Farmazia-zerbitzu profesional asistentzialak Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) farmazietan
##plugins.themes.bootstrap3.article.main##
##plugins.themes.bootstrap3.article.sidebar##
Begoña Calvo Ana del Pozo-Rodríguez
Estibaliz Goyenechea
Resumen
Historian zehar, farmaziak eraldaketa handiak izan ditu. Aurretik, farmaziak sendagaien prestaketa eta dispentsazioa zituen oinarri nagusitzat, baina, gizartearen aldaketa dela eta, lanbide horrek bide asistentzialagoa hartu du. Horrela, azken hamarkadetan arreta farmazeutikoaren eta farmazia asistentzialaren garapena sustatu da. Arreta farmazeutikoa pazientearen beharrak artatzeko farmazialariaren praktika profesional gisa defini daiteke, sendagaiekin loturiko arazoak modu jarraituan, sistematizatuan eta dokumentatuan detektatuz, prebenituz eta konponduz, pazientearekiko berarekiko eta osasun-taldeko gainerako profesionalekiko lankidetzan, pazientearen bizi-kalitatea hobetuko duten emaitza zehatzak lortzeko. Arreta farmazeutikoarekin eta farmazia asistentzialarekin lotuak, Farmazia-Zerbitzu Profesional Asistentzialak (FZPAk) sortu dira; farmazia komunitarioak herritar guztiei zerbitzu aukera zabala eskaintzen die. Gaur egun, munduko ia herrialde guztietan zerbitzu berriak diseinatzen eta ezartzen ari dira, eta, aldi berean, farmazia komunitarioaren jardueran txertatu nahi dira. FZPAk bi taldetan sailkatzen dira. Alde batetik, Arreta Farmazeutikoaren Zerbitzuak eta, beste alde batetik, Komunitateko Osasunarekin erlazionaturiko Zerbitzuak. Duela urte batzuk, eta Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Farmazialarien Kontseiluarekin bat eginez, EAEko farmaziak FZPAk eskaintzen hasi ziren. Zerbitzu horiek, lanbidearen aldaketarako tresna garrantzitsua izanik, pazienteei ez ezik, farmazialarien kolektiboari eta farmazialariei eurei ere onurak ekartzen dizkiete. Hala ere, farmazia asistentziala sustatzeko erronka garrantzitsua da pazienteek eta gainerako osasun-profesionalek farmazialarien esku-hartze kliniko horien onurak ezagutzea, eta, farmazia komunitarioa, osasun-sistema publikoetan era sakonago batean integratzea.