Menstruazio aurreko sintomak eta tratamendua gure inguruko emakumeengan
##plugins.themes.bootstrap3.article.main##
##plugins.themes.bootstrap3.article.sidebar##
Laburpena
Menstruazio aurreko sindromea (MAS) obulazioarekin batera ziklikoki agertzen diren sintoma somatiko eta afektiboen multzoari deritzo. Fisiopatologia guztiz ezaguna ez den arren, sexu-hormonaren eta serotoninaren garrantzia proposatu da. Sintoma arinak dituzten emakumeentzat psikoterapia eta neurri ez-farmakologikoak gomendatzen dira. Sintoma larriagoen tratamendua dira serotoninaren birxurgapenaren inhibitzaile selektiboak (SBIS) eta ahozko antisorgailu konbinatuak (AAK). Gure inguruan MASaren prebalentzia eta sintoma horiei ematen zaien tratamenduaren inguruan datuak biltzeko gauzatu da ikerketa-lan hau. Galdetegi anonimo baten bidez, 118 emakumeren erantzunak lortu ziren. Laginaren erdiak baino gehiagok (% 61) egin zion kontsulta medikuari menstruazio aurreko sintomak zirela eta, baina MAS diagnostikoa % 8k izan zuen soilik. Laginaren % 18k hartu zituen gogo-aldartea hobetzeko farmakoak, baina soilik horien % 5ean izan zen MASa hobetzeko helburuarekin. Ahozko antisorgailuen erabilera zabalagoa izan zen (emakume guztien % 48a), nahiz eta soilik % 33k hartu MASa hobetzeko. Menstruazio aurreko sintomei buruzko kontsulta egin zutenen artean, gogo-aldartea hobetzeko farmako eta antisorgailuen erabilera % 24 eta % 60koa izan zen, hurrenez hurren. Sintomen hobekuntzari begira, gogo-aldartea hobetzeko farmakoak hartu zituztenen % 24k eta antisorgailuak hartu zituztenen % 58k bere sintomak hobetu zituen. Emaitzen arabera, emakume askok dituzte kezkak menstruazio aurreko sintomei dagokienez. Hala ere, diagnosi-tasa baxuak mugatu lezake tratamendu egokien eskuragarritasuna. SBISak MASaren tratamendurako lehen aukera diren arren, gure laginaren sintomen arintzeko ahozko antisorgailuen preskripzioa gailendu zen, eta pazienteek aurkezten zituzten sintomak hobetu zituzten gogo-aldartea hobetzeko farmakoek baino hobeto. Ikerketa-lan honek, bere mugak dituen arren, gure inguruko MASaren diagnostiko eta tratamenduari buruzko informazioa biltzen du. Interesgarria litzateke lehen arretako profesionalen MASaren inguruko ezagutza neurtzea eta diagnostiko eta tratamendu estandarizatuak dituzten ezagutzea.
##plugins.themes.bootstrap3.article.details##
Menstruazio aurreko sindromea, Ahozko antisorgailu konbinatuak, Serotoninaren birxurgapenaren inhibitzaile selektiboak

This work is licensed under a Creative Commons Attribution-NonCommercial-ShareAlike 4.0 International License.