Belgique francophone, terre de B.D.
##plugins.themes.bootstrap3.article.main##
##plugins.themes.bootstrap3.article.sidebar##
Laburpena
Komikien historia Suitzan hasi zen 1827an, Rodolphe Töpffer-ek "literatura iruditan" deiturikoa sortu zuenean. Printzipioa sinplea da: istorio bat kontatzen du marrazki bidez, eta istorioa azaltzeko testuak eransten ditu.
Hogei urte geroago, Wilhelm Bush alemaniarrak Max und Moritz sortu zuen, marrazkietan dinamismo handia zuen umorezko komikia.
Gero, batez ere egunkarietan agertzen hasi ziren komikiak. Eguneroko prentsak ere gero eta arrakasta handiagoa zuenez, komikiak Europa osora zabaldu ziren. Egunkarientzat oso garrantzitsua zen komiki onak izatea, irakurle asko erakartzen zituztelako. Erresuma Batuan ere arrakasta izan zuten komikiek. AEBtik, bestalde, koloretako argitalpenak iristen hasi ziren, testuen ordez bunbuiloak zituztenak.
Belgikan, 1929an hasi ziren komikiak argitaratzen, Le petit vingtième haurrentzako egunkarian. Apaiz oso kontserbadore bat zen erredakzioburua, eta umeei komunisten alderako gorrotoa barneratzeko pertsonaia asmatzeko eskatu zion Hergé marrazkilari gazteari. Horrela sortu zen Tintin. Lehenengo aleak Tintin sobieten herrialdean zuen izenburua. Hergék bere pertsonaiaren «gobernua» hartu baino lehen, ideologiaz beteriko beste bi abentura ere izan ziren (Tintin Kongon eta Tintin Amerikan).
Tintinekin hasitako goraldiaren ondoren, beste marrazki-aldizkari belgikar batzuk sortu ziren; besteak beste, Bravo! agerkaria.
Komiki belgikarrak 1940ko hamarkadatik aurrera nagusitu ziren mundu frantsestunean, bi agerkari zirela bitarte: Le Journal Tintin eta Le Journal de Spirou, hurrenez hurren, Hergé eta Franquin marrazkilari zirela. Bi astekariek talentu gazteak hartu zituzten, aukera bat emateko. Komikien ibilbidea finkatu zuten, klasizismo mota bat ezarrita.
Journal de Spirou izenekoa 1938an sortu zuen Dupuis argitaletxeak, eta umorea landu zuen. Pertsonaiek oso jatorrak dirudite, grafismo biribilari esker (horregatik aipatzen da "sudur lodiaren" estiloa). Gainera, oso irudi adierazgarriak dira, eta testu gutxi daude. André Franquin da marrazkilari garrantzitsuena. Champignac-en mundua eta, batik bat, Gaston Lagaffe-ren mundua sortu zituen; azken hori izan zen Europako komikiaren lehen antiheroia. Haren estiloan mugimendua nabarmentzen da, daukan frenesi grafikoari esker.
Journal de Spirouri erantzuteko, Raymond Leblanc-ek Journal Tintin sortu zuen 1946an, askoz ospe serioagoko agerkaria. Helburu pedagogikoa zuen, zorroztasun-itxura handia ematen zuen, eta testu ugari zituen. Erabiltzen zuen estiloa "lerro argia" izenekoa zen: inguruak beltzez azpimarratuta eta kolore monokromoak (itzalik edo kolore-moteltzerik gabe). Helburua berbera zen: irakurgarritasuna erraztea. Journal Tintin agerkariko idazlerik garrantzitsuena Hergé zen, lerro argiaren aita.
1960ko hamarkadatik aurrera komiki belgikarra garrantzia galtzen hasi zen agerkari frantsesen aurrean, batez ere Pilote izenekoaren aurrean. Han argitaratu ziren Asterixen lehen abenturak. Komikiak gizarte-aitortza zuen; ez ziren haur eta nerabeentzat soilik egiten. Aitortza horrekin nolabaiteko klasizismoa sortu zen, lehen egile belgikarrek argitaratutako lanen ondorioz. Abangoardiako egile belaunaldi berria sortu zen orduan, komiki klasikoaren aurkakoa.
1968tik aurrera erantzun moral eta estetikoen aldia hasi zen komikien munduan. Bilaketak eta esperimentazioak markatzen dituzte argitalpenak. Irakurgarritasuna ez da hain pribilegiatua.
Azkenik, 1980tik 1990era bitartean, komiki tradizionalagora itzuli ziren. Berriz ere irakurgarritasuna errazten zuten beren lanetan. Hala ere, krisialdikotzat jo daitekeen aurreko aldiari esker, betebeharretatik libre daude. Gaur egungo komiki gehienak hor kokatzen dira, zahar eta modernoen artean.