ASJUk dei egiten du aldizkariaren 2022ko 56. liburukian argitaratuko diren artikuluak bidaltzeko. Proposamenak 2022ko urtarrilaren 31 arte bidal daitezke.

Anuario del Seminario de Filología Vasca "Julio de Urquijo" (ASJU) aldizkaria Koldo Mitxelenak eta Manuel Agudek 1954an sortutako euskal linguistika eta filologiako nazioarteko aldizkaria da, kidekoek ebaluatua eta "Julio Urkixo" Euskal Filologia Mintegi-Institutuak (JUMI) eta UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak argitaratua. ASJUk euskaraz edo nazioarteko zientzia-elkarteetan ohiko diren hizkuntzetako batean idatziriko euskal linguistika eta filologiazko lan originalak argitaratzen ditu, baita eremu ezberdin edo zabalago bati atxikiak izan arren euskalaritzarako interesgarri izan daitezkeenak ere. Aldizkaria 2011n argitaratu zen online lehen aldiz. Aldizkariaren orientazioaren eta politiken deskribapen osoa esteka honetan aurki daiteke: https://ojs.ehu.eus/index.php/ASJU/about.

Aldizkariak berehalako eta doako sarbide irekia eskaintzen du, ez du inolako enbargorik eta ez du kobratzen artikuluak prozesatzeagatik (APCs). Argitaratzeari buruzko erabakia originala bidaltzen denetik 6-8 asteren buruan jakinaraziko da, artean itsu bikoitzeko ebaluazio prozesua izanik.

Egileek ziur egon behar dute bidaltzen duten lanak aldizkariaren gidalerroak betetzen dituela: https://ojs.ehu.eus/index.php/ASJU/gidalerroak.

Artikuluen bidalketak online egin behar dira, OJS plataformaren bidez: https://ojs.ehu.eus/index.php/ASJU/about/submissions.

Aldizkariari buruzko kontsultak egiteko eta argibide gehiago edo laguntza teknikoa eskatzeko, idatz bedi helbide honetara: asju@ehu.eus.

Epeak:

  • Artikuluak bidaltzeko: 2022ko urtarrilaren 31 arte.
  • Liburukia argitaratzeko: 2022ko uztailean.