Dinosauro teropodoen hortzak eta dietan duten islapena
##plugins.themes.bootstrap3.article.main##
##plugins.themes.bootstrap3.article.sidebar##
Ainara Badiola
Xabier Pereda-Suberbiola
Resumen
Dinosauro teropodoak nahiko urriak dira erregistro fosilean eta, askotan, aurkitutako fosil bakarrak hortz isolatuak dira. Teropodoen hortzekin, ordea, azterketa paleontologiko anitz egin daitezke, metodologia kualitatibo eta kuantitatibo mota desberdinak erabiliz. Hortzetatik abiatuz, teropodoen biosistematika burutu eta talde honen erregistro fosila eta paleobiodibertsitatea ezagutu daitezke, baita hainbat diziplina paleobiologikoren azterketa egin ere, hala nola paleoekologia (iraganeko bizidunek beren artean eta ingurunearekin duten erlazioaren azterketa) eta paleobiogeografia (iraganeko bizidunen banaketa biogeografikoaren azterketa). Azterketa paleoekologiko bat dinosauro hauen dieta ezagutzea litzateke. Teropodoen lehendabiziko ordezkariek hortz zifodontoak (laban itxurakoak) zituzten; hortz hauek aproposak dira haragia ebakitzeko. Hortz pakidontoek (banana gisakoak) zifodontoek baino erresistentzia handiagoa erakusten dute. Kate trofikoaren goialdean dauden teropodo haragijaleetan agertzen dira eta hezurrak txikitzea eta haragian ebakidura zabalak egitea ahalbidetzen zieten dinosauroei. Hortzeria konidontoa (hortz lateral konikodun hortzeria) zulatzeko eta harrapakinak eusteko da egokia, eta dinosauro iktiofago, herbiboro eta intsektiboro batzuetan garatu zen. Hortzeria folidontodun teropodoei, hau da, hosto itxurako hortzak dituztenei, dieta mota ezberdinak esleitu zaizkie; hala nola haragijalea, intsektiboroa, omniboroa edo herbiboroa. Nahiz eta dinosauro teropodoek hortzeria mota ezberdinak izan, batzuek hortzen galera erakusten dute. Edentulismoa (hortzen galera partziala edo osoa) teropodo talde ezberdinetan gertatu zen independenteki. Edentulismoaren zergatia jorratzen duten hipotesi asko proposatu diren arren, argi dago hortz gabeko moko batek funtzio asko bete ditzakeela, dietan besteak beste, eta, beraz, berrikuntza ebolutibo garrantzitsua izan zela dinosauro teropodo ez-hegaztietan eta hegaztietan. Izan ere, gaur egun, hortz gabeko hegaztiak dira bizirik dirauten dinosauro bakarrak.
##plugins.themes.bootstrap3.article.details##
Esta obra está bajo una licencia internacional Creative Commons Atribución-CompartirIgual 4.0.