Egileentzako gidalerroak

1. Gidalerro orokorrak

ASJUn euskaraz edo nazioarteko zientzia-elkarteetan ohiko diren hizkuntzetako batean idatziriko euskal linguistika eta filologiazko lan originalak argitaratzen dira, baita eremu ezberdin edo zabalago bati atxikiak izan arren, euskalaritzarako interesgarri izan daitezkeenak ere.

Lanak euskarri elektronikoan (DOC(X), ODT edo RTF formatuetan) bidaliko dira; bestalde, PDF bertsio bat ere bidal daiteke. Lanen bidalketak online egin behar dira, OJS plataformaren bidez: https://ojs.ehu.eus/index.php/ASJU/about/submissions. OJS erabiltzeko zailtasunik izanez gero, mezu bat bidali asju@ehu.eus helbidera.

Hiru fitxategi bidaliko dira: 

  • -Egile(ar)en datuen dokumentua: egile(ar)en izen-deiturak, kidetza (unibertsitatea, ikergunea edo erakundea), posta-helbide osoa (saila, fakultatea, unibertsitatea, kalea, posta-kodea; besterik ezean, hiria / etxeko helbidea) eta helbide elektronikoa sartuko dira, baita ORCID identifikatzailea ere, nahi izanez gero.
  • -Izenburuak, laburpenak eta hitz gakoak jasotzen dituen dokumentua: hirurak artikuluaren hizkuntzan eta ingelesez ere (jatorrizkoa ingelesa ez bada); laburpen bakoitzak gehienez 1000 karaktere izango ditu; halaber, hizkuntza bakoitzean gehienez sei hitz gako emango dira, puntu eta komaren bidez bereizita.
  • -Artikulua: artikulugileen izenik gabe bidaliko da eta testuan, oharretan eta bibliografian egileen erreferentzien ordez “Egilea 1”, “Egilea 2”, etab. eta urtea soilik emango dira.

Artikulua bera izango da fitxategi nagusia, eta gainerako biak osagarri gisa igoko dira.

 

2. Originaltasuna eta plagioa

Egileek ziur egon behar dute bidali duten lana erabat originala dela; alegia, ez duela plagio ez autoplagio arrastorik. Plagio deritzogu egileak inoren lana berea balitz bezala aurkezteari, horren barnean dagoelarik besteen esaldi, kontzeptu eta ideien iturriak behar bezala aipatu gabe ematea. Autoplagio deritzogu norberaren lana luze berrerabiltzeari jatorrizko iturria aipatu gabe.

Egileei gaztigatzen zaie beren eskuizkribuetan plagioa ote dagoen azter litekeela Similarity Check softwarea erabiliz.

 

3. Ebaluazio eta argitaratze prozesuak

ASJUk kidekoen ebaluazio sistema (peer review) erabiltzen du. Aldizkarira igorritako artikuluak kanpoko bi ebaluatzailek anonimoki aztertuko dituzte eta, haien txostenak kontuan izanik, aldizkariaren idazkaritzak lana argitaratu ala ez erabakiko du. Artikulua onartzekotan, egileei oztopo, akats edo aldabeharren zerrenda ere emango zaie.

Egileek artikuluaren lehendabiziko inprenta probak PDF formatuan jasoko dituzte, eta adierazitako epean zuzenduta probak OJS plataformara igo beharko dituzte.

Egileei ASJUko zenbakiaren ale bana eta lanaren separata elektroniko bana (PDF formatuan) emango zaizkie; egileek paperezko separatak nahi izanez gero, kostu prezioan agin ditzakete.

 

4. Originalaren formatua

Ez da inongo murrizketarik artikuluen luzeraz, baina ez lukete izan behar berez behar baino gehiagokoa; lanek zehatzak eta argiak beharko dute izan.

Aurkeztu baino lehen zuzen bedi ahalik eta hobekienik originala, hutsak gutxitzeko.

Eskuizkribua honako arauoi jarraikiz aurkeztuko da:

  • -Testu nagusian 1,5 lerroartea erabiliko da, eta marjina guztietan 2,5 cm utziko dira.
  • -Artikuluaren atal eta azpiatal guztiak zenbaki arabiarrez eta hierarkikoki zenbakituko dira: 1., 1.1., 1.1.1., 1.2., 1.2.1., 2., etab. (ez erabili 0. atalik).
  • -Orrialdeak eta oin-oharrak segidako zerrendan zenbakituko dira. Hasierako oharrik balego (proiektuak, esker onak, etab.), haren oin-oharraren erreferentziak artikuluaren izenburuaren ondoan joan beharko luke.
  • -Oin-oharren deiak puntuazio-marken ondoren kokatuko dira, ez lehenago.
  • -Hiru lerrotik gorako aipuak paragrafo berezian joango dira, ezkerrean 1 cm koskatuta, hasiera eta amaiera komatxorik gabe, letra biribilean; aipu laburragoak ere biribilean, testuan bertan eta komatxo bikoitzen artean (“ ” edo « »).
  • -Aipu baten barruan testua kendu dela adierazteko kortxete arteko etenpuntuak erabiliko dira: […].
  • -Argazki, lauki, mapa, grafiko, taula, irudi, etab. emanez gero, izan bitez kalitaterik handienekoak, gardentasunik gal ez dezaten. Horiek guztiak zenbakituko dira eta ezagutzeko oin-perpaus laburra erantsiko zaie, testuan ere nontsu jarri nahi diren argiro markaturik.
  • -Irudi, mapa eta abarretako zenbakiak eta izenburuak haien azpian kokatuko dira, tauletakoak izan ezik; azken hauek taularen gainean agertuko dira.
  • -Komatxo bakunak (‘ ’) adierak edo hitz solteen itzulpenak emateko baliatuko dira.
  • -Adibideak zenbakitu egingo dira: (1), (2) a, (2) b, etab.; testuan aipatzerakoan egin bedi era honetan: (2a), (2b), (2a, b), (4d-h), etab.
  • -Letra-tamaina hauek erabiliko dira: 12 testu nagusian; 11 bibliografian, adibideetan eta irudi, taula eta abarren izenburuetan; 10 aipu luzeetan eta oin-oharretan.
  • -Metalinguistikoki erabilitako edota artikulua idazteko erabili den hizkuntzaz beste bateko hitzak letra etzanean ezarriko dira.
  • -Etzanez idatzitako hitz edo esaldi baten ondoren puntuazioa letrakera biribilean idatziko da; orobat testu etzana inguratzen duten parentesi edo kortxeteak letrakera biribilean idatziko dira.
  • -Mendeak letra larri txikietan idatziko dira.
  • -Letra lodiak eta azpimarratuak ahal den gutxien erabiliko dira.

 

5. Bibliografia eta aipuak

Aipuetarako erabil bedi egile-urte sistema, eta urte bereko egile baten lan bat baino gehiago aipatu bada, letra bat (a, b, c, etab.) erantsiko zaio urteari; egileak puntu eta komaren bidez bereiziko dira, eta egile beraren erreferentziak, aldiz, koma baten bidez: adib. (Campbell 2020: 35-38), (ikus Azkue 1923-25; Lacombe 1924; Lakarra inprimategian-a; Mitxelena 1950a-b, 1981), (cf. Berro et al. 2014).

Liburuek izenburu eta azpi-izenburuaren artean puntuazio ikurrik ez badute, erabil bedi puntu bat, ez bi puntu.

Bibliografia ere 1,5 lerroartea erabiliz idatziko da, eta honako formatu honi atxikiko zaio:

 

Arcocha-Scarcia, Aurélie & Joseba A. Lakarra. 2019. Aspectos de la gramatización antigua de la lengua vasca. Humanismo, reformismo e imprenta (1545-1596). Lengas. Revue de sociolinguistique 86. https://doi.org/10.4000/lengas.4115.

Arriolabengoa, Julen. 2006. Ibarguen-Cachopín kronika. Edizioa eta azterketa. Gasteiz: UPV/EHUko doktorego tesia.

Berro, Ane, Beatriz Fernández & Itziar Orbegozo. 2017. Euskara Bariazioan / Basque in Variation (BiV): lehen urratsak. FLV 123. 7-28.

Campbell, Lyle. 2018. How many language families are there in the world? ASJU 52(1/2). 133-152. https://doi.org/10.1387/asju.20195 (= Joseba A. Lakarra & Blanca Urgell (arg.), Studia Philologica et Diachronica in honorem Joakin Gorrotxategi. Vasconica et Aquitanica. Gasteiz: UPV/EHU).

Campbell, Lyle. 2020. Historical linguistics. An introduction. 4. argit. Edinburgh: Edinburgh University Press (1. argit., 1998; 2. argit., 2004; 3. argit., 2013).

Formigari, Lia. 1990. Philosophies of language in the heyday of comparativism. In Werner Hüllen (arg.), Understanding the historiography of linguistics. Problems and projects (Symposium at Essen, 23-25 November 1989), 277-285. Münster: Nodus.

García Folgado, M.ª José. 2013. Los inicios de la gramática escolar en España (1768-1813). Una aproximación historiográfica (Études linguistiques | Linguistische Studien 4). Munich: Peniope.

Gorrotxategi, Joakin. 1984. Onomástica indígena de Aquitania. Bilbo: UPV/EHU.

Hualde, José Ignacio. 2018. Aspiration in Basque. Papers in Historical Phonology 3. 1-27. https://doi.org/10.2218/pihph.3.2018.2602.

Hualde, José Ignacio & Jon Ortiz de Urbina (arg.). 2003. A grammar of Basque. Berlin: Mouton de Gruyter.

Lafon, René. 1943. Le système du verbe basque au xvie siècle. Bordele: Delmas (Berrargit. faksim. Baiona & Donostia: Elkar, 1980).

Lakarra, Joseba A. Inprimategian-a. Kontuak berreginaz: ohar eta azterketa berriak erro-ereduez. ASJU.

Larramendi, Manuel. 1729. El impossible vencido. Arte de la lengua bascongada. Salamanca: Antonio Joseph Villagordo Alcaraz (Berrargit. faksim. Donostia: Hordago, 1979).

Mitxelena, Koldo. 1950a. De etimología vasca. Emerita 18. 193-203 (Berrargit. OC 8, 675-683).

Mitxelena, Koldo. 1950b. La aspiración intervocálica. BAP 6. 443-459 (Berrargit. OC 7, 3-20).

Mitxelena, Koldo. 1981. Lengua común y dialectos vascos. ASJU 15. 291-313 (Berrargit. OC 7, 517-544).

Mitxelena, Koldo. 2011. Obras completas (ASJUren Gehigarriak 54-68), 15 lib. Donostia & Gasteiz: “Julio Urkixo” Euskal Filologi Mintegia, Gipuzkoako Foru Aldundia & UPV/EHU (Joseba A. Lakarra & Iñigo Ruiz Arzalluzen argit.).

Pons Rodríguez, Lola, Eva Bravo García, Blanca Garrido Martín & Álvaro Octavio de Toledo. 2014. La edición de textos de quejas: propuestas preliminares en torno a un corpus histórico-discursivo. Scriptum digital 3. 183-200. http://scriptumdigital.org (2014/10/23).

Rijk, Rudolf P. G. de. 1985. Un verbe méconnu. In José Luis Melena (arg.), Symbolae Ludovico Mitxelena septuagenario oblatae, 2. lib., 921-935. Gasteiz: UPV/EHU.

Salaberri Zaratiegi, Patxi. 2018. Euskara Erdi Aroan. In Joakin Gorrotxategi, Iván Igartua & Joseba A. Lakarra (arg.), Euskararen historia, 287-344. Gasteiz: Eusko Jaurlaritza.

Sarasola, Ibon. 1986. Larramendiren eraginaz eta. ASJU 20(1). 203-216.

Trask, R. L. 2008. Etymological dictionary of Basque. Sussex: University of Sussex. Edited for web publication by Max W. Wheeler. http://www.sussex.ac.uk/english/documents/lxwp23-08-edb.pdf (2014/10/19).

 

Bibliografia-zerrendan soilik artikuluan aipatutako lanak sartuko dira. Lan bat lehenengo argitalpenaren arabera aipatzen ez bada, zehatz bedi zein argitalpen erabili den eta, aukeran, gehi bitez gainerako edizioak erreferentziaren amaieran, parentesi artean. Orobat eman bitez amaieran eta parentesi artean itzulpenei dagozkienak edo bestelako informazio osagarria.

Bibliografia-laburduretarako erabil bedi ASJUren webgunean argitaratutako laburdura gomendatuen zerrenda. Beharrezkoa balitz, egileak besterik ere erabili ahalko luke, betiere esangura lehendabiziko agerraldian edo artikuluaren hasierako oin-ohar batean azaldurik.

 

6. Bestelakoak

Ohar hauetan zehazten ez diren arazoetarako, jarrai bekio Unified style sheet for linguistics gidalerroetan ezarritakoari: https://www.linguisticsociety.org/files/style-sheet_0.pdf.