Ingurumen-krisia ezaugarritzen duten faktoreak – klima-aldaketa, baliabide energetiko ez-berriztagarrien agortzea, dibertsitate biologikoaren galera eta hondakinen ekoizpen masiboa – konkista sozial askoren pixkanakako desintegrazioarekin uztartzen dira. Duela hamarkada batzuetatik hona, frogatuta dago eredu ekonomiko berriak geure egin behar ditugula, baliabideen kontsumoan aldaketa zorrotza egin behar dela arlo guztietan. Ezagutza teknozientifikoa norabide onean aurreratuz badoa ere, ezinbestekoa da jokabide-kode berriak ezartzea herritarrengan. Gertakari zientifikoak zabaltzea ez da nahikoa gure ohiturak eraldatzera bultzatzeko: ekintzarako nahien eta motibazioen azpian dauden printzipioak berritu behar dira. Horri dagokionez, arteak baliabide oso esanguratsua eskaintzen du jasangarritasuneranzko trantsizio ekologikorako.

Irudiek eta hitzek, maila sinboliko, emozional eta estetikoan jarduten duten hizkuntza artistiko desberdinek, munduari buruz ditugun pertzepzioak interpretatzeko balio digute, eta sentsibilitateen eta pentsamenduaren eraikuntzan bitartekari dira. Historikoki, arte-adierazpenek begirada berritzaileak eman dituzte, gizakiak bere ingurune biofisikoarekin dituen harremanak argitzeko edo natura ulertzeko balio izan dutenak. Artea, beraz, ezagutzarekin, politikekin eta gizarte bakoitzaren jarrera etikoarekin lotuta dago.

AusArt-en monografiko honetan esplizituki ekologikoak edo ekologistak diren arte formei leku egin nahi diegu. Ekintzarako konpromisoak zuzentzen duen arte politiko eta sozial mota bat interesatzen zaigu, ezaugarritzat ezagutza kritikoa duena, eta ikuspegi globaleko trantsizio ekologikorako erronka lokaletan lankide edo partaide bihurtzen dena, barnean bilduz enpatia, berdintasuna, justizia soziala eta halako balioak. Eta, koherenteki, austeritatea eta ingurune biokulturalekiko errespetua hartzen dituena horiek gauzatzeko ezinbesteko premisa gisa.

Zuen proposamenak (jatorrizkoak eta argitaratu gabeak) Open Journal Systems plataformaren bidez bidali behar dira (www.ehu.eus/ojs/index.php/Ausart), 2024ko apirilaren 7a baino lehen. Artikuluak ez du egileen izenik eramango, ezta haien identifikaziorako elementurik ere, eta atal hauek izan beharko ditu:

  • artikuluaren izenburua (+ ingelesezko itzulpena);
  • laburpena (paragrafo bat, ± 150 hitz) + ingelesezko laburpena (idem);
  • gehienez bost gako-hitz eta haien ingelesezko itzulpena,
  • testua (± 3000 hitz), nahi izanez gero irudi eta grafikoekin; erreferentzia bibliografikoak, Chicago formatuaren arabera (egilea-urtea).
  • Ahal izanez gero, gomendagarria da artikulua ebaluatzeko BI AZTERTZAILE proposatzea (izena, 2 abizen, filiazioa eta posta elektronikoa), dagokion gaian espezialista direnak. Aztertzaileok ezin daitezke izan ez egilearen erakunde berekoak, ez UPV/EHUkoak, eta ez dute interes-gatazkarik eragin behar. Baliteke beraiengana ez jotzea berrikuspen-fasean.