Kolapso garaian, eta ziurgabetasunak eta irudien, diskurtsoen eta gertaeren etengabeko azelerazioak estututa gaudela, honako galdera hau egin daiteke: Nola ireki atsedenerako eta hausnarketarako espazioak mundu komun baten eraikuntza irudikatzeko, erantzunik ematen ez omen duten antzinako ziurtasunetatik harago?

Galdera horri erantzuteko, konpontze ideiaren dimentsio hirukoitzetik abiatuko gara: gelditzeko keinua baita, gogoetatik eta atsedenetik berriro begiratzeko ariketa baita, eta kaltea izan duena onbideratzeko –edo gutxienez aitortzeko– saioa baita. Horrez gainera, konpontzeak esan nahi du memoria kolektiboa eta isildutako historiak aintzat hartzea, orainetik birpentsatzeko eta justizia egitera, lehengoratzera eta ez errepikatzera zuzendutako moduak aktibatzeko. Nola konpon daiteke artetik? Hori da deialdi honek ardazten duen galdera nagusia.

AusArt aldizkariak proposamenak bidaltzeko gonbita egiten du, praktika artistikoetatik, teoriatik, kuradoretzatik edo pedagogiatik abiatuta, gai horiek baliabide edo diziplina jakin batera mugatu gabe aztertzeko. Diziplina arteko eta adierazpide arteko ikuspegiak bultzatzen dira, bai eta hausnarketak, esperientziak edo ikerketak proposatzen dituzten ekarpenak ere, hainbat lengoaiaren bidez (ikusizkoak, soinudunak, testualak, ikus-entzunezkoak, eszenikoak edo digitalak) eta hainbat generoren bidez (saiakera, kritika, kronika, elkarrizketa, dokumentala, esperimentala).

Deialdi hau Iberoamerikako lurraldeen eta lurralde horien historia komun eta dibergenteen arteko bidegurutzetik eta elkarrizketatik sortzen da. Hemen bildu nahi dren begirada eta praktika garaikideek konpontzeko ekintza keinu politiko, poetiko eta kokatu bihurtu behar dute artearen bidez.

Zuen proposamenak (jatorrizkoak eta argitaratu gabeak) Open Journal Systems plataformaren bidez bidali behar dira (www.ehu.eus/ojs/index.php/Ausart), 2026ko irailaren 27a baino lehen. Artikuluak ez du egileen izenik eramango, ezta haien identifikaziorako elementurik ere, eta atal hauek izan beharko ditu:

  • artikuluaren izenburua (+ ingelesezko itzulpena);
  • laburpena (paragrafo bat, ± 150 hitz) + ingelesezko laburpena (idem);
  • gehienez bost gako-hitz eta haien ingelesezko itzulpena,
  • testua (± 3000 hitz), nahi izanez gero irudi eta grafikoekin; erreferentzia bibliografikoak, Chicago formatuaren arabera (egilea-urtea).
  • Ahal izanez gero, gomendagarria da artikulua ebaluatzeko BI AZTERTZAILE proposatzea (izena, 2 abizen, filiazioa eta posta elektronikoa), dagokion gaian espezialista direnak. Aztertzaileok ezin daitezke izan ez egilearen erakunde berekoak, ez UPV/EHUkoak, eta ez dute interes-gatazkarik eragin behar. Baliteke beraiengana ez jotzea berrikuspen-fasean.