Larre atlantiarretako landareen sustraien atributuak (traits): lurzoruko ur-edukiaren eta mikrobiotaren eragina
##plugins.themes.bootstrap3.article.main##
##plugins.themes.bootstrap3.article.sidebar##
Laburpena
Etorkizunean lehorteak intentsitatean eta iraupenean emendatzea espero da, prezipitazioen murrizpenaren eta tenperaturen igoeraren ondorioz. Horrek galera handiak ekar ditzake mundu osoko laborantzen ekoizpen eta produktibitatean. Horregatik, premiazkoa da landare-espezieek lehortearen aurrean duten erantzuna ikertzea. Esperimentu honetan larre atlantiarreko sei landare-espezieren lehortearen aurreko erantzuna aztertu da, mikroorganismoen presentzian eta ausentzian, sustraien atributu (traits) morfologikoei erreparatuz. Horretarako, zorizko blokekako partzela zatituan oinarritutako diseinua jarri zen abian kontrolpeko ezaugarridun negutegian, non 5 bloketako landareak ur-edukiaren %30eko mailan mantendu ziren (lehortea irudikatzeko) eta beste 5 bloketakoak, aldiz, %70ekoan (egoera normala simulatzeko). Horretaz gain, bloke bakoitzean loreontzi banatan jarri ziren espezie bereko bi ale, bati mikroorganismoen inokulua gehituta eta besteari ez. Esperimentuaren hipotesi nagusietako bat izan da lehorte-estresaren aurrean landareek lurzoruko baliabideak (ura, mantenugaiak...) kontserbatzeko edo eskuratzeko estrategiak gara ditzaketela, sustrai-atributuak aldatzearen bidez. Bigarren hipotesia, berriz, izan da elkarren mendekoak direla lurzoruko ur-edukia eta mikroorganismoen efektua zein erantzuna. Emaitzek adierazitakoaren arabera, esperimentu honetan ez dira hipotesiak bete. Alde batetik, lurzoruko ur-eduki murriztuaren eragina sustrai-atributuen eta espezieen mendekoa izan da, eta horiek kontuan hartuta, landareek jarraitu duten estrategia identifikatu da: Festuca nigrescens, Lotus corniculatus, Trifolium repens eta Jasione laevis espezieek, hazkunde azkarreko estrategia, eta Deschampsia flexuosa eta Bellis perennis-ek, hazkunde geldokoa. Beste aldetik, lurzoruko ur-eskuragarritasun murriztuak ez du eraginik izan mikroorganismoen aktibitatean. Horretaz gainera, aztertu egin da positiboa edo negatiboa izan den landare-espezie bakoitzean mikroorganismoek eduki duten efektua. Horregatik guztiagatik, ondorioztatu da %30eko ur-edukia ez dela nahikoa izan lehorte-estresa simulatzeko.
##plugins.themes.bootstrap3.article.details##
lehorte-egoera, mikroorganismoak, sustrai-biomasa, sustrai-diametroa, sustrai-ehunen dentsitatea, sustrai-luzera espezifikoa, zati aereo/sustrai erlazioa
This work is licensed under a Creative Commons Attribution-NonCommercial-ShareAlike 4.0 International License.