Aldizkariari buruz

Aurkezpena

InpAkta 2023an sortu zen aldizkari zientifiko bat da. InpAkta ebidentzietan oinarritutako ikerketa-lanak euskaraz edo ingelesez jasoko dituen aldizkari zientifikoa da, eta bost ezagutza arlo nagusitako ekarpenak onartzen ditu: natur zientziak, osasun zientziak, gizarte eta giza zientziak, lurralde egituraketa eta teknologia. Gure lurraldeko erronketan ekarpena egitea eta horretan inpaktu soziala duten gaiak lantzea bilatuko du (xehetasun gehiagorako ikusi hemen https://www.inpakta.eus/inpaktu-soziala/).

Ikerketa-lanek inpaktu soziala izango dute baldin eta gure lurraldeko erronkei erantzuteko gizarteari, kulturari, ingurumenari edo ekonomiari nolabaiteko ekarpena egiten badiote, edota nolabaiteko ekarpena egiteko gaitasuna edo indarra baldin badute. Artikulu egileek beren ikerketak izan dezakeen edo dagoeneko izan duen inpaktu horren aipamena egin beharko dute editoreari bidalitako aurkezpen-gutunean.

Errebisio prozedura

InpAkta adituen bitarteko berrikuspena duen aldizkaria da. Praktika onak betetze-aldera, InpAkta aldizkariak duen sisteman kanpoko ebaluatzaileek —anonimoak eta bikoitzak— berrikusten dituzte artikuluak jakintza-eremuaren arabera, irizpide hauek aplikatuz: artikuluaren garrantzi zientifikoa, inpaktu soziala, originaltasuna, argitasuna eta aurkeztutako lanaren egokitasuna. Ikerketa-lanaren ebaluazioan oinarrituta, arloko editoreak hartuko du argitaratzeko azken erabakia.

Bi berrikuspen-itsu deituriko prozedura jarraitzen dela ziurtatzeko helburuarekin, egileak anonimoa izan behar du ebaluatzaileentzat. Autorearen ardura da eskuizkribuaren eta hari lotutako egileen anonimotasuna bermatzea (ikusi Egileentzako Gida atala). Beraz, egile-izenak, afiliazioak eta identifikagarria izan daitekeen beste edozein informazio eskuizkribuko testutik zein erantsitako edozein fitxategitik (material osagarrien irudiak, adibidez) kendu beharko dira.

Artikuluarekin batera, berrikusle potentzialak proposatzeko aukera izango du egileak. Horretarako, berrikusle potentzial horien izen-abizenak, afiliazioa eta helbide elektronikoa helarazi beharko dizkio editoreari. Halaber, egileek berrikusle moduan nahi ez dituzten pertsonen zerrenda ere helarazi dezakete.

Argitalpen-maiztasuna

InpAkta aldizkariak bi ale argitaratuko ditu urtero, 2025etik aurrera, baina behin artikuluak onartuta online egongo dira eskuragarri, komunitatearen esku jartzeko, zenbaki osoa argitaratu arte itxaron beharrik gabe. 2024ko martxoaren 21ean irekiko da eskuizkribuak bidaltzeko epea.

Sarbide irekiko politika

InpAkta irabazi-asmorik gabeko aldizkari bat da, Akitania Berria, Euskadi eta Nafarroako Euroeskualdeko erakunde akademiko eta zientifiko nagusien babesa duena. InpAktan argitaratutako eduki guztia doan eskura daiteke online, sarbide irekiko eredu baten pean.

Autoreek egile-eskubideak gordeko dituzte. Lehen argitalpenaren eskubidea InpAkta aldizkariari emango diote, eta aldi berean berean Creative Commons lizentziarekin argitaratuko dira lanak. Open Access-en Budapesteko definizioari atxikitzen gatzaizkio. InpAkta aldizkarian onartutako eskuizkribuak CC BY 4.0 lizentzia batekin argitaratuko dira. Honek esan nahi du: interneten doan eskuragarri egotea, edozein erabiltzaileri gure artikuluetako testu osoak irakurri, deskargatu, kopiatu, banatu, inprimatu, bilatu edo haiekin lotzeko aukera emanez, indexatu, datu gisa softwarera pasatu edo beste edozein helburu zilegirekin erabili, Interneterako sarbideak dituen oztopo ekonomiko, juridiko edo teknikoak alde batera utzita. Erreprodukzioaren eta banaketaren muga bakarra, eta egile-eskubideen funtzio bakarra, egileei beren obraren osotasuna eta behar bezala aitortuak eta aipatuak izateko eskubidea kontrolatzea izan beharko litzateke.

Kosturik gabe

InpAkta aldizkariak ez du ez artikulu-kosturik, ez artikuluen prozesu-kosturik.

Egiletza eta ekarpenak

Egiletza obran ekarpen handia egin dutenei mugatu behar zaie. Horrez gain, egiletza partekatua bada, egileek justifikatu behar dute interesatutako egile guztien erabateko adostasuna dagoela, eta ez dela lehenago aurkeztu edo argitaratu beste edozein hedabidetan. Egile guztiek dute erantzukizuna argitaratutako artikulu orotan eta egile guztiek, eskuizkribua bidali aurretik, beren ekarpen indibidualak berrikusi, eztabaidatu eta adostu behar dituzte.

Gomendagarria da CRediT system (https://credit.niso.org/ ) erabiltzea autoreen ekarpen indibidualak deskribatzeko.

Argitalpenaren etika. Plagioa eta datuen originaltasuna

Argitalpenetarako Etika Batzordeak aldizkari zientifikoen editoreentzat zehazten duen jokabide eta jardunbide egokien kodea hartzen du InpAkta aldizkariak erreferentziatzat eta beharrezkoa denean zuzenketak, azalpenak eta barkamen-eskeak argitaratzeko konpromisoa hartzen du InpAkta aldizkariaren erredakzio batzordeak.

Egileek argitaratzeko jardunbide egokiei dagokienez estandar altuak bete behar dituzte. Datuak faltsutzea edo fabrikatzea, plagioa, egileen lanaren argitalpen bikoiztua barne, aipamen egokirik gabe, edo edozein lanen bidegabeko jabetzea praktika onartezinak dira.

InpAkta aldizkarira bidalitako eskuizkribuak plagioaren aurkako softwareekin ikertu daitezke plagioa detektatu eta ekiditeko. Edonola ere, egileek bermatu behar dute artikulua eta hari lotutako materialak originalak direla, eta ez dituztela egile-eskubideak urratzen. Erabat debekatuta dago plagioa, eta plagiotzat hartzen diren testuak edo horien edukia iruzurtzat joko dira; beraz, ez dira argitalpenerako onartuko edo aldizkaritik ezabatuko dira argitaratu badira.

Jatorrizko datuak ezin badira erakutsi edo sortu, eskuizkribua atzera bota ahal izango da. Datuak nahita faltsutuz gero, artikulua baztertu eta egilearen jatorrizko erakundeari edo finantzaketa-agentziari jakinaraziko zaio.

Halakorik balego, adimen artifizialeko (AA) softwarearen erabilera adieraztea beharrezkoa da. AAren bidez sortutako edukiaren arduradun bakarrak egileak izango dira, eta emaitza horiek zehatz-mehatz egiaztatzea eskatzen zaie.

Materialen eta datuen eskuragarritasunari buruzko politika

InpAkta aldizkariak egile guztiei eskatzen die, etikoki posible den neurrian, eta argitaratzeko baldintza gisa, publikoki argitara ditzatela euren artikuluetan egon daitezkeen datu guztiak. Datuak dituzten artikuluetan, egileek Datuen Erabilgarritasunari buruzko Adierazpen bat aurkeztu behar dute, datuak partekatzeko planak zehaztuz (datu guztiak, material bereziak, dokumentazioa eta analisian erabilitako kodea barne). Salbuespen-eskaerak eskuizkribua bidaltzean egitea eskatzen da, editoreari bidalitako aurkezpen-gutunean.

Autoreei DOIak igortzen dituen gordailu bat aukeratzea gomendatzen zaie, horrek ikerketa artikulutik datu-multzoarekiko lotura iraunkorra errazten laguntzen baitu.

InpAkta aldizkariak egileak beren azterketak eta analisi-planak aldez aurretik aurkeztera animatzen ditu, eta haiek aurre-erregistroaren esteka agerian ematea bidalketa egitean.

Aurreinprimaketa eta autoartxibo-politika

InpAkta aldizkariko dagokion arloko editoreak eskuizkribu bat argitaratzeko erabakia hartzen duenean, egileek edozein aurreinprimaketaren egoera eguneratu behar dute, DOI barne.

Lanaren bertsioak artxibatu egin daitezke web-orrietan, erakundeen webguneetan edo beste biltegi batzuetan, betiere CC BY 4.0 lizentziapean.

Pribatutasun politika

InpAkta aldizkariak uneoro bermatuko ditu ebaluazio-prozesuaren konfidentzialtasuna, ebaluatzaileen eta egileen anonimotasuna, ebaluatutako edukia, ebaluatzaileen txosten arrazoitua eta, horrela badagokio, Erredakzio Batzordeak emandako beste edozein komunikazio. Era berean, edozein egilek aldizkariko Erredakzioari edo artikuluaren ebaluatzaileei helarazten dizkien azalpenen, erreklamazioen edo kexen konfidentzialtasuna gordeko da. Jadanik argitaratu diren lanen errespetuarekin eta zintzotasunarekin duen konpromisoa adierazten du InpAkta aldizkariak.