Kode etiko

Aldizkariaren kode etikoa

ZER aldizkariaren kode etiko hau aldizkari akademikoaren gardentasunari eta jardunbide onei buruzko adierazpena da, zeinak eragiten dien egile, berrikusle eta editoreei, bai eta aldizkariari berari ere. Adierazpen hau errespetatu eta bete behar dute aldizkarian artikulu zientifikoak argitaratzeko prozesuan parte hartzen duten kide guztiek.

Aldizkariaren printzipioak eta konpromisoak:

  • Edukietarako sarbide irekiaren printzipioa: Aldizkariaren argitalpenen bitartez bultzatu eta berrikusten da ezagutza zientifikorako sarbidea irekia, inklusiboa eta doakoa izatea.
  • Kalitate printzipioa: Aldizkariak bermatzen du artikuluen ekoizpen eta argitalpenaren oinarri izango direla ikerketa akademikoaren ezaugarri diren printzipio hauek: zorroztasun zientifikoa, originaltasuna, koherentzia, garrantzia, zehaztasuna, egiatasuna eta etika. Jasoko diren ekarpenak analizatu egingo dira Turnitin softwarea erabilita, beste testu eta egile batzuekiko bat etortzeen eta plagioaren ehunekoa ezagutzeko. Aurkeztutako lan bat analizatu ondoren plagioaren aurkako txostenean agertzen bada bat etortzeen ehunekoa % 20 baino handiagoa dela aurreko beste testu batzuekiko, lana egileari itzuliko zaio, egin beharreko zuzenketak justifikatzen dituen txostenarekin batera.
  • Integritate printzipioa: Aldizkariak beteko ditu ikerketa akademikoaren eta argitalpenaren printzipio etikoak, jardunbide txarrak saihesteko argitalpen zientifikoan. Horrela, zainduko du gardentasun politika eta jardunbide onak errespetatuko direla argitalpen akademikoan, bai kode etiko honetan aipatzen direnak bai COPE bezalako kode etikoetan (edo baliokideetan) aipatzen direnak.
  • Egiletza eta egilekidetza printzipioa: Egile bakoitzaren ekoizpen intelektuala aitortu eta errespetatuko da, eta informazioa arduraz erabiliko da, iturriak aipatuta. Egilekidetzari buruzko aipamenei dagokienez, sinaduren ordena izango da artikulua prestatzeko fase desberdinetan egileek izan duten parte hartze eta ekarpenen araberakoa (kontzeptualizazioa, plangintza, interpretazioa, idazketa eta orrazketa). Egile nagusiak hartuko du bere gain artikuluaren edukiaren erantzukizun publikoa, eta bera arduratuko da aldizkariarekiko harremanaz. Egiletza dela‑eta arazorik sortuz gero, aldizkariak COPEren protokoloa (edo baliokideren bat) aplikatuko du.
  • Argitalpen printzipioa: ZER aldizkarian lanak argitaratzeak ez du esan nahi egileek inolako ordainketarik egingo diotenik. Egile bakoitzak artikulu bakarra argitaratu ahal izango du zenbaki bakoitzean, dela berak bakarrik idatzia dela taldean idatzia. Gainera, gutxienez bi zenbakiko tartea egon beharko da argitalpen batetik bestera.
  • Erantzute printzipioa: Aldizkariak egileei jakinaraziko die beren artikulua onartua izan den ala ez parekoen ebaluaziorako, artikulua jaso eta gehienez ere 30 laneguneko epearen barruan.
  • Artxiboa eta gordetze digitala: Segurtasun kopia anitz eta bertsioak egiteko ohiko prozedurez gain, aldizkariaren edukia Euskal Herriko Unibertsitatearen gordailu instituzionalean kopiatzen da (Dspace softwarean oinarritua, https://duraspace.org/dspace/). Hau da aldizkariaren orri nagusia aipatutako gordailuan: https://addi.ehu.es/handle/10810/40589

Egileen printzipioak eta konpromisoak:

  • Erantzukizun morala eta etikoa:
    • Originaltasuna: Egileek bermatuko dute lana originala, argitaragabea eta egiazkoa dela. Era berean, bermatuko dute bidali duten artikulua ez dagoela beste hedabide batean argitaratzeko prozesuan, eta ez dela manipulatu, aldatu edo faltsutu. Egileek jabetza intelektualaren politikak errespetatzen direla zainduko dute, testuan erabilitako iturriak behar bezala erreferentziatuta.
    • Zorroztasun zientifikoa eta bibliografikoa: Ikerketak analisi metodo argiak, zehatzak eta balidatuak erabili behar ditu, eta testua zuzena izan behar da idazketan zein aurkezpenean —bai alderdi teorikoan bai enpirikoan—. Egileek behar bezala eta zorrotz eman eta adierazi behar dituzte artikuluan aipatutako iturriak, betiere aldizkariak ezarritako estilo araua errespetatuz. Era berean, aztertutako gaiarekin lotutako literatura zientifikoaren berrikuspen eguneratu eta adierazgarria egiteko konpromisoa hartzen dute.
    • Gardentasuna: Aurkeztutako lana aurrera eramateko finantziazio iturririk baldin badago, egileek argi eta garbi adierazi behar dute testuan.
    • Erantzukizuna: Egile guztiek beren gain hartuko dute artikuluan idatzi eta aipatutakoaren erantzukizuna, testua aldizkari honen argitalpen arauetara egokituko dute, eta elkarlanean jardungo dute berrikusleekin zuzenketa eta iradokizunei dagokienez.
  • Egileak eta egilekideak: Egileek aipatu egingo dituzte ikerketa prozesuan eta aurkeztutako artikulua prestatzeko faseetan (kontzeptualizazioa, plangintza, interpretazioa, idazketa eta orrazketa) ekarpen zientifiko esanguratsuak egiten dituzten pertsona guztiak. Egileen ordena izango da lan horretan izan duten parte hartze eta ekarpenen araberakoa.
  • Egile eskubideak: Egile eta argitalpen eskubideak sarbide libreko politika baten bidez ezartzen dira, Creative Commons (CC BY-NC-ND 4.0) lizentziaren bitartez (jabetza intelektual publikorako doako sistema).
  • Ikerketaren datu baseak: Editoreek hala eskatuz gero, egileek aldizkariaren esku jarri beharko dituzte azterlanaren oinarri diren datuen bilketa eta erabilitako tresnak.
  • Argitaratutako testuko zuzenketak: Egileek ikusten badute akats handiren bat edo zehaztasun faltaren bat dagoela artikuluan, aldizkariaren editoreei jakinarazi beharko diete eta beharrezko informazio guztia eman, zuzenketak artikulu beraren beheko aldean katalogatzeko.
  • Interes gatazka: Idatziak bidaltzean, egileek aurkezpen gutun bat erantsiko dute, non azalduko dituzten egon daitezkeen interes gatazka guztiak.
  • Erreklamazioak eta apelazioak: Egileak erreklamazioa aurkeztu ahal izango dio aldizkariko Erredakzio Kontseiluari, idatzi arrazoitu baten bidez, non azalduko duen zergatik ez dagoen ados egindako ebaluazioarekin. Erredakzio Kontseiluak kexa aztertuko du eta erabaki arrazoitua emango du. Ebaluazioaren jardunbidea egokia izan ez dela ikusiz gero, testua beste ebaluatzaile batzuei helaraziko zaie.

 

Argitaratzaileen printzipioak eta konpromisoak:

  • Berrikuspen printzipioa: Argitalpen Batzordeak arloan adituak diren pertsonak aukeratuko ditu berrikusle gisa aritzeko, beren iritzia eman dezaten. Gutxienez bi akademiko hautatuko dira aldizkariko ebaluatzaileen taldetik testua berrikus dezaten, eta 30 eguneko epea izango dute erantzun bat emateko. Bi akademiko horien artean desadostasunak badaude, editoreek hirugarren iritzi bat eskatuko dute erabakia argitzeko.
  • Argitalpen printzipioa: Parekoek ontzat emandako lanak baino ez dira argitaratuko, kalitate zientifikoaren irizpideari eusteko.
  • Integritate printzipioa: Erredakzio Kontseiluaren erabakiz jasotako lanen edukia eta ekarpen zientifikoak baino ez dira aztertuko ebaluazio prozesuan, eta ez da diskriminatuko egilerik bere genero, arraza, iritzi politiko, sexu orientazio, erlijio, nazionalitate eta/edo jatorri etnikoagatik.
  • Edukietarako sarbide irekiaren printzipioa: Argitalpen Kontseiluak aldizkari honetan argitaratuko diren artikuluetarako sarbidea irekia eta doakoa izan dadila zainduko du.
  • Egileekiko harremanak: Erredakzio Kontseiluak konpromisoa hartzen du egileari edo egileei beren lanaren ebaluazioaren egoeraren berri emateko, jasotzen dutenetik baztertu edo onartzen den arte —aldaketekin edo aldaketarik gabe—.
  • Konfidentzialtasun printzipioa: Erredakzio Kontseiluak zainduko du artikuluen, egileen eta berrikusleen anonimotasuna eta konfidentzialtasuna prozesu osoan zehar. Konpromisoa hartzen du, halaber, argitaratzeko jaso eta bidalitako lanei buruzko informazioa ez emateko egile, berrikusle eta/edo editore ez direnei.
  • Interes gatazkak eta zabalkundea: Erredakzio Kontseiluak jakinez gero aldizkarian argitaratutako artikuluren batekin lotutako ikerlanean praxia txarra izan dela, salaketak bideratzeko COPEk (edo baliokideek) ezarrita duen protokoloa aplikatuko da.

Berrikusleen printzipioak eta konpromisoak:

  • Berrikusleen printzipioa: Berrikusleek konpromisoa hartzen dute esleitutako lanak ebaluatzeko eta haien balorazioa ahalik eta lasterren jakinarazteko, lana emateko epea errespetatzeko. Epe hori gehienez ere 30 egunekoa izango da, berrikuspena jakinarazi eta onartzen denetik aurrera. Hautatutako pertsonak uste badu ebaluatu beharreko testua ez dela bere ikerketa eremukoa edo ezin duela ezarritako epea bete, ezetz esan ahalko dio testua berrikusteari.
  • Objektibotasun printzipioa: Berrikusleek modu objektiboan, zintzoan, eraikitzailean eta kritikoan ebaluatuko dituzte artikuluak, iritzi pertsonalik eman gabe, alborapenik sortzeke, eta egileen gaineko bestelako diskriminaziorik egin gabe. Testuaren kalitate zientifikoa, akademikoa eta idazketa ebaluatuko dituzte bere jakintza eremuan. Gainera, azterlanerako garrantzitsutzat jotzen dituzten eta hasierako bertsioan jaso ez diren erreferentzia bibliografikoak eman eta adierazten saiatuko dira. Parekoen berrikuspenak aberastu egiten du aurkeztutako lanen azken emaitza, eta ebaluazio independente eta inpartziala sustatzen du.
  • Integritate printzipioa: Berrikusleek txostena egin eta aurkeztuko dute, behar bezala arrazoitu eta justifikatutako balorazio eta ekarpenekin. Ikusiz gero lanak bat datozela beste testu batzuekin edo plagioa dagoela, edota artikulua berrikuspen prozesuan dagoela beste aldizkariren baterako, jakinaren gainean jarriko dituzte bai editoreak bai aldizkaria.
  • Interes gatazkak eta zabalkundea: Berrikusleek jasotako artikuluen konfidentzialtasuna gordeko dute. Hortaz, ez dituzte partekatuko eta eztabaidatuko beste pertsona batzuekin. Era berean, parekoen berrikuspen prozesuan lortutako informazioa konfidentziala da, eta ezin da gai pertsonaletarako erabili. Berrikuslearen eta testuaren artean interes gatazkarik sortuz gero, berrikuspenak ez du balioko, eta Erredakzio Kontseiluak beste pertsona bat proposatuko du artikuluaren ebaluazioa egiteko.