Pouvreauren Hiztegiaren antolakuntzaz

##plugins.themes.bootstrap3.article.main##

##plugins.themes.bootstrap3.article.sidebar##

Argitaratua 2015-06-14
Javier Etxagibel

Laburpena

Silvain Pouvreauren xvii. mendeko hiztegiak euskalarien arreta erakarri du gutxienez Humboldt-ek haren eskuizkribuaren berri hedatu zuenetik. Hau dela eta, bertako lekukotasunak xix. mendetik aurrerako euskal hiztegietan errepikatuak eta euskal idazleek erabiliak izan dira. Ikerketaren aldetik, Urquijok (1909, 1910), Vinson-ek (1910a), Mitxelenak (1961), Bilbaok (1992) eta Lakarrak (1995), besteak beste, hiztegiaren funtsezko alderdiak azaldu dituzte. Hala eta guztiz ere, eskuizkribu garrantzizko horrek gaur egun ere argitaragabe dirau. Bada edizio saio interesgarri bat (Kerejeta 2003), baina, zoritxarrez, egileak ez zuen amaitzerik izan eta bere ahalegina ere isilean gelditu da.

2008ko azaroan defendatu genuen Silvain Pouvreauren hiztegiaren iturriak eta testukritikaren metodologia tesinan, testukritika erabiliaz, Pouvreauren euskal iturri idatziak aztertu genituen. Ikerlan horren ondorioetan adierazi genuenez Pouvreauren hiztegigintzan hainbat alderdi ikertu gabe geratu ziren, eta alderdi horietan sakontzea jarri genuen helburu Pouvreauren hiztegia testukritika eta metalexikografiaren argitan izenburudun tesian.1 Oraingo honetan testukritika eta metalexikografiaz baliatuta Pouvreauren iturri idatziak xehekiago miatzeaz eta erabili ahal izan zituen gainerako iturriak arakatzeaz gain, aztertu gabe (edo gutxi aztertuak) diren alderdietan jarri genuen arreta: hiztegiaren eredua(k), gauzatze prozesua, kronologia eta egitura, euskal iturri idatziez bestelako iturriak, hiztegiko lekukotasunen bilakaera denboran zehar, hiztegigilearen iturriekiko jokabidea, etab.
Hasieratik A eskuizkribua hartu genuen gure azterketaren oinarri nagusitzat, hiru eskuizkribuetan osatuena baita eta bertan ageri baitira iturriei buruzko erreferentzia gehienak. Ezarritako helburuetara heltzeko oso luze joko zukeen A eskuizkribuaren edizio osoa egin beharrean, A, B, C, D, I, V eta X letren sarrerek osatutako tamaina handiko lagin batez (%44) baliatzea erabaki genuen, horrela jokatuz eskuizkribu osoari estrapolatu geniezazkiokeen datu nahiko fidagarriak lortuko genituela iritzita.

Letren aukeraketari dagokionez ondokoa esan behar da: lehenbiziko lau letretan aurkitzen dira Oudinen hiztegitik ateratako gaztelaniazko baliokide gehienak; horrenbestez, letra horiek Pouvreauren balizko hiztegi laukoitzaren eredutik hurbilenak dira. Bestalde, C, I eta V letra bikoitzak dira, hurrenez hurren C eta Z, I eta J, eta U eta V elkarrekin emanak baitira. Azkenik, I eta V aukeratzeko beste arrazoi bat ere bada: hiztegiaren erdialdeko eta azkenengo letrak direnez, haien azterketaz eskuizkribuaren argazki osoagoa lortzea, kontuan harturik hiztegigileek maiz ez dutela hiztegia hasi eta buka berdin egiten.

ASJU-ren ale honetan aurkezten dugun lana «Pouvreauren hiztegiaren antolakuntza» izenburudun tesiaren atalari dagokio, eta hiru azpiatal nagusitan banatzen da: I) Hiztegiaren egituraz; II) Hiztegigile frantsesen ereduaz; III) Hiztegiaren eraketaz.

Nola aipatu

Etxagibel, Javier. 2015. «Pouvreauren Hiztegiaren Antolakuntzaz». Anuario Del Seminario De Filología Vasca "Julio De Urquijo" 49 (1/2):277-402. https://doi.org/10.1387/asju.18818.
Abstract 277 | PDF Downloads 361

##plugins.themes.bootstrap3.article.details##

Atala
Artikuluak