala?
- Zeintzuk dira erronka horiek guztiak lortzeko eredu sozial, ekonomiko eta politikoa?
Galdera horien bueltan eraikitzen diren diskurtso eta proposamenak aztertzeko metodologia kualitatiboa erabili dugu. Informazioa biltzeko, 2023ko otsaila eta apirila bitartean UPV/EHUko hiru campusetan (Donostian, Gasteizen eta Bilbon) hiru eztabaida-mahai antolatu genituen “Energia berriztagarriak Euskal Herrian. Gatazka edo konponbidea?” izenburupean. Orotara 14 gizarte-eragilek parte hartu zuten, energiaren euskal esparruan giltzarri jotzen ditugunak arlo honetan egindako ekarpenengatik eta duten erreferentzialtasunagatik,eta energiaren alorrean diskurtso landua izateagatik. Esan beharra dago mahai-inguru hauek gaiaren inguruko eztabaida gizarteratzeko helburua zutela, eta horregatik, perfil teknikoagoak ez direla kontuan hartu. Ondorioz, ikusiko ditugun diskurtsoetan gai sozial eta politikoak nagusituko dira, eta ez teknikoak. Eztabaida publiko honetan gakoak diren beste bi eragile, Energiaren Euskal Erakundeak eta Iberdrolak, uko egin zioten gonbidapenari.
Sarreran iradoki bezala, gure asmoa ez da ikerketa exhaustiboa burutzea, baizik eta kokapen ezberdinetara hurbiltzea. Gainera, mahai-inguruaren formatuak partaide kopurua mugatu zuen ezinbestean. Ondorengo taulan eztabaidetan parte hartu zuten eragileak ageri dira:
| Enpresa eta kooperatibak | E1.Goiener energia-kooperatibako ordezkaria (energia sorkuntza, eta, bereziki, energiaren merkaturatzailea), emakumea, Gipuzkoa. E2.EKIOLA (Mondragon Taldea) energia sortzeko kooperatibako ordezkaria, gizona, Gipuzkoa. E3.FAGOR (Mondragon Taldea) industria-kooperatibako ordezkaria, gizona, Bizkaia/Gipuzkoa. |
| Alderdi politikoak | E4.EAJ-PNV-ko ordezkaria, gizona, Gipuzkoa. E5.EH Bildu-ko, gizona, Araba. E6.EQUO-Berdeak-eko ordezkaria (UP edo Sumar koalizioetan parte hartzen duen alderdia), gizona, Bizkaia. |
| Gizarte-eragileak | E7. Etxalde-ko ordezkaria (agroekologiaren defentsan aritzen den erakundea), emakumea, Nafarroa. E8. Araba Bizirik-eko ordezkaria (“megaproiektuen” aurkako Arabako plataformen koordinadora), emakumea, Araba.E9. Sustrai Eraikuntza-ko ordezkaria (“megaproiektuen” aurkako Nafarroako koordinakundea), gizona, Nafarroa. E10. Ingurumen-aholkularia eta aktibista ekologista, gizona, Bizkaia (gaur egun Nafarroan bizi da). |
| Unibertsitateak eta ikerketa zentroak | E11. Ingeniaritzako irakaslea EHUn eta aktibista ekologista, gizona, Bizkaia.E12.Biologia irakaslea Mondragon Unibertsitatean eta ingurumenean aditua, emakumea, Gipuzkoa.E13.BC3ko ikertzailea (Eusko Jaurlaritzaren klima-aldaketarako errendimendu handiko zentroa), emakumea, Bizkaia. E14.Nekazaritza-ekonomialaria, EHUko irakaslea, emakumea, Gipuzkoa. |
Datuen azterketari dagokionez, eztabaida-mahaietan esandakoak transkribatu ostean, hauen eduki analisia gauzatu genuen. Horretarako, fase-anitzeko (Edwards, 2018) eskuzko kodetze bat egin genuen (Nelson et al., 2021). Nelsonek et al. (2021) diotenez, estrategia horrek abantailak ditu kodetze konputazionalaren aldean, batez ere denbora errealean garatzen den arazo sozial polifazetiko berri bat dagoenean, eta horretarako ez dagoenean esparru kultural finkatu eta iraunkorrik eta malgutasun handiagoa behar denean. Horrela, lehenik eta behin, transkripzioen baieztapen garrantzitsuak kodetze ireki batean sailkatu genituen. Ondoren, kategoria analitikoekin eskema bat egin genuen, trantsizio energetikoen tipologian (batez ere, Urkidi et al. 2015) eta beste ikerketa batzuetan oinarrituta (Jenkins et al. 2016; Sovacool y Dworkin 2015, Wilgosh et al. 2022, Gram-Hanseen 2024), zeinak irizpide hauek barnebiltzen dituen: eskala, eragile nagusiak, helmuga (segurtasun energetikoa, subiranotasun energetikoa, bizitzaren sostengua, eta abar) eta izaera (erreformistak, erradikalak, goitik edo/eta behetik egindako trantsizioak). Gerora, kodetze irekiko gai bakoitza kategoria analitiko batekin edo gehiagorekin identifikatu genuen, eta hainbat ardatz tematiko antolatu genituen. Azkenik, transkribatutako zatiak gaikako ardatzen eta kategoria analitiko nagusien arabera berrantolatu genituen.
Iragan hurbilari begiratzeak gako batzuk eman ditzake energia berriztagarriei buruzko egungo diskurtso-talka ulertzeko. Horrela, bada, 90. hamarkadara atzera egin behar dugu, Nafarroako eta EAEko Gobernuek bultzatutako enpresa publikoak lurraldean eskala handiko energia-azpiegitura eolikoak instalatzen hasi zirenean. Ikusiko dugunez, bi lurraldeetan prozesu ezberdinak emango dira.
Nafarroako kasuan, EHN ekimen publikoko enpresak hedatu zituen azpiegiturak lurraldearen erdialdean eta hegoaldean, hain zuzen ere, orografia “atseginak” dituzten eremuetan non ez den biztanle gehiegi bizi. Gainera, lehen fase honetan tokiko erakundeekin (udalerriak, mankomunitateak...) akordioak landu zituzten. Horren ondorioz, energia eolikoko 32 parke jarri ziren martxan. Gaur egun, azpiegitura horien bizitza-erabilgarria mugara iristen ari da eta ekoizpen-ahalmen handiagoko azpiegitura berriekin ordezkatzeko planak plazaratu dira. Gainera, azpiegiturak pribatizatu egin direla eta enpresa berri horiek tokiko erakundeekin duten harremanak okerrera egin duela ikusten dugu.
EAEn ere ekimena publikoa izan zen, baina, aukeratutako kokalekuak nahiko eremu humanizatuetan zeuden. Gainera, goi mendiko eta natur balio handiko eremuak jo mugan jarri ziren, hala nola, Urduña (Gorobel) eta Ordunteko mendiak, Karrantzako harana eta Burgoseko iparraldearen arteko muga. Azpiegitura horiei aurka egiteko tokiko mugimenduak sortu ziren, eta, azkenean, lau parke baino ez ziren martxan jarri, horietako bat Bilboko portu-instalazioen barruan (2 MW-eko potentziako 5 aerosorgailu) eta beste hiru Oiz, Elgea eta Badaiako mendietan. Hiru hauetatik, Elgean eman ziren gehienbat erresistentzia eta eztabaida sozialak.
Hurrengo mapan, 2022 urtean parke eoliko bakoitzeko proiektuak (urdinez), martxan dauden instalazioak (laranjaz) eta handitzen daudenak (horiz) islatzen dira.
Figure 1. 1. MAPA. Haize-park een proiektu ak eta instalazioak , potentzia kontuan hartuz, Euskal Herrian 2022 urtean Iturria: Berria egunkaria, Nafarroako Gobernua, Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernuaren iturrietan oinarrituz. https://www.berria.eus/ikasgela/berriak/xehetasuna/aztertzen-ari-dira-43-parke-eoliko-egiteko-eskariak?_gl=1*wjla9t*_up*MQ..*_ga*MzQ2MDE5ODEzLjE3MzIwMjc5ODg.*_ga_EC0FSX7N43*MTczMjAyNzk4OC4xLjEuMTczMjAyODg1Ny4wLjAuMA
Gaur egun, energia berriztagarrien hedapenaren protagonista nagusienetarikoa ekimen pribatua da, –gai honetara bideratutako Europako funts handien finantzaketa publikoa aprobetxatzen duena–, eta haize- eta eguzki-azpiegiturak instalatzeko proiektuak biltzen ditu.
Nafarroaren kasuan, Nafarroako Energia Planaren berrikuspen edo eguneratzea bukatu da 2024an, mugimendu ekologistaren kritikak jasoaz, batez ere, parte hartzerako abagunea aproposa ez delako izan. EAEren kasuan, 2023an Energia Berriztagarrien Lurralde Sektoreko Planaren erredakzio-prozesua ere azken fasean dago lerro hauek idazterakoan, honi buruz aurrerago jardungo dugu artikulu honetan.
Horren ondorioz, ekimen pribatuko proiektu ugari agertu dira, batez ere, multinazionalak eta inbertsio-funtsak, Nafarroako iparraldean eta EAEko mendi-gailurretan energia eolikoko azpiegiturak ezartzeko. Arabako eta Ebro ibarreko eremuetan eguzki-instalazioen proiektuak aurkeztu dituzte, bi lurraldeetan nekazaritza-jarduerekin lehia eta talka bizia suposatzen dutenak.
Enpresa pribatu eta gobernu erakundeekin batera, hirugarren eragile bat agertu da eszenan. Hain zuzen ere, proiektu horien aurkako hainbat mugimendu agertzen hasi dira antidesarrollismoaren eta antikapitalismoaren inguruan antolatutako sektore ekologistek dinamizatutakoak; tokiko nekazaritzaren eta abeltzaintzaren interesen aldeko erakundeek sustatutakoak; edo mendiarekin, kirolarekin edo aisialdiarekin lotutako herri-elkarteek hauspotutako mugimenduak.
Artikulu hau idatzi bitartean, EAEko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala garatu da, iturri berriztagarriak modu ordenatuan sustatzeko asmoz. Energetikoki burujabeak izatea (gai horretan, ikusi Ulazia eta Penalba, 2018) eta klima aldaketa mitigatzea ditu helburu. Lurralde Planaren jende-aurreko informazio epea (alegazioak aurkezteko fasea) 2023ko ekaina-uztaila bitartean izapidetu zen. Interesatutako partikularrek, kolektiboek, udalbatzek eta beste administrazio-atalek aurkeztutako 4.000 alegazio baino gehiagori erantzuna ia urtebete eta erdi beranduago eman zitzaien, eta Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak ospatu ostean; honek sortu dituen ilunkeria susmoekin. Alegazioetan, udal askok agerpen publikoaren epeari buruzko kexak plazaratu zituzten baina, erantzunetan, Lurralde Antolakuntzaren Legearen prozedurak eta epeak bete zirela azaltzen da. Horrez gain, planaren lehenengo bertsioan aurreikusitako ekipamendu handi guztiak mantentzen dira, 4.000 alegazioen ostean, horiek guztiak ez direla egikarituko argudiatuz.
Azkenik, Euskal Herrian azken urteetan energia berriztagarrien hedapenaren inguruan sortu den eztabaida ulertzeko ezin aipatu gabe utzi gatazka euskal kultura politikoaren eta euskal mugimendu ekologistaren parte dela (Barcena, Ormazabal, Larrinaga, 2023) eta berezko eredu sozioekonomiko antagonikoek desadostasun franko sortzen dituztela.
Trantsizio energetikoari buruzko diskurtso eta proposamenak Euskal Herrian
Trantsizioaren ezaugarritzea eta eredu energetikoa
Mahai-inguruetan parte hartu zuten hizlari gehienek uste dute krisi ekologiko anizkoitz baten aurrean gaudela (klimatikoa, energetikoa eta bioaniztasunari dagokiona) eta energiaren gaiak gizarte eta ingurumen arazo asko biltzen dituela (elikadura, industria, bizimodua, etab.). Gainera, euskal lurraldea oso antropizatuta dagoela adierazi zuten, muga orografiko eta espazial larriak dituela energia berriztagarriak garatzeko, eta klima-aldaketaren aurrean kaltebera dela. Hori gutxi balitz, denboraren faktorea aurka dugula eta epe laburrera eta ertainera trantsizio energetikoa bultzatu beharko litzatekeela adierazi zuten. Hala ere, zenbait ahotsek adierazi zuten trantsizio energetikoa termino polisemiko eta engainagarria izan daitekeela, esanahi desberdinekin erabiltzen ari baita.
Zer da trantsizioa? EVErentzat, komunitate energetikoaren kidearentzat edo mahai honetan gaudenontzat ez da gauza bera. Hori da zehaztu behar duguna: zer trantsizioaz ari gara? Trantsizio justu bat, klima larrialditik aterako gaituena (E14*)
Eztabaida-mahaien analisian hiru diskurtso-posizionamendu nagusi identifikatu ditugu bi galdera hauen bueltan: Zein da gizarte eta ingurumen arazo nagusia? (edo, beste modu batean esateko, zeri erantzun beharko genioke lehenik eta behin?) eta zertarako trantsizio energetikoa? (hau da, zein da helburua?).
Lehenik eta behin, hazkunde jasangarriaren diskurtsoa topatu dezakegu, emisioak jaistearen, energia-iturri fosilak ordezkatzearen eta, epe laburrera, energia-kontsumoa murriztearen alde egiten duena. Edozein proiektu motari bultzada berritua ematen dio, itsas-azpiegitura handiak izan, zein tokiko energia-komunitateak izan. Horri dagokionez, EAE energia berriztagarrien merkatuan posizio nabarmenean kokatzeko “energia sortzeko eta biltegiratzeko gai izatea, eta Unibertsitateak funtsezko zeregina duela” (E4*) adierazi zuten. Proposamen horiek diskurtso zientifiko-tekniko batekin artikulatzen dira, eta diskurtso horrek teknologiaren, berrikuntzaren, ezagutzaren edo eraginkortasunaren zeregina nabarmentzen du.
Los objetivos que se plantean en Europa y en Euskadi para cumplir el Acuerdo de Paris y no elevar la temperatura del planeta por encima de 1.5 grados van en la línea de la disminución del consumo total de energía. El debate tiene que ser sobre el consumo total y cómo reducir, luego vienen las renovables etc. (…) Reducir consumo, con innovación tecnológica, puede que no baje el nivel de vida, (que tengamos) posibilidades de consumo similares. La UE aboga más por la eficiencia energética que por otras cuestiones (E13)
Kontrako aldean, desazkundearen diskurtsoa eta diskurtso ekofeminista daude. Trantsizio mota honek "erakunde zein kontsumo mailan, eta gure iruditegi guztietan, guztia aldatzea ekarriko luke” (E11). Logika merkantilistetatik urrunduz, "bizitza erdigunean jarriko duen trantsizio baten alde" (E14*) egiten dute. Gaur egungo testuinguruan ("larrialdi", "mugaz gaindiko eszenatokia" eta "kolapso" terminoetan hitz egin zuten), egokitzapen neurriak hartu behar direla argudiatu zuten: ekosistema bioanitzak eta laborantza-lurrak behar ditugu bizi dugun klima aldaketaren aurrean. Ikuspegi horietatik, arazo nagusia ez litzateke teknikoa izango, soziala baizik, eta bidea helburua bezain garrantzitsua izango litzateke.Ildo honetatik, abian dauden proiektu energetiko handien etetea eskatu zuten eta lurraldean sakabanatutako sistema deszentralizatuak proposatu zituzten, batez ere, jada antropizatuta dauden eremuetan. Proiektu horiek eskualdeko kontsumo-beharrak asetzera eta energia elkartasunez trukatzera bideratuta egongo lirateke. Horrek guztiak sistema teknologikoen eta ekonomikoen erreztea ekarriko luke, baita energia-azpiegituren demokratizazioa ere.
Transicionar es dejar atrás lo que no sirve, cambiar de raíz. Una búsqueda hacia nuevas lógicas, nuevas maneras de hacer. El problema energético no se puede sustraer del sistema que ha propiciado esta crisis y por lo tanto, las medidas para mitigarla no pueden ser continuistas, sino rupturistas con el modelo actual (E8)
Hirugarrenik, eta aurreko diskurtsoen erdibidean, energia-trantsizioaren bideragarritasunean oinarritutako diskurtso pragmatikoa dei dezakeguna aurkitu dugu. Ikuspegi horretatik, klima-aldaketa arazo garrantzitsuena dela eta energia fosilak behin betiko alde batera utzi behar direla adierazi zuten. Azkar ibili behar dela defendatu zuten, "nire ustez ez dago orain bezala jarraitzea baino eszenatoki okerragorik." (E3*). Proposatu zuten trantsizio mota, funtsean, politikoa eta ekonomikoa da, eta deskarbonizazioa, elektrifikazioa eta digitalizazioa bezalako estrategiak lehenetsi zituzten. Nolanahi ere, trantsizioa ez dela erraza izango ohartarazi zuten:
Ez da berdina helmuga eta bidea ze bide hori egiteko gaur egungo baldintzetatik hasi beharko gara. Eta bidea izango da inperfektua, lokaztua, kontraesankorra, konplexua, hanka bat errealitatean mantendu nahi badugu behintzat (E5*)
Planteamendu horietatik, ondorengoa argudiatzen da: eredu deszentralizatua ez litzatekeela nahikoa izango hain konplexua den euskal jendartearen energia-eskaerari erantzuteko, batez ere, haren industria eta hiri-dimentsioari erreparatuz gero. Horrela, desazkundeaz hitz egin zuten, baina, baita kontsumo asko asetzeko energia berriztagarria sortzeko beharraz ere. Ildo horretan, proiektu guztiak aldi berean eta berehala garatzen hasi beharko lirateke, bai instalazio deszentralizatu txikiak, bai eskala ertaineko eta handiko parke eoliko eta fotovoltaikoak ere.
Eskala kontuak
Aipatu bezala, Euskal Herrian energia berriztagarriak sustatzeko ereduari buruzko hainbat jarrera daude. Euskal jendarteak energia-kontsumo handia duela eta kanpotik datorren energiaren mendekoa dela adieraztean adostasun handia badago ere, eztabaida bizia piztu zen bi galdera hauen inguruan: norekin eta non egin behar trantsizioa?
Segurtasun-energetikoan oinarritutako diskurtso autonomista batetik abiatuta, kanpoko mendekotasuna gutxitzeko eta energia berriztagarrien merkatu-nitxoetan bidea irekitzeko beharraz hitz egin zen. Erabilitako espazio-erreferentziak "hemengoa" eta "kanpokoa" izan ziren, baita sistema globalaren erdigunea eta periferia ere. Diskurtso horietan ez zen gizarte eta ingurumen-inpaktua aipatu, edo gai hori modu lausoagoan agertu zen.
Plaka foltoboitakoak eta eolikoak Txinari erositakoak ez daitezela izan. Gu sortzeko kapazak izatea garrantzitsua da. (…) Energia edo guk sortzen dugu edo kanpokoen menpe egongo gara (E4*)
Aitzitik, beste eragile batzuentzat premiazkoa da sortutako inpaktuei erantzutea eta Euskal Herrian bertan zein beste lurraldeekiko harremanak problematizatzea.
Zor ekologikoaren eta Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko menderatze-egituren ikuspegi kritiko batetik, hainbat eragilek burujabetza energetikoaren aldeko apustua egin zuten, justizia globala oinarri hartuta. Euren hitzetan, "externalizatuta ditugun inpaktu horien zati bat asumitzen hasi behar gara" (E5*). Lurraldearen barruko harremanei dagokienez, desorekak sor daitezkeela uste dute, probintzia batzuk energia sortzen hasi ahalko liratekeelako eta beste batzuk, ordea, ez. Egoera horren aurrean, beste eragile batek erantzun zuen "lurralde ezberdinek haien kontsumo energetikoaren ardura hartu behar dutela eta hori egitura sozioekonomiko bat partekatzen duten eskala ezberdinetan egin behar dela, adibidez, eskualdean" (E3*).
Kolonialismo energetikoarekiko kritikoak diren beste ikuspegi batzuetatik, aldiz, egungo proiektuek Euskal Herria zein mundu mailan desberdintasunak eta desorekak (bir)sortzen dituztela nabarmendu zuten. Alde batetik, Ipar Globalean energia berriztagarria ekoizteko behar diren materialak Hego Globaletik datozela aipatu zuten, lehengo arazoei erauzketa praktiketatik eratorritako arazo berriak gehituz. Bestalde, lurraldearen barruan "negozio neo-estraktibista" bultzatu izana kritikatu zuten.
La energía ha venido de unas latitudes que desde donde estamos, desde el Norte Global, no se veía. Ahora esa brecha extractivista, y esa nueva tendencia de llamar a esta nueva ofensiva de macrorenovables “colonialismo energético”, lo hace con toda la razón del mundo. Es que la brecha ahora es entre Europa y las periferias y, dentro de eso, del campo y la ciudad(E11)
Proiektu energetiko gehienek landa-eremuei eta mendi-eremuei eragingo lieketela kontuan hartuta, hirien eta hauen periferien arteko tentsioak agerian geratu ziren eztabaida-mahaietan. Arazo horri dagokionez, bi ikuspegi kontrajarri agertu ziren:
Ahots batzuek adierazi zutenez, Euskal Herriko landa-eremua oso antropizatuta dago, nekazaritzakoak izateari utzi diote edo industriaren mende daude, eta ezin ahaztu, bertako biztanle askok inguru urbanoenetako antzeko bizimodua dutela. Are gehiago, biztanle gehienak hirietan bizi direla esan zuten eta bertan biltzen dira biztanleria-sektore ahulenak, baita energia-sarbideari eta kontsumoari dagokienez ere. Ildo horretan, herritar guztien energia-eskubideak bermatzearen alde egin zuten.
Hiru miloi pertsonaren gutxieneko beharrizan energetikoak kontutan hartu behar dira, herrietan eta hirietan bizi direnak askotan baldintza ekonomiko/energetiko larriagoetan bizi direnak. Horrek daramagu teknologia berriztagarri guztiak eta eskala guztietan garatzera (E5*)
Aitzitik, beste begirada batzuek "sakrifizio-eremu" bihurtu nahi dituzten herri, eskualde eta haran horien eskubideak eta bizitzak zaintzean jarri zuten arreta. Ezarri nahi diren azpiegiturek kalte larria egiten dietela kritikatu zuten, eta ez daudela barne-kontsumoa asetzera edo haien autonomia indartzera bideratuta, onurak beste esku batzuetan geratzen diren bitartean (akziodunak eta enpresa handiak aipatu zituzten). Jarraian ikusiko dugun bezala, eredu sozial eta ekonomikoa gatazka honen oinarrian dagoela uste dute.
Herritarrek erabakiko balute gure mendietan jartzea, izan beharko luke herri horren barne kontsumorako eta herritarrek erabakita. Inposiziotik dator gatazka. Leitzan badugu parke eoliko bat baina ACCIONAna da eta herriak ez du kasik onurarik ateratzen (E7*)
Eta proiektu horiek ya que gure mendian jartzen ditugun zentzua izan dezaten gure beharrak asetzeko eta ez hirugarren batentzako edo akzionisten diru interesentzako. Orduan alde batetik beharrezkoa urratsa da jakitea ze garapen eredu nahi dugun (E2*)
Eredu sozioekonomikoa eta garapenaren ideia
Euskal Herriko trantsizio energetikoaren inguruan dauden ikuspegi eta proposamen ezberdinak garapenaren ideiaren eta eredu sozioekonomikoaren hainbat kontzepziorekin lotuta daude.
Alde batetik, industriak garapenerako motor gisa eta euskal jendartearen aberastasun eta ongizate-iturri gisa duen garrantzia nabarmendu zen. Euren hitzetan:
Euskal Herria herrialde industrializatua da eta hemen dugun ongizate eredua (osasungintza publikoa, hezkuntza publikoa, pentsioa, babes soziala) hein handi batetan industriak sortu duen aberastasunetik dator. Horrelako industria eta garapen eredua ez daukaten herrialdeek ez dute horrelako ongizate eredurik (…) Herrialde industrializatu eta garatu bat eta kapitalismoa ez da gauza bera (E3*)
Aitzitik, alderdi politikoek eta enpresa eta kooperatiba batzuek defendatu zituzten ikuspegi horietatik, gutxienez bi izan ziren artikulatu ziren diskurtsoak:
Batetik, korronte ekomodernistetatik hurbil eta diskurtso produktibista baten baitan, zenbait eragilek garapenaren ideia bati eutsi zioten, aurrerapen industrialarekin, hazkunde ekonomikoarekin eta aberastasun materialarekin lotutakoa. Horrela, egungo sistema sozio-ekonomikoa mantentzearen alde egin zuten, ingurumenaren aldagaia kontuan hartuz, ingurumenaren eta industriaren arteko "oreka" bilatuz, baina "natura aurretik jarri gabe" (E4*). Irtenbide idealik ez dagoela kontuan hartuta, "gure mix energetikoan kalte gutxien egiten duena garatu beharko dugu" (E4*).
Bestetik, industriaren zeregina ere funtsezkotzat jo zuten beste eragile batzuek ere. Haien ustetan, egungo eredu sozioekonomikoa nabarmen aldatu behar da, muga ekologikoak kontuan hartuz eta "elikagaien eta arroparen xahutzeari, ibilgailu pribatuaren gasolioaren kontsumoari, zaharkitze programatuari eta abarri" (E10) mugak jarriz. Green New Deal korrontetik hurbil dagoen ikuspegi batetik, zenbait sektoretan materialki eta energetikoki murrizketak ezartzea proposatu eta industriaren eraldaketa baten alde egin zuten. Izan ere, industria milaka enpleguren iturri dela ohartarazi zuten (aldi berean, osasungintza eta hezkuntza publikoaren sostengua dena), eta konponbidea ez dela "ez desindustrializazioa, ez landa bizimodura itzultzea" (E3*). Are gehiago, desindustrializazioak eta sistemaren konplexutasuna murrizteak ondorio sozial larriak ekarriko zituztela adierazi zuten.
En los países un poco ricos hay varias claves para el decrecimiento (reducir la producción menos necesaria, sectores destructivos, moda rápida…) pero también hay muchas cosas para mejorar: servicios públicos, sanidad, apoyo al empleo verde, reducción de las jornadas de trabajo, deudas injustas, industria armamentística,… Hay cosas generales en el decrecimiento pero también cosas concretas(E6)
Kontrara, eztabaida-mahaietan gaur egungo garapen-ereduarekin kritikoak diren beste diskurtso batzuk agertu ziren, sistema sozioekonomikoaren erabateko aldaketa bultzatzen dutenak. Planteamendu horietatik, ahots batzuek ohartarazi zuten jendarte eta klase desberdintasunek bidegabeko trantsizio energetikoa eragin dezaketela, edo "sektore sozial guztiek behera egin behar dutela, gehien dutenengandik hasita" (E1*). Hala ere, desazkundearen eta ekofeminismoaren esparruan, hainbat jarrera eta proposamen artikulatu ziren, eta horiek zehaztea garrantzitsua iruditzen zaigu.
Agroekologiaren ikuspegitik, elikadura-burujabetza eta ekonomiaren birlokalizazioa bultzatu behar da. Desindustrializaziorako bideak esplizituki proposatu gabe, argi eta garbi ondorengoa kritikatu zuten: "lurraldearen parte gara eta beti murgiltzen gara dinamika produktibistan” (E14*) eta "geratzen zaigun landa eremua eta bioaniztasuna babesteko eremu apurrak industrializatzeko aukera erraztu da" (E12*).
Orduan Etxalderen iritziz marra gorriak dira elikagai ekoizpenerako metro bakar bat ere ezin dela erabili horretarako. Eta herri bezala hasi behar dugu proiektatzen hemendik eta 50 urtetara autosufizienteak izan behar dugula %100, orduan ezin dugu jarraitu lurrak galtzen. Iada asko galdu dugu (E7*)
Eztabaida horietan zehar, eragile batzuk haratago joan ziren, eta sistema sozio-ekonomikoa deskonplexutzearen eta "ber-ruralizazioaren” alde egin zuten. Zentzu horretan, landa eremuko bizimoduak eta nekazaritza ez-intentsiboko praktika tradizionalak herritar guztientzat funtsezkoak diren ondasun komunak zaintzeko funtsezkoak direla argudiatu zuten.
Hasta ahora se ha vaciado el medio rural. Ahora será necesario al revés para poder satisfacer las necesidades básicas que la ciudad colapsada no puede cubrir. Una vuelta a los orígenes no nostálgica(E8)
Azkenik, ikuspegi ekofeministetatik, hainbat hizlarik bizitzaren iraunkortasuna eta zaintza erdigunean jartzen dituzten eredu berrien alde egin zuten. Besteak beste, mugen ideia nabarmendu zuten, hots, gu izaki zaurgarritzat hartzea (ekodependenteak eta interdependenteak), eta lurraldearekiko eta beste espezie batzuekiko harremana birpentsatzeko beharraz hitz egin zuten.
Transitzio ekologikoa ekofeminista izan beharko litzateke, eskubideei buruz hitz egiteko. (…) Muga batzuk zeharkatu dira jada. Ez hori bakarrik, zaintza krisi batean gaude. Ez diogu heldu, jendarte bezala, bestelako antolaketa sozialari eta desberdintasun sozialei (…) Gure bizitzaren kontrola berreskuratzea bada borrokatu behar den eszenatokia(E14*)
Kontsumo ohiturak eta kultur -aldaketa
Eragile gehienek adierazi zuten trantsizio energetikoaren ardatz nagusietako bat ohitura sozialak aldatzea dela (praktika sozial jasangarriak, bizi estilo berriak,…), horretarako kultur-aldaketa bat beharrezkoa izanik. Azken horri dagokionez, konfiantza-maila ezberdinak agertu ziren:
Zenbait eragilek egungo kontsumo-maila aldatzea oso zaila dela azaldu zuten, eta iruditegi kolektiboan desazkundea onartu nahi ez den galerarekin lotzen dela ohartarazi zuten.
Los ciudadanos de los países ricos del Norte, (….) incluidas las clases trabajadoras, vivimos de forma imperial y a ver si estamos dispuestos a renunciar a ese tipo de vida a costa de los países pobres. Decrecimiento es una palabra, a nivel comunicativo, controvertida, se entiende como pérdida de dignidad, de recursos, mala vida, reducir (…) pues hay que reducir y eso no quiere decir que vayamos a vivir peor, pero tenemos dificultades con esos mensaje (E10)
Ildo beretik, azaltzen zuten ingurumenarekiko kontzientziak ez duela zertan praktika jasangarriekin bat etorri. Hala ere, ohitura sozialak aldatzeko erakundeengan konfiantza-maila bat adierazten dute.
Nik ez daukat esperantzarik P11-k esan duen moduan jendeak bere ohiturak aldatzeko, ikusita gauza nola dihoan. […] nik uste dut gure seme alaben ohiturak aldatuko ez direla… gure gurasoek guk baino askoz kontzientzia gutxiago zuten baina gu baino garbiagoak ziren, eta nik uste dut erakundeek dutela paper garrantzitsu bat (E4*)
Beste ahots batzuek, aldiz, trantsizio erradikalegiak proposatzearen arriskuez hitz egin zuten, eskuin muturrari lotutako sektore politiko batzuk atsekabe hori kapitalizatzeko eta jarrera ukatzaileak sustatzeko prest baitaude. Aipu honek demokrazia liberalaren logiken baitan desazkundea oinarri duen proiektua ezartzeko zailtasunak erakusten ditu.
Asko daude hemen, ni barne, beste gizarte mota bat nahiko genukeena, eredu kapitalista gainditzen duena (…) Eta trantsizio energetikoa eraldaketa horretarako palanka moduan baliatzea ahal den neurrian. Baina garrantzitsua da ikustea zer gizarte dugun aurrean. Ze jendarte honek eta jendarte honen bizimoduak asko du galtzeko. (…) hor arrisku handia dago, hor sortzen den frustrazioa kapitalizatzeko. Eta badago nor kapitalizatuko duen; hor badago eskuin polo bat (…) Uste dugu graduazio eta modulazio baten faltan bagaudela.(E5*)
Horri dagokionez, beste eragile batzuek, jendarte hori kultura-estrategiak aldatuz eraldatu daitekeela (eta aldatu egin behar dela) adierazi zuten. Horrela, beharrak eta nahiak berezkoak ez direla argudiatu zuten. Hau da, interes ekonomiko eta politiko jakin batzuei erantzuten dieten eraikuntza sozialak direla. Zentzu horietan guztietan, mugak kontuan hartuko dituen kultura berri bat aldarrikatu zuten.
Ematen du gertatu zaiguna orain arte ona dela, eta gero dena dela renuntzia. Imaginarioen lanketa egin behar dugu gazteekin (…). Kontziente izan behar gara gure lotura lurraldearekin eta limite batzuetan kokatu behar dugula gure burua. Bestela da infantilizazioaren kultura bultzatzea; ahalduntzea mina pasatuta gertatzen da eta atrabesatu behar dugu limitearen kontzeptu hori ulertuta bizi izan dugun guztia ez dela ona ere, nahiz eta kapitalismoan dena zoriontasuna dela dirudi (E14*).
Ildo beretik, beste eragile batzuek "erantzukizunez" eta "zintzotasunez" (E11) jokatu behar dela iritzi zioten, bizitzeko moduak aldatuko direla eta aldaketa horrek uko egitea eta sakrifizioak eskatuko dizkiela adierazten duen "mezua saihestu” edo ezkutatu gabe, eta, gainera, “jende askok nahitaez egin beharko duela eta ez dela positiboa izango" (E13). Jendartea infantilizatu behar ez dela nabarmendu zuten.
Lo que estamos haciendo básicamente es vender la ilusión de que todo puede seguir igual, que se va a traer riqueza y un montón de empleo… y yo creo que ahí está la trampa principal (…). Tenemos que plantearnos qué es suficiente, y qué implicaciones tiene ir más allá de lo suficiente. Si realmente no queremos poner límite a nuestro deseo de consumir, ¿qué impactos adicionales estamos dispuestos a tener como ciudadanía? (E11)
Azkenik, aldaketarekiko diskurtsorik itxaropentsuenek azpimarratu zuten gizartearen eredu kontsumistatik ateratzea posible izateaz gain, jendeak ikusiko duela desazkundeak onura asko dakartzala "eta afera asko bizitza hobearen logikan" (E6). Horretarako, desazkundearen inguruko kontzientziazioa eta pedagogia behar direla edo "antzinako jakintzak berreskuratu" behar direla (E8) adierazi zuten.
Nik uste dut gizarteak ezin ditugula hainbesterako infantilizatu. Nik uste dut erronka batzuen aurrean positiboki begiratzea ekar dezakegula. Eta hau izan daiteke gizartearen antolakuntzari begira aldaketa positiboak ekar dezakeen aukera bat. Honek ekarri dezake aisialdi beste era batean antolatzea, kontsumo konpultsibo ero hori, larunbatetako supermerkatuko kotxe ilara ero horiek, beste era batean bizitzea; kultura beste modu batean ekoiztea; hau da gure bizitza material hau beste modua batean antolatzea (E12*)
Gobernantza eredua eta parte-hartzea
Trantsizio energetikoaren diskurtsoen azterketa bukatzeko, gobernantza ereduari buruzko proposamenei helduko diegu. Ikusiko dugun bezala, agentziaren arazoarekin batera, energiaren jabetzari buruzko eztabaida agertu zen: nork eduki behar du eta nork izan dezake energia berriztagarrien jabetza eta kudeaketa?
Hala ere, gaiari heldu baino lehen, energia-politikak Europar Batasunetik datozen legeetan oinarritzen direla aipatu beharra dago, eta lege horiek Estatu-kideen eskumen nagusiak ezartzen dituztela. Euskal Herrian fokua jarriz, trantsizioa planifikatzeko arazo bi dira burujabetza politikorik eza eta energiaren kontrol publikorik eza. Gainerakoan, adostasun zabala izan zen trantsizioaren nolakotasunari buruz, hots, demokratikoa izan behar duela eta herritarrekin batera egin behar dela.
Energia-proiektu handien aurka mobilizatzeko duten esperientziatik abiatuta, enpresek merkatuan duten eragina kritikatu zuten hainbat eragilek. Are gehiago, erakunde publikoen eta enpresen arteko negoziazio itxiak salatu zituzten, eta parte hartzeko bide bakarra "mobilizazioa, alegazioak eta luzamenduak" (E10) direla adierazi zuten. Horri dagokionez, trantsizioa interes komunetik egin behar dela defendatu zuten, "política de hechos consumados" (P6) alde batera utzita, "ingurumen-inpaktuen azterketa zorrotza jaso eta plangintza bat" eskatu zituzten, "orain egin nahi ez dena" (E12*).
Para establecer estos proyectos industriales no se tiene en cuenta la opinión contraria de sus habitantes, imponiéndoles y usurpando las capacidades de decisión de las personas más cercanas del territorio (…) La imposición de las medidas de transición energéticas genera el empobrecimiento de amplias capas de la población ya que estas prácticas de privatización dejan fuera a las personas que no forman parte de los grupos hegemónicos y las mujeres seremos las más afectadas como siempre (E8)
Orokorrean, mega-proiektuen aurkako ahotsak inposaketaz eta pribatizazioaz mintzatu ziren. Gainera, modu zuzen batean eragiten dieten proiektuen aurrean beto ahalmena planteatu zuten, eta beharrezkotzat jo zuten gobernantza eredua aldatzea, behetik gorako energia-trantsizio baten alde eginez, udalerrietan eta eskualdeetan partaidetza-prozesuak sortuz.
Bestalde, alderdi politikoetako eta enpresetako eragileek batik bat, trantsizio energetikoak erakunde publikoen, enpresen eta gizarte zibilaren arteko prozesu partekatua izan behar duela adierazi zuten. Gobernantza mistoko eredua izango litzateke, demokrazia formalean eta erakundeen indartzean sakontzen duena.
Eredu publiko eta komunitario batean oinarritutako gobernantza-sistema berri baten alde egiten dutenen artean, honako hau defendatu zuten: "proiektuek bertako beharrei erantzun behar diete, jabego eredu partekatua (guztion kontrolpean), instalazioen funtzio soziala bizitza ziklo osorako blindatuz" (E5*).
Egungo gobernantzaren arazoaren aurrean, beste hizlari batzuek "maila ezberdinetan (makro, meso, mikro) eta sektore anitzetatik (akademiatik, praktikatik, gizarte-mugimenduetatik) behetik gora eta barrutik kanpora eraikitzea" (P14*) proposatu zuten, sistema publikoa indartuz, energia-merkatuaren alternatibak bereiziz eta aberastasunen eta zaintzen birbanaketa planteatuz:
Y el decrecimiento hay que empezarlo desde ya y a nivel municipal (…) significa que hay que repartir la riqueza, significa que hay que disminuir las horas de trabajo, significa que hay que repartir los cuidados, significa que hay que socializar, nacionalizar, re-estatalizar, tomar la propiedad pública que ha sido tomada en las últimas décadas y eso significa enfrentamientos contra el poder(E9)
Hain zuzen ere, eztabaida-mahai askotan gatazka aipatu zuten energia-trantsizioen elementu gisa. Eragile batzuek adierazi zuten gatazka berezkoa dela horrelako prozesuetan, eta "ekitatea bermatzen ez duten energia-politika guztiek gatazkara garamatzatela, eskualdeko erresistentziak eta erresistentzia pertsonalak eragingo dituztelako" (E6). Beste batzuek adierazi zutenez, gatazken jatorrian eztabaidarik eza eta proiektuen inposaketa daude.
Biztanleria dentsitate txikiena duten eremuetarako planei dagokienez, "arazoari bere osotasunean heltzen dion plangintzarik ez dagoen bitartean, EZEZKOA guztiz zilegia da" (E11). Horri dagokionez, beste hizlari bat kezkatuta agertu zen proiektu guztiak jende gutxiago bizi den lekuetan edo erantzuteko eta borrokatzeko gaitasuna mugatuagoa duten eremuetan garatuko ote ziren (E5*).
Azkenik, beste ahots batzuek gatazka era eraikitzailean uler daitekeela eta trantsizioak demokrazian sakontzeko balio dezakeela azpimarratu zuten.
Tener conflictos no tiene por qué ser malo y tenemos que intentar que sean constructivos. Tenemos que hacerlo desde diferentes puntos de vista, ciudadano dolido, técnicos... (...) La solución debería ser transformar todo el modelo, lograr un cambio social y participativo. De la lógica capitalista viene lo que hoy está en manos de unas pocas empresas privadas y hace falta activación ciudadana. Todavía la sociedad no sabe que también puede decidir sobre la energía(E1*)
Ondorioak
Ikerketa honetan Euskal Herriko trantsizio energetikorako giltzarri diren 14 eragileren ahots eta begiradak jaso ditugu. Eragile hauek artikulu honen sarreran deskribatutako hiru ikuspegi diskurtsibo nagusitan (ekomodernismoa, desazkundea eta New Green Deal) kokatzen dira, antzekotasun handiak agertuz ikerketa-energetikoetan identifikatu diren korronteekin. Atal honetan azalduko dugun bezala, Wilgoshek et al. (2022) identifikatutako eztabaidekin bat egiten duten arren, diskurtso bakoitzean ñabardura garrantzitsuak topatu ditugu, bide-orri eta bidegurutze berriak iradokiz.
Hartara, Wilgosh et al (2022) azaldu bezala, lehen tentsio-gunetzat trantsizioaren izaera, sakontasuna eta urgentziaren inguruko erronkak ditugu. Hazkunde berdea edo garapen iraunkorrararen diskurtsoen atzean nahiz diskurtso ekomodernistentzat (Kazimierski, 2021), trantsizio energetikoak izaera mugatua du eta egungo eredu sozioekonomikoari, ongizate-mailei eta hazkundeari eustera bideratuta dago, non industriak, teknologiek, efizientziak eta zientzia-jakintzak zeregin nabarmena duten. Helburua segurtasun energetikoa da, berriztagarrien merkatuan posizioak irabazteko eta autonomia ziurtatzeko. Energia lehengai, merkantzia edo ikergai gisa ulertzen da. Klima aldaketa eta belaunaldien arteko problematika legoke arazoaren jatorrian, erreferentzia-eskala nazioartekoa eta Europa mailakoa litzateke eta sistema energetikoa zentralizatua.
Kontrara, desazkundearen eta ekofeminismoaren diskurtsoan, trantsizio integral baten beharra defendatzen da, eredu ekonomiko eta sozialaren erabateko eraldaketarekin batera (Danborenea et al. 2024; Ruitort 2016. Hildyard et al. 2015, Abramsky, 2010, D 'Alisa et al., 2015). Tokiko eskala erreferentziatzat hartuta, neurriak hauen ingurukoak dira: ekonomiaren berregituraketa eta ber-lokalizazioa, kontsumoaren jaitsiera, energiaren jabetza publiko-komunitarioa, eredu banatu eta deszentralizatuak, jendartearen ber-ruralizazioa, ekosistemen birnaturalizazioa, edo pertsonek naturarekin duten harremana aldatzeari buruzkoak dira. Oro har, energia tokiko komunitateen ondasun litzateke eta elikadura-burujabetza eta bizitzaren dimentsio guztien zaintza eraldaketaren erdigunean legoke.
Erdibidean, energia-trantsizioaren bideragarritasunean oinarritzen den diskurtso pragmatikoa dei dezakeguna aurkitu dugu, egungo eredu sozioekonomikoa abiapuntutzat hartzen duena, berau erreformatzea proposatuz. New Green Deal proposatukoaren ildotik (Tejero eta Santiago, 2019), hainbat sektoreetan behera egitearen, industria eraldatzearen eta digitalizazioan, elektrifikazioan eta deskarbonizazioan aurrera egitearen alde egiten dute, ongizate-sistemaren egungo oinarriak mantenduz eta zerbitzu publikoak bermatuz. Zentzu horretan, energia eskubidetzat hartzen dute eta biztanleria osoak energia eskuratzeko duten aukera azpimarratzen dute, batez ere sektore zaurgarrien sarbidea.
Wilgoshen et al. (2022) bigarren eztabaida-gaia eskala da. Gurean, dimentsio honek pisu handia izan du mahai-inguruetan eta energia justiziaren ekitate eta prozesuen inguruko eztabaidekin bat egiten du (Jenkins et al., 2016). Batzuen ustez, EAEko energia-kontsumo altuak sortu duen zor ekologikoak maila eta eskala guztietako berriztagarrien zabaltzea eskatzen du, Ipar-Hego eskala kontutan hartuta. Hausnarketa hauek bat egiten dute justizia energetikorako zenbait hurbilketa globalekin (Jenkins et al., 2016). Aldiz, Euskal Herriko beste eragile batzuek proiektu berriztagarri handien barneko kolonialismo energetikoa azpimarratzen dute, probintzien arteko desorekei eta hiri-landa eremu binomioari erreparatuz (eskala handiko proiektuak landa eremuan proiektatzen dira, kontsumo handiena hirietan pilatzen delarik). Argudio hauek energia justiziaren beste alderdi batekin egiten dute bat: kolektibo ezberdinen aintzatespenarekin, Wilgoshen et al. (2022) ikerketan, hirugarren dimentsioa dena.
Aipatutakoaren harira, landa-eremuari lotutako espazioei adiera berri bat eman zaiela ikus dezakegu. Horrela, landa-eremua ez da landa edo nekazaritza eremuarekin soilik lotzen, probintzia-hiriburuak baino biztanleria-dentsitate txikiagoa duten herriak ere hartzen ditu, premia propioak dituztenak eta konfigurazio sozial, linguistiko, kultural eta politiko desberdina dutenak. Aitzitik, beste eragile batzuek euskal landa-munduaren ideia deseraikitzen dute, eta haren izaera industrial eta hiritarra azpimarratzen dute, pobrezia energetikoaren arazoa hirietan kontzentratzen dela gaineratuz. Bestalde, mendiak zentraltasuna berreskuratzen du euskal iruditegiaren identitate-elementu gisa. Laburbilduz, aintzatespenaren auzian hiri-periferia ardatza da esanguratsuena (nahiz eta ez bakarra) gure ikerketan, etnia edota klasea gailentzen den beste ingurumen justiziako gatazken aurrean (Schlosberg, 2013). Naumann eta Rudolphek (2020) bezala, “landa-auzia” energia-trantsizioen analisi eta politiketan bereziki landu beharrekoa dela uste dugu.
Ekitatea da Wilgoshen et al (2022) ikerketako laugarren tentsio gunea, bertan konpentsazio-politikak, irabazien banaketa eta energiaren jabetza eztabaidatuz. Beraiek identifikatutako bosgarren eta azken dimentsioa demokratizazioa, parte-hartzea eta energiaren kontrol sozialarekin harremanetan dago. Gure analisian, ekitatearen inguruko argudioak aurreko eztabaidetan topatzen ditugu, energia-ekoizpenaren inpaktuen banaketari dagokionez: Ipar-Hego zor ekologikoa edo hiri-landa ardatzeko energia kolonialismoa. Energia justiziaren ikuspegitik (Sovacool eta Dworkin, 2015), garrantzi handikoak diren energia eskuragarritasunaren eta energia pobreziaren arazoak ez dira azpimarratzen aztertutako diskurtsoetan. Irabazi ekonomikoen banaketaren inguruko argudioak bai agertzen dira, gehien bat enpresa pribatu handien paperarekin erlazionatuta, eta guk parte-hartze eta erabakitze prozesuekin batera aztertu ditugu, gobernantza ereduen eztabaidaren parte direla ulertuz.
Izan ere, trantsizioaren agentzia eta energiaren jabetzaren inguruko eztabaidak lotuta agertzen dira aztertutako eragileen hitzetan. Guztiek defendatzen dute energia sistema demokratikoago baten beharra, non erakunde publikoak eta parte-hartze soziala zentralak diren. Aldiz, hori lurreratzean, ikuspegi ezberdinak agertzen dira. Batzuek enpresa pribatu handiekiko diskurtso oso kritikoak plazaratu zituzten eta enpresa handi eta erakunde publikoen arteko sinbiosiak eta egungo parte-hartze prozesuen eraginkortasun falta azpimarratu. Horrela, energia eredua publiko-komunitarioa izan beharko litzateke eta erabakitze prozesua behetik gorakoa (kasu batzuetan, maila lokalaren beto ahalmena defendatuz). Beste batzuentzako, gaur egun ekarpen guztiak beharrezkoak dira trantsizioa egin ahal izateko, energiaren kooperatibetatik energiaren multinazionaletaraino, eta eredu partekatuetan enpresa pribatuak ere sartuko lirateke.
Azkenik, gure analisian, beste bi eztabaida ildo identifikatu ditugu; orokorrean energia-trantsizioaren beste ikerketa batzuetan pisu handirik ez dutenak (Wilgosh et al., 2022; Sovacool eta Dworkin, 2015, Jenkins et al., 2016). Etorkizunerako desiratzen dugun eredu ekonomikoaren matrizeaz eta desazkundearen aukerez ari gara, hain zuzen ere.
Horri dagokionez, eredu sozioekonomikoari buruzko eztabaida (produktibista eta industriala alde batetik, eta agrarista, landatarra eta ekofeminista, bestetik) funtsezkoa da gatazken nondik norakoak ulertzeko. Aztertutako diskurtsoetan zenbat eta energia-kontsumo handiagoa izan orduan eta konplexutasun sozial handiagoa dagoela onartzen da. Alderantziz, desazkundeak deskonplexizazio soziala (uko egitearen, galtzearen edo sakrifizioaren ideian adierazia) eta nahikotasunaren kultura berria ekarriko lituzke, elkartasuna, gertutasuna eta bizi-kalitatea oinarri hartuta. Aztertutako diskurtsoetan ikusi dugun bezala, ez dago adostasunik euskal jendartean kultur-aldaketa eman daitekeenetz. Gram-Hanssen-ek (2024) dioen bezala, erronka nagusia da oinarrizko energia-beharrak zein diren zehaztea eta horiek planeten mugen barruan edo oinarrizko funtzio ekologikoak errespetatuz nola lortu zehaztea, zaintzaren etikari helduta.
Bukatzeko, gure ikerketaren mugak aipatu nahi ditugu. Hiru diskurtso nagusi hauetaz gain, Euskal Herrian, beste ikuspegi batzuk ere badirela jakitun gara (antikapitalistak, negazionistak, korporatibistak…) eta bestelako eztabaidak trantsizioaren alderdi tekniko eta ekoizpenaren antolamenduari dagokionez. Mahai-inguruen formatuak ere bere abantailak eta mugak ditu beste informazio iturriekin alderatuta. Hala ere, hemen azaldutakoa Euskal Herrian gertatzen ari den eztabaidaren parte garrantzitsua dela deritzogu. Gainera, eztabaida hauen inguruan, diskurtsoak eta jarrerak polaritzen ari direla ikusten dugu. Gatazka euskal kultura politikoaren eta euskal mugimendu ekologistaren parte bada ere (Barcena et al., 2023), energia trantsizio justua lantzen duten deliberazio espazio seguruak sortu beharko genituzkeela uste dugu, bai mugimendu sozial eta sindikalaren baitan, bai maila ezberdineko erakunde publikoen eskutik.
Ikerketa honetarako antolatu genituen eztabaida-mahaietan parte-hartu zuten 14 eragileei gure esker ona, euren ideiak eta denbora partekatzearren. Bestetik, artikulu honen egileok interes-gatazkarik ez dagoela adierazi nahi dugu.
- Energia berriztagarrien hedapena Euskal Herrian
- Esker onak eta interes gatazka
- Bibliografia
Abramsky, Kolya (ed.). 2010. Sparking a Worldwide Energy Revolution: Social Struggles in the Transition to a Post-Petrol World. Oakland, CA: AK Press.
Almazán, Adrián eta Jorge Riechmann. 2023. “Desafíos poliéticos de las transiciones energéticas”, Arbor. Ciencia, Pensamiento y Cultura, 199(807): a689, 1–13. https://doi.org/10.3989/arbor.2023.807003
Arias Maldonado, Manuel. 2022. “Transición energética, imaginarios sociales y política democrática”, Panorama Social, nº36, 9–19.
Ariztía, Tomás, Àlex Boso, eta Manuel Tironi. 2017. “Sociologías de la energía. Hacia una agenda de investigación”. Revista Internacional de Sociología, 75(4), e074. https://doi.org/10.3989/ris.2017.75.4.17.07
Barcena, Iñaki, Josu Larrinaga, eta Andere Ormazabal. 2022. “Movimiento ecoalternativo y las redes de gobernanza en Guipúzcoa (País Vasco): El surgimiento de un nuevo modelo”, Clivaje. Estudios Y Testimonios Del Conflicto Y El Cambio Social, (10), e–38931. https://doi.org/10.1344/CLIVATGE2022.10.7
Bickerstaff, Karen. 2018. “Justice in energy system transitions”. Ryan Holifield, Jayajit Chakraborty eta Gordon Walker (ed), The Routledge Handbook of Environmental Justice, Oxon: Routledge, 388-399. https://doi.org/10.4324/9781315678986
D’Alisa, Giacomo, Federico Demaria, eta Giorgos Kallis (ed.). 2015. Decrecimiento. Vocabulario para una nueva era. Barcelona: Icaria
Damborenea, Mario, Ekhi Atutxa, eta Xabier Mendizabal. 2024. “La cooperativa energética Goiener: Una iniciativa de la Economía Social frente al desafío del decrecimiento”, Scripta Nova, 20,1z. https://doi.org/10.1344/sn2024.28.43871
Edwards, Michelle. 2018. “Just report the science: How scientists frame their engagement in contested debates over fracking in the Barnett Shale”, Energy Research & Social Science, 45, 67-74. https://doi.org/10.1016/j.erss.2018.07.002
Gram-Hanssen, Kirsten. 2024. “Beyond energy justice: Ethics of care as a new approach in the energy system”, Energy Research & Social Science, 111, 103470. https://doi.org/10.1016/j.erss.2024.103470
Groves, Chistopher, Fiona Shirani, Nick Pidgeon, Catherine Cherry, Gareth Thomas, Erin Roberts, eta Karen Henwood. 2021. “A Missing Link? Capabilities, the Ethics of Care and the Relational Context of Energy Justice”, Journal of Human Development and Capabilities, Taylor & Francis Journals, 22(2), 249-269. https://doi.org/10.1080/19452829.2021.1887105
Hildyard, Nicholas, Lohmann, Larry eta Sexton, Sara. 2014. Seguridad Energética: ¿Para qué? ¿Para quien? Libros en Acción- ODG- Corner House.
Kirsten Jenkins, McCauley Darren, Raphael Heffron, Hannes Stephan eta Robert Rehner. 2016. Energy justice: A conceptual review. Energy Res. Soc. Sci. 11 174–182, https://doi.org/10.1016/j.erss.2015.10.004
Karlsson, Rasmus. 2018. The high-energy planet. Global Change, Peace and Security, 30(1) 77–84.
Kazimierski, Martin. 2021. “La transición energética en disputa: del tablero geopolítico a la dimensión societal”, Revista de Estudios Marítimos y Sociales, 18 Z, 91–120.
Nelson, Laura K., Derek Burk, Marcel Knudsen, eta Leslie McCall. 2018. “The Future of Coding: A Comparison of Hand-Coding and Three Types of Computer-Assisted Text Analysis Methods”, Sociological Method & Research, 50(1), 202-237. https://doi.org/10.1177/0049124118769114
Perez, Alfons. 2021. Pactos Verdes en tiempos de pandemias. El futuro se disputa ahora. ODG: Barcelona
Ruitort, Sebastiá. 2016. Energía para la democracia. Madrid: Catarata eta FUHEM ecosocial.
Schlosberg, David. 2013. “Theorising environmental justice: the expanding sphere of a discourse”. Environmental Politics, 22, 37–55. https://doi.org/10.1080/09644016.2013.755387
Sovacool, Benjamin K. eta Michael H. Dworkin. 2015. “Energy justice: Conceptual insights and practical applications”, Applied Energy, 142, 435–444. https://doi.org/10.1016/j.apenergy.2015.01.002
Tejero, Hector eta Emilio Santiago. 2019. ¿Que hacer en caso de incendio? Manifiesto por el Green New Deal. Madrid: Capitan Swing.
Ulazia, Alain eta Penalba, Markel. 2018. Egiazko (in)dependentziez: energiaren ikuspegia Hego Euskal Herrian. Gogoa, 18. https://doi.org/10.1387/gogoa.20368
Urkidi, Leire, Rosa Lago, Izaro Basurko, Martin Mantxo, Iñaki Bárcena, eta Ortzi Akizu. 2015. Transiciones Energéticas: Sostenibilidad y Democracia Energética. Bilbo: UPV-EHU Argitalpen Zerbitzua.
Warren, Charles R. eta Malcolm McFadyen. 2010. “Does community ownership affect public attitudes to wind energy? A case study from south-west Scotland”, Land Use Policy, 27(2), 204-213. https://doi.org/10.1016/j.landusepol.2008.12.010
Wilgosh, Becca, Alevgul H. Sorman eta Iñaki Barcena. 2022. “When two movements collide: Learning from labour and environmental struggles for future Just Transitions”, Futures, 137(1) https://doi.org/10.1016/j.futures.2022.102903
##plugins.themes.bootstrap3.article.details##
Hitz gakoak: trantsizio energetikoa, energia berriztagarriak, Lurralde Sektorialen Planak, ikerketa energetikoak, diskurtsoen analisia, Euskal Herria.

This work is licensed under a Creative Commons Attribution 4.0 International License.
https://orcid.org/0000-0002-0179-1575