Aldizkariari buruz
AusArt ikerketa-aldizkariak erreferentzia izan nahi du arte garaikideko ikerkuntza-ekoizpenean, gure kulturaren analisian leku nagusi gisa. Diziplina anitzeko ikuspegiarekin sortu zen, non ekoizpen teorikoa eta sormen-prozesuak elkartzen diren, arreta berezia jarriz kultura- eta teknologia-prozesuen parte-hartzean eta elkarrekintzan. AusArt aldizkaria hausnarketarako eta eztabaidarako gunea da, komunitate artistiko eta unibertsitario osoari irekia.
Egungo zenbakia
Artea ezagutzarekin, politikekin eta gizarte bakoitzaren jarrera etikoarekin lotuta dago. Irudiek eta hitzek, maila sinboliko, emozional eta estetikoan jarduten duten lengoaia artistiko desberdinek, munduari buruz ditugun pertzepzioak interpretatzeko balio izan dute eta balio dute, eta sentsibilitateen eta pentsamenduaren eraikuntzan bitartekari dira. Historikoki, arte-adierazpenek begirada berritzaileak eman dituzte, gizakiak bere ingurune biofisikoarekin dituen harremanak argitzeko edo natura ulertzeko balio izan dutenak.
Azken hamarkadetan, kultura-sistemen eta horiek gordetzen dituen naturaren beraren arteko haustura latza ikusi dugu. Esan dezakegu hazkundearen paradigma hegemonikoak gizateria inoiz ikusi gabeko egoera bat ekarri duela. Une honetan, badakigu ezin direla ingurumen-arazoak faktore sozioekonomikoetatik bereizi; izan ere, faktore horietan oinarritzen dira ekosistemen porrota elikatzen duten oinarriak, eta, era berean, ezin dira gizartearen diagnostiko zuzenak ezarri ingurumen-faktoreak kontuan hartu gabe. Ingurumen-krisia ezaugarritzen duten dimentsioak – klima-aldaketa, berriztagarriak ez diren energia-baliabideen agortzea, dibertsitate biologikoaren galera eta hondakinen ekoizpen masiboa – gizarte-konkista askoren pixkanakako desintegrazioarekin uztartzen dira. Frogatuta dago enpirikoki eredu ekonomiko berriak hartzeko premia, baliabideen kontsumoan aldaketa zorrotza egiteko premia eremu guztietan. Ezagutza teknozientifikoak aurrera egiten badu ere, norabide onean, ezinbestekoa da jokabide-kode berriak ezartzea herritarrengan. Gertakari zientifikoak zabaltzea ez da nahikoa gure ohiturak eraldatzera bultzatzeko: ezinbestekoa da ekintzarako nahien eta motibazioen azpian dauden printzipioak berritzea. Ildo horretan, artearen dimentsio utopikoak harreman-modu desberdinak ezartzeko espazio bat ireki dezake, jasangarritasunerako trantsizio ekologikoa bultzatzeko beharrezko katalizatzaile bihurtuta.
Mugako pentsamenduan mugitzen da praktika artistikoa, eta hortxe gertatzen da aberastasun intelektualik handiena: irtenbideak, ideia berriak edo ideia bat ikusteko modu berriak sortzen dira; ezagutza sortzen da, azken batean. Sormena, definizioz, sortzeko gaitasuna da, baina sormena edozein arazo edo gairi erantzunak emateko modu original gisa ere bereiz dezakegu. Gure inguruan gertatzen diren fenomenoen ulermen berria, intersubjektibotasunerako gunea, proposamenak egiteko foroa, jarrera kritikoak sortzeko foroa edo ezagutzaren sorkuntzan aplikatu eta pentsamendua sustatzen duten hausnarketak azaltzeko gunea da artea. Alderdi horiek guztiak erabakigarriak dira formazio moralerako.
Azkenaldian, ikusmen-arteetan zenbait eraldaketa gerttu dira, formalak ez ezik, forma horien erabilera publikoari buruzkoak ere bai. Komunikazioaren eta ezagutzaren gizarte-banaketaren dimentsioa duten praktiken hazkunde handia ikusten da, baita gizarte-antolamenduan edo haren eraldaketan esku hartzen duten ekintzena ere. Horien artean, konpromiso ekologiko edo ekologista esplizitu bat araubidetzat duen arte politiko eta sozial mota baten proposamenak nabarmentzen dira. Bere posizionamenduen ezaugarria ezagutza kritikoa, lankidetzarako interesa edo ikuspegi globaleko trantsizio ekologikoko tokiko erronketan parte hartzea da, enpatia, berdintasuna, justizia soziala eta beste hainbat balio integratuz. Horiek gauzatzeko, proposamenek, koherentziaz, austeritate materiala eta ingurune biokulturalekiko errespetua hartzen dituzte ezinbesteko premisa gisa.
AusArt-en liburuki honetarako 17 ekarpen aukeratu ditugu, sorkuntza artistikoa jasangarritasunerantz bideratzen dutenak, gizarte-ekologiaren proiektu emantzipatzailera hurbiltzen diren aukerak adieraziz. Hautaketa horrek aukera ugari biltzen ditu diziplina anitzeko ikuspegi batetik.
Hasteko, José Luis Albelda Ragak eta Lorena Rodríguez Mattalíak arteak jasangarritasunaren kulturaren diseinuan parte hartzea planteatzen dute, beheraldi 'edo estetika apal' baten bidez. Humanitate ekologikoen oinarrietatik iruditeriak eraldatzeko bektoreak sortuz zehaztuko litzateke, diskurtso enpatikoekin eraikitzea bilatuz, beharrezko austeritaterantz aurrera egiteko. ‘Trantsizioko narratibak’ mintzaira ugaritatik jorratzea proposatzen dute, gizartean eraginik handiena duten hedabideak indartuz, hala nola ikus-entzunezkoak bere tipologia guztietan.
Arreta hiri-ingurunean jarriz, Maria José Gutiérrez Gonzálezek hiriko arazo batzuk jorratzen ditu, hala nola espazioaren espekulazioa edo kutsadura, jasangarritasunik gabeko bizimodu eta kontsumo estilo batekin lotutakoak. Testuinguru horri erantzuteko ekimen bat planteatzen du, iraganeko elementuekiko errespetuaren eta bizikidetzaren bidez, praktika artistikotik abiatuta. Zehazki, kartografia bat egiteko prozesua da, Valentzia hiriko eta haren metropoli-eremuetako ureztatze historikoaren kulturarekin lotutako arkitekturaren narriadura erakusten duena.
Raquel Fernández Coutok, La parábola del sembrador eleberriko protagonistak, bere munduan bizi dituen zailtasunen aurrean sortzen dituen ekintzekin hitz egiten du «Resistir 'la calamidad': Arte, comunidad y ficción especulativa» lanean. Artikuluak hainbat pentsamendu-korronte erlazionatzen dituen berrirakurketa bat eskaintzen du, artistek esku-hartze komunitarioekin eta gero eta kontzienteagoa den zaintza-krisiarekin lotutako lan-aukerei buruz hausnartzeko '. Lucia Álvarez Borrajo eta Rocio Arregui-Pradasen «El texto como práctica ecoartivista» lanak beste planteamendu bat du, eta elkarlanean sortutako idazki bat aurkezten dute. Egileen hipotesiaren arabera, idazketa performatiboak, narrazio-modu gisa, enuntziatu-mekanismoak errazten ditu eta erresistentzia-estrategiak bistaratzen ditu, jakintza periferikoak eta ezagutza kritikoa uztartuz. Ondorio gisa, diziplinen eta testuinguruen arteko lotura eta benetako kultura-sareetan parte hartzearen garrantzia azpimarratzen dira, eta El Cubo Verdek «Culturarios | Humus de iniciativas culturales en el campo» proiektuan gauzatutako bitartekaritzaren adibidea nabarmentzen da.
Jarraian, José Manuel Eizaguirre Granadosen ekarpena dugu, ukimenari dei egiten diona etorkizuneko urritasun-garai baterako egokia izango den estetika baten –kultura baten– ikonografia positibo bat eraikitzeko. Artikuluan argudiatzen duenez, ukimenak gorputzaren zehaztasunera atzeratzen gaitu, komunikazio zientifikoaren abstrakziora, objektuaren logika merkantzia gisa ukatuz, eta sinbolikoki hainbat baliorekin erlaziona daiteke, hala nola nahikotasuna, berdintasuna, elkartasuna, zainketen garrantzia, edo geldotasuna. Horrela, kritika sinplistari edo beherakadari uko egiteari aurre egin nahi dio. Sheila Rodríguez Cañestrok aurrerapenaren mendebaldeko paradigmari buruzko hausnarketa proposatzen du. Paradigma horrek, historikoki, naturaren esplotazioa eta emakumeen mendekotasuna ekarri ditu. Gai horri heltzeko, Gabriela Bettini artistaren «Sustrai sekundarioak» (2022) erakusketa-proiektua aztertzen du. Bertan, Latinoamerikako kolonialismo europarraren, eskualdeko kapitalismoaren sorreraren eta baliabide naturalen egungo krisiaren arteko elkargunea jorratzen du. Gai hau testuinguruan kokatzeko, Alicia H. Puleo, Vandana Shiva, Yayo Herrero eta beste teorialari ekofeminista batzuen ekarpenetara jotzen da.
Jasangarritasunaren erronkei erantzuteko ekoizpen artistikoaren alternatibak proposatzen dituzten bi ekarpen datoz ondoren. Antonio Vargasek, «-87, metodología de producción artística carbono neutral mediante la medición y compensación de la huella de carbono» lanean, 2050ean mundu karbono-neutral baterantz egindako ibilbidea erreferentziatzat hartuta, artista garaikideak agertoki horretan duen papera aztertzen du. Norbanakoaren erantzukizuna eta konpromisoa aztertzen ditu, eta testuinguru horretan inplikazio nabarmena hartzen du. Lanak diziplinaz haraindiko ikerketa estetikoa garatzen du, eragin artistikoaren beraren eta berotegi-efektuko gasen isurketen analisi kuantitatiboaren arteko lotura azalduz. Ane Rubio Echazarra, «Es lo que fue, Es lo que es, es lo que será: Lo residual y el tiempo como medio creativo» lanean efimerotasunean eta erabilitako edo berreskuratutako materialen berrerabilpenean oinarritzen da, bere lanak egiteko. Artistikoki ekoizteko modu alternatiboen ikerketa da, jasangarritasun eta praktika ekologikoaren kategoriak artearen barruan kokatzeko asmoz.
Ondoren datozen lau artikuluetan, espezieen arteko harremanak jorratzen dira, eta nola balia daitezkeen izaki ez-gizakiak sorkuntza ekologikoan. Belén Cerezo Montoyak zenbait gogoeta aurkezten ditu Rachel Sussman artista estatubatuarraren «The oldest living things in the world» (Munduko gauza bizirik zaharrenak) argazki-proiektutik abiatuta, planetako organismo zaharrenen artxibo bat sortzean oinarrituta. Carmen Gutiérrez Jordanok eta Carmen Andreu Larak, «Arte de contacto interespecies: Las prácticas artísticas contemporáneas de cuidado a los animales no humanos» lanean, artearen historian animaliek izan dituzten ikuspegiak aztertzen dituzte. Arte garaikidean gehien bat mantendu den ikuspegi utilitarista azpimarratzen dute. Jarrera kritiko batetik, sorkuntza artistikoaren planteamendu kontzeptualak eta estrategiak kontrastatzen dituzte esparru antropozentriko batean, zainketako eta enpatiako espezieen arteko alternatiba baten aurrean. Bestalde, Alizée Armetek lurzoruaren fitosendaketari buruzko ikerketa artistiko bat aurkeztu du, Esloveniako Jesenice hirian egina. «Ghostly plants of damaged world» (Kaltetutako munduko landare fantasmalak) delakoaren ikerkuntza-sorkuntzan, ezagutza eta teknika zientifikoak aipatzen ditu, gure lurzorua ulertzeko mugak agerian utziz. Landare espezieen eta mikorrizen arteko mutualismoa aurkeztean, lan honek berriro ekartzen digu gogora ekologia ez dela bakarrik gure usadioei arreta jartzea; erlazioei arreta jartzea ere badela. Bestalde, Fernando Luque Cuestak eta Mª Carmen Hidalgo Rodríguezek baratzeari buruzko ikerketa bat aurkeztu dute, ekoizpen-, kultura- eta familia-erresilientziarako gune gisa. Baratzea eredu zientifiko-artistiko gisa hartuta, belaunaldien arteko harreman pertsonalak sendotu behar direla ondorioztatu da, tokiko ekoizpenari lotutako kulturak desager ez daitezen, bertako labore-barietateak kontserbatzea barne. Ekoitzitako sorkuntza artistikoak baratzea munduaren ikusmoldeak biltzen dituen motor gisa aurkezten du, non gizakia bere ingurune naturaleko kide legitimo bat gehiago den.
Beste esparru artistiko batean, Iñaki Barcena Hinojalek eta Josu Larrinaga Arzak herri musikaren potentzialitateak jorratzen dituzte trantsizio ekosozialean. Artikuluan gizarte- eta ingurumen-arazoen eta musika-adierazpenaren bidezko kultura-aldaketaren arteko interes-korapiloen bilaketa erakusten dute. Kapitalismo industrialaren imaginario hegemonikoen sorkuntzan eta erreprodukzioan edo, aitzitik, eredu suntsitzaile kapitalistaren kritikan musikak duen papera aztertzen dute. Adibidez, musika batzuk ekologiaren aurkako iruditeria gisa erabili izan dira, kultura kontsumista sortzeko zereginean sakonduz, eta beste kasu batzuetan, gaur egun gutxiengo direnak, musikek gure harreman sozio-ekologikoetan norabide aldaketa aldarrikatzen dute, ekosistemekiko eta gizakienganako harremanak eraldatu nahian.
Ondoren, «Planeta zauritu baterako kartelak: Milton Glaserretik Lubara» testua dator. Bertan, Mikel Bilbao Salsiduak kartel modernoari zuzentzen dio arreta, oso paper garrantzitsua izan baitu komunikabide eta pertsuasio gisa duela gutxi arte. Erabilera arruntetatik haratago, euskarri hori, azken mende erdian, funtsezko eskubideen urraketen, desberdintasunen edo planetaren narriadura gero eta handiagoaren aurrean kontzientziatzeko tresna gisa erabili da. Saiakera honetan, egileak 1970eko hamarkadaz geroztik aktibismo ekologistaren arloan izan duen papera aztertzen du, Milton Glaser, Robert Rauschenberg, Seymour Chwast eta beste hainbat egileren ekarpenak erreferentziatzat hartuz.
Jarraian datozen hiru artikuluek arte sorkuntzen aplikazio pedagogikoa jorratzen dute, jasangarritasunari eta ekologiari buruz hausnartzeko. Estibaliz Gutiérrez Ajamilek eta Ander Gómez Mirandak arte garaikideak 'garapen jasangarrirako hezkuntza artistikoa' deritzonari egiten dion ekarpenaz idazten dute. Helburu horrekin, besteak beste, ingurumenarekin, kontsumo arduratsuarekin edo kutsadurarekin lotutako gaien inguruan lan egiten duten artisten edo kolektiboen aukeraketa txiki bat berrikusten dute. Sergi Quiñonero Ortuñok, «Ecoarte: Debate y contradicciones» lanean, naturarekin ditugun harremanei buruzko gaiak jorratzen dituzten lanen hurbilketa kritikoa proposatzen du, ikuspegi ekologikotik ulertuta. Ikerketa-kasuak ere aurkezten ditu, egilea lotuta egon den kasuak, artea eta ekologia kontzeptuen arteko lotura zaila agerian utziz. Azkenik, Óscar Cornago Bernalek metodoei buruz galdetzen du; metodo batzuei buruz, eta metodo horiek garatzen diren inguruneari buruzko denbora eta modu jakin batzuei buruz, eta metodo horiek ez diete beti erantzuten adituaren, ikertzailearen eta artistaren arrazoi onei. Gai horretan sakontzeko, Teatro Ojo Volverse Negro mexikar kolektiboaren esku-hartzea aztertu du Salamancan (Guanajuato), herrialdeko petrolio findegi handiena dagoen lekuan.
Amaitzeko, irudia gure hizkuntza diskurtsiboaren zati bat dela eta ikertzeko aukera ematen duen hausnarketarako tresna bat dela jakinda, beste ekarpen bat bezala integratu nahi izan dugu, kasu honetan bisuala. Azalean egin dugu, Isabel Alvarezen 2021eko «Letxuga power» obraren irudi batekin, eta barruan, Susana Jodrak 2020an egindako Reducir artista liburuaren xehetasunezko argazkiak tartekatuz.
Carmen Marín Ruiz
Susana Jodra Llorente
Artekom proiektua
Monografikoaren koordinatzaileak
Argitaratua: 2024-07-08
¿Qué relatos, desde el arte audiovisual, para los tiempos de descenso civilizatorio?
El valor de los elementos preexistentes en la ciudad
Resistir 'la calamidad'
El texto como practica ecoartivista
Ukimenaren rolak desazkundearen estetikan
Una revisión crítica del modelo de progreso occidental
-87, propuesta de producción artística hacia la carbono neutralidad
«Es lo que fue, es lo que es, es lo que será»
El trabajo de Rachel Sussman, o cuando otros organismos nos ayudan a sentipensar la vida
Espezieen arteko ukipen-artea
frances
El huerto como espacio de resiliencia productiva, cultural y familiar
Musika popularraren ahalmenak trantsizio ekosozialean
Carteles para un planeta herido
La ecología en el arte contemporáneo
Ecoarte
Descolonizar los métodos
- Libk.12, Zk.2 (2024)
- Libk.12, Zk.1 (2024)
- Libk.11, Zk.2 (2023)
- Libk.11, Zk.1 (2023)
- Libk.10, Zk.2 (2022)
- Libk.10, Zk.1 (2022)
- Libk.9, Zk.2 (2021)
- Libk.9, Zk.1 (2021)
- Libk.8, Zk.2 (2020)
- Libk.8, Zk.1 (2020)
- Libk.7, Zk.2 (2019)
- Libk.7, Zk.1 (2019)
- Libk.6, Zk.2 (2018)
- Libk.6, Zk.1 (2018)
- Libk.5, Zk.2 (2017)
- Libk.5, Zk.1 (2017)
- Libk.4, Zk.2 (2016)
- Libk.4, Zk.1 (2016)
- Libk.3, Zk.2 (2015)
- Libk.3, Zk.1 (2015)
- Libk.2, Zk.2 (2014)
- Libk.2, Zk.1 (2014)
- Libk.1, Zk.1-2 (2013)
AusArt. ikerkuntzarako aldizkaria ISSN 2340-8510 - eISSN 2340-9134