Mahatsak txerritzen
##plugins.themes.bootstrap3.article.main##
##plugins.themes.bootstrap3.article.sidebar##
Abstract
Janari lasterraren eta industrialki prozesatutako janariaren aroan bizi gara. Era berean, jaki hauek ekarri duten galera nutrizionala konpentsatzeko gehigarrien beharra geroz eta handiagoa da. Gehigarri horien artean hauexek ditugu: omega 3 gisako gantz azido asegabeak eta eragin antioxidatzailea duten polifenolak. Ildo honetatik, ardo hondakinak konposatu bioaktibo askoren iturri garrantzitsuak izan daitezke, sortzen den hondakin kopurua oso handia izateaz gain, bertan aurki daiteken gantz azido asegabeen eta polifenolen kontzentrazioa oso altua baita. Lan honetan ardo hondakinen balioa handitu ahal izateko bi urrats garrantzitsu gauzatu dira: osagai bioaktiboen erauzketa, eta polifenolen kasuan erraz degradatu daitezkeenez haien kapsularatzea. Konposatu bioaktiboak erauzteko bi urratseko jariakin gainkritiko bidezko erauzketa (SFE Supercritical Fluid Extraction) optimizatu da,eta ondorioz, lehen urratsean gantz azidoak soilik eta bigarren urratsean polifenolak soilik erauztea lortu dira. Kapsularatzeari dagokionez, zurrusta-bibrazio bidezko mikrokapsularatzea (VNM Vibration Nozzle Microencapsulation) erabili da 150 eta 300 µm-ko zurrustekin kaltzio-alginatozko eta kaltzio-alginato-kitosanezko tamaina ezberdinetako mikrokapsulak eratzeko. Prozesu horretan eragina duten aldagaiak optimizatu, kapsulak sortu eta haien egonkortasuna aztertu da 6 hilabetetan zehar hainbat kontserbazio baldintzatan (4°C-tara ilunpean eta giro tenperaturan ilunpean eta argipean). Kapsulatutako polifenolen egonkortasuna baldintza guztietan kapsulatu gabeena baino askoz ere handiagoa dela ikusi da.