Alfa-sinukleina biomarkatzaile gisa Parkinson gaixotasunaren diagnostikoan
##plugins.themes.bootstrap3.article.main##
##plugins.themes.bootstrap3.article.sidebar##
Laburpena
Parkinson gaixotasuna ohiko gaixotasun neurodegeneratiboa da, patologikoki Lewy gorputzen presentziagatik eta neurona dopaminergikoen galera progresiboagatik bereizten dena. Gaur egun, Parkinson gaixotasunaren diagnostikoa irizpide klinikoetan oinarrituta dago; hau da, gorputz-adarren dardara, mugimenduen moteltasuna edo muskuluen gogortasuna bezalako sintoma motorrak agertzen direnean diagnostikatzen da. Hala ere, sintoma motorrak azaleratzen direnerako, mesentzefaloko neurona dopaminergikoen erdia baino gehiago galdu direla uste da. Gainera, Parkinsonaren diagnostiko klinikoa erronka bat denez, ohikoak dira diagnostiko okerrak. Horrek argi uzten du gaixotasunaren berariazko diagnostikorako biomarkatzaileak behar direla, batez ere fase goiztiarretan. Lewyren gorputzak aberatsak dira alfa-sinukleina (α-sinukleina) proteinatan, eta hauek funtsezko eginkizuna dute Parkinson gaixotasunaren patogenesian. Hori dela eta, α-sinukleina baliagarria izan daiteke Parkinsonaren biomarkatzaile gisa. Berrikuspen honen helburua, beraz, gorputzeko fluido desberdinetan α-sinukleinaren eta haren proteoformen neurketaren erabilgarritasun-diagnostikoari buruzko ebidentzia laburbiltzea da. Izan ere, espezifikoak, sentikorrak eta eskuragarriak diren biomarkatzaileak identifikatzea ezinbestekoa da Parkinson gaixotasuna aldatzeko dauden eta etorkizunean izango diren tratamenduei dagokienez. Nahiz eta hautagai nagusia α-sinukleina likido zefalorrakideoan (LZR) neurtzea izan den, LZR biltzeko prozedura nahiko inbaditzailea da, eta ez da egokia ingurune kliniko gehienetan. Ondorioz, odol-plasma, listua eta malkoa bezalako biofluidoetan ikertu da proteina honen eta haren proteoformen presentzia. Ikerketa hauen emaitzen arabera, α-sinukleina fosforilatua eta oligomerikoa izan daitezke hautagai egokienak Parkinson gaixotasunaren diagnostikorako. Orain arte α-sinukleinaren neurketak muga tekniko anitz izan dituen arren, azken urteetan sortutako tekniken bitartez entseguen errepikakortasuna eta fidagarritasuna nabarmen areagotu da. Beraz, hautagai nagusiek Parkinsonaren diagnostikorako biomarkatzailegisa izan dezaketen potentziala hurrengo urteetan egiaztatzea espero da.
##plugins.themes.bootstrap3.article.details##
Parkinson gaixotasuna, alfa-sinukleina, biomarkatzailea, likido zefalorrakideoa, odol-plasma, listua, malkoa, biofluidoa
This work is licensed under a Creative Commons Attribution-ShareAlike 4.0 International License.