Monografiko honetan proposatzen da egungo ikerketetan sentikorra dena eta analitikoa dena artikula dezakeen pentsamendu-hizkuntza gisa esploratzea marrazketa. Irudikapen-funtzioaz harago, marrazketa artearen, zientziaren eta teknologiaren arteko interfaze gisa agertzen da gaur egun: ezagutza itzultzeko, datuak bistaratzeko eta irudiaren eta informazioaren kultura zalantzan jartzeko bitarteko gisa. Marrazketa ikerketa metodo, tresna kritiko edo itzulpen bisualeko praktika gisa lantzen duten artikuluak bidaltzera gonbidatzen da –ilustrazio zientifikotik ikusezina bistaratzeraino edo adimen artifizialarekiko elkarrizketaraino–, arte eta zientzia garaikidearen testuinguru hedatuan.

Irudikapen-funtzioaz harago, marrazketa gaur egun ezinbesteko tresna metodologiko gisa finkatzen da prozesuak erregistratzeko, informazio konplexua itzultzeko eta ideiak kontzeptualizatzeko. Marrazketa garaikidea ez da soilik adierazpide bat, baizik eta pentsamendu bisualerako, behaketa xeherako eta diziplinarteko ezagutza sortzeko gailu bat, sentikorra eta analitikoa artikulatzen dituena.

Gaur egungo proiektu ugarik agerian uzten dute marrazketa irudiaren ekologia berrietara hedatu dela: biodibertsitatea ikuspegi kritiko, estetiko eta zientifikotik dokumentatzen duten proposamen artistikoak; fenomeno sozial edo ekologikoak ikusizko sistemetara itzultzen dituzten ikerketa grafikoak, datu errealak artearen berezko soluzio formalekin konbinatuz. Praktika hibrido horietan, informazioaren zorroztasuna subjektibotasun artistikoarekin batera agertzen da, eta marrazketa diziplinen arteko interfaze kognitibo gisa hedatzen da, eskuzko trazuaren eta algoritmo digitalaren artean.

Monografiko honetako ikerketa-ildo posibleak:

  • marrazketa garaikidean oinarrituriko proiektuak versus ilustrazio zientifikoa;
  • datuak bistaratzea, marrazketako ikerketan material metodologiko eta sortzaile gisa;
  • infografiak artean duen eginkizun demokratikoa eta sortzailea;
  • ikusezina dena marraztea eta irudikatzea: mikrobiologia, botanika, astrofisika, neurozientzia;
  • datu edo kontzeptu zientifikoak irudi, ilustrazio eta ideia ulergarri eta esanguratsu gisa itzultzeko aplika daitezkeen estrategia bisualak.
  • artearen, zientziaren, teknologiaren eta datuen bistaratze kritikoaren arteko bat-egiteak etorkizunean.

Zuen proposamenak (jatorrizkoak eta argitaratu gabeak) Open Journal Systems plataformaren bidez bidali behar dira (www.ehu.eus/ojs/index.php/Ausart), 2026ko martxoaren 29a baino lehen. Artikuluak ez du egileen izenik eramango, ezta haien identifikaziorako elementurik ere, eta atal hauek izan beharko ditu:

  • artikuluaren izenburua (+ ingelesezko itzulpena);
  • laburpena (paragrafo bat, ± 150 hitz) + ingelesezko laburpena (idem);
  • gehienez bost gako-hitz eta haien ingelesezko itzulpena,
  • testua (± 3000 hitz), nahi izanez gero irudi eta grafikoekin; erreferentzia bibliografikoak, Chicago formatuaren arabera (egilea-urtea).
  • Ahal izanez gero, gomendagarria da artikulua ebaluatzeko BI AZTERTZAILE proposatzea (izena, 2 abizen, filiazioa eta posta elektronikoa), dagokion gaian espezialista direnak. Aztertzaileok ezin daitezke izan ez egilearen erakunde berekoak, ez UPV/EHUkoak, eta ez dute interes-gatazkarik eragin behar. Baliteke beraiengana ez jotzea berrikuspen-fasean.