10. Libk. 2. Zk. (2022): Arte garaikidearen lurraldeak (meta)kartografiatzen

Mapa, nabigaziorako elementu den heinean, gidari legez, lurraldearen ideia bistaratzeko objektu moduan, erabakigarria izan da gizateriaren historian. Ez lurralde fisikoen errepresentazioa den heinean soilik, baita alegiazkoa, mentala eta emozionala ere badelako. Objektu artistiko bihur daiteke mapa berez, eta bertan artistek datuak, latitudeak eta longitudeak irudikatu ohi dituzte, baina baita fantasiazko eta alegiazko elementuak ere. Bidaia, jitoa, transhumantzia... Interneten eta sare sozialen aroan birdefinitu egiten dira, eta espazioak eta denborak galdu egiten dute hemengotasunaren eta oraingotasunaren zentzua. AusArten monografiko berri honek maparekin eta kartografiarekin nola edo halako zerikusia duen arte garaikidea irudikatzeko sistemak zalantzan jartzea proposatzen du, topografoaren ustezko objektibotasunetik aldenduz, jakin badakigulako irudikapen horiek ez dituztela ematen bilatzen ditugun emaitzak. “Mekarteak, euskal artearen meta-kartografiak (2017 - 2021)” proiektuan datza proposamenaren jatorria; AKMEKA, ikertalde finkatuak proposatu zuen hura, eta bere garaian maparekin eta kartografiaren ideiarekin lotutako arte garaikidearen irudikapen sistemetan jartzen zuen arreta, esparru zehatz-zehatz bati, euskal arteari dagokionez.

Premisa horrekin, AusArten zenbaki honek mapen mapak, mapak ez diren mapak, testuak diren mapak eta kartografiak diren testuak lantzen ditu, arteari buruzko mapak edo beren praktika artistikoei begira artistek egindakoak, testuinguru jakin batekin zerikusia duten mapaketak eta mapak, meta-kartografiak, kartografia hedatuak, eta abar. Horretarako, argitalpenen lantaldeak hamabi ekarpen hautatu ditu guztira, aukera tarte horri heltzeko, orokortasunetik espezifikotasunera.

Del mapa como objeto al posthumanismo tecno-fenomenológico da liburuki honetako lehendabiziko testua; bertan, Patxi Alda Esparzak lurraldearen mapaketa eta irudikapen teknologien garapena eta bilakaera aztertzen ditu, gizakiaren eboluzioarekin paraleloan doazen heinean. Premisa horretatik abiatuta, teknologiaren eta pertsonen arteko lotura estua ulertzea proposatzen du. Munduaren errealitateari buruzko irudikapena, eraldaketa eta eraikuntza, teknologia digitalak azkartzen duena, argudio oinarritzat hartuta, berak mapa-objektu deitzen duenetik abiatuz lurraldearen esperimentazio teknologikora arteko ibilbidea proposatzen du. Antzeko ildoan doa Las representaciones gráficas en la sociedad del siglo XXI testua. Elkarren artean konektatuta dauden makina bat datu baseetara berehalako irismenetik abiatuta, María José Gutiérrez Gonzálezek multimedia materialarekin eraikitako lagin kartografiko batzuk biltzen ditu bere artikuluan, kontaera pertsonaletatik abiatuta eraikiak, baita oinarrizko mapa geografiko baten mendeko beste narrazio kartografia mota batzuetatik ere.

Ventura Alejandro Pérez Suárezek eskala handienetik txikienera ordenatuta egituratzen du bere Mapa de siete espacios proposamena, hurrenez hurren Zerurako, Landarako, Hirietarako, Etxeetarako, Gorputzetarako, Gauzetarako eta Krokisetarako espazio modura antolatuta. XX. mende hasieratik gaur egunera arte hainbat proposamen eskultoriko eta arkitektoniko kokatzeko eta erlazionatzeko moduei buruzko mintzamoldea lantzeko aukera ematen digu estratifikazio horrek. XXI. mendeko espazio berriek ezartzen duten distantziarik gabeko mundu konplexua aintzat hartuz, Ricardo González Garcíak (Des)orientarse en la plasticidad de un mapa sin distancias: Rizoma, palimpsesto, derivas e (im)posible cartografía del arte contemporáneo testuan, arte garaikidearen balizko kartografia sortzeko oinarri kontzeptual jakin batzuk ezartzeko hurbilketa proposatzen du. Helburu horrekin, eta gaur egungo komunikazio eta ekoizpen moduetan meta-digitaltasunak duen determinazio teknologikoa kontuan hartuta, hainbat sustrai jorratzen ditu, hala nola, 'errizoma' kontzeptua, 'palimpsesto' kontzeptua edo jitoaren teoria, arte garaikidearen mapa tautologikoen konfigurazio diagramatikoan euskarri modura erabiltzeko.

Bestalde, María Dolores Gallego Martínezek praktika artistiko garaikideetan mapak eta kartografiak duten eginkizuna eta haiek teknologiaren erabilerarekin duten ezinbesteko loturaz egiten duen azterketatik abiatuz, halakoek eremu zehatzetan duten erabilpenera mugituko gara, bai artearen eremu espezifikoan, bai eta handik eratorritako praktiketan ere. La cartografía artística como medio visual de reflexión para comprender la realidad lanak kartografia artistikoak ikertzea eta sortzea du ardatz, prozedura teraupeutiko eta ikusizko komunikabide gisa ez ezik, baita errealitatea, indibiduala zein kolektiboa, hausnartzeko eta ulertzeko hezkuntza metodologia eraginkor gisa ere. Horretarako, mapetako konnotazio sinbolikoak ulertzen eta ikasten laguntzen diguten erreferente batzuk erabiltzen ditu.

 Beste lan ildo batean, pintura ere bada zeharkako tresna arteak, paisaiaren dimentsioan eta esanahian eragiten dituen informazio eta komunikazio teknologien mutazioak kartografiatzeko, darabiltzan forma garrantzitsuenetako batzuk aztertzeko. Alba Cortés Garcíak eta Carmen Andreu Larak aurkezten digute Peinar la realidad a contrapelo: La pintura como mapa y reflejo de una época, lurralde emozionalak kartografiatzeko beharra dagoen testuinguru batean, paisaian dugun esperientziaren subjektibotasunetik abiatuta, artistak proposamen kartografiko berriak sortzen ari baitira.

Soinua fidagarritasunez gordetzeko erronka: Musika-notazioa eta grabaketak Igor Saenz Abarzuzaren proposamena da, eta bertan kartografia eta motibazio elementu gisa hartzen du musika, notazioari eta grabazioei buruzko hausnarketa egiteko. Horretarako, berrikuspen historiko bat egiten du, Euskal Herrian kokatutako aro postdigital batean burutzen dena. Zehaztasunetik abiatzen den ibilbide honetan, maparen ideiari lotutako elementu tematiko gisa finkatzen da soinua. Lurrari itsatsita halaber, baina beste testuinguru batean, ‘Memoria pétrea’: Cartografías sonoras a partir de los paisajes sonoros registrados sobre antiguas losas de pizarra del Pirineo Catalán lanean, Ferrán Lega Lladós artistak, halaber, ikerketa bat du abiapuntu, Kataluniako Pirinioetako herri bateko teilatuetako estalkietatik eskuz zizelkatutako arbelezko harlauza zaharren gainean jarritako ukipen mikrofonoen bidez erregistratutako soinu kartografiak oinarritzat hartuta soinu artearen proiektu bat sortzeko. Haren proposamenak, soinu paisaiaren ikuspegitik, proiektu artistiko bati atxikitako mapa ideia bat planteatzen du.

Helga Massetani Piemontek proposatzen duen Atlas emocional del Bidasoa testuan, prozesu legez aurkezten zaigu kartografia, proiektu baten irudikapen grafiko gisa ,edo prozesu zientifikoen eta hausnarketa artistikoen bidez egindako arte pieza bezala. Artikuluak ibilbide bat eskaintzen du proiektuaren ideiaren kontzepziotik abiatuz, azterlanaren objektuaren lanketatik, metodologiatik eta prozesu artistikotik barrena; eta metamorfosian amaituz, mintzamoldeak ikuspegi desberdinetatik hartzeko dinamika gisa. Azken horretatik distantzia geografiko eskasera, ibilbidearen ideia da kartografia bihurtzen dena Cartografía de Chillida-Leku: La escultura como camino lanean, non Carolina Valls Juanek denboran zehar diseinatutako paisaia batean proiektatzen diren ibilbide posibleak aztertzen baititu, espazio batean garatzen direnak, lekuak ("topos"-ak) zerbait fisikoa, baina baita zerbait psikiko eta espirituala ere, den heinean duen garrantzia agerian utziz. Horretarako, behaketa eta katalogazio metodo bat erabiltzen du, ikusgai dauden eskulturen ibilbidea berrikusteko eta bide aberasgarri horri ekiteko jakin-mina pizteko.

 

Beste behin ere ibilbidea, baina baita praktika artistikoetatik eratorritako mapa artistikoaren jitoa edo azterketa ere ditu aztergai Mónica Sánchez Tierrasecak, Evocando Golgonooza: Representaciones contemporáneas de la ciudad mítica de William Blake bere testuan, Andrea McLeanek eta Henry Eliotek poeta eta grabatzaile ingelesaren irudimen bisualera hurbiltzeko egindakoaz. Hartara, hainbat geruza konplexu, nahasiak eta elkarri konektatuak dituen eremu dinamiko batean aurrera egiteko aukera ematen digu. Londresko topografiaren erdian egongo gara, non elementu sinbolikoak banatzen baitira, eta haiek, aldi berean, irudimenezko eskualdeak irudikatzen baitituzte. Kartografia artistikoa, kasu horretan, William Blake eta haren hiri arketipikoaren unibertso mitikoaren ulermenetik hurbil dagoen tresna bihurtzen da.

 

Maparen aukera infinituen artean, gainera, iragana islatzen duen tresna bat izan daiteke hori, baina baita bizitako denbora ez den beste ibilbide batetik itzultzeko gailu bat ere, beste ikuspegi batetik irakurtzeko gaitasunarekin. AusArten monografiko honi amaiera emateko, Historiaren ertzetan metaturiko materialetatik ibilbide bat, ‘Denboraren tolesak’ erakusketa abiapuntu lanean, Elena Olave Duñabeitia ikertzaileak egungo praktika artistikoek historiaren berrinterpretazioan eta orainaren berrantolaketan duten garrantziaz hausnartu du Iván Gómez artistaren erakusketa berri batetik abiatuta, non mapa baten moduan funtzionatzen duen ariketa kuratoriala baita erakusketa.

 

 

Beste behin ere, azpimarratu nahi dugu liburuki hau osatzen duten testuen aukeraketaren kalitatea, AusArten argitalpen taldearen laguntza paregabearekin. Kartografiaren ideiaren inguruko ikuspegi eta irakurketa anitzak eszenatoki kontzeptual konplexu eta askotarikoa marrazten dute, paradoxikoki lurraldearen kontzeptuaren inguruan, haren ahalbide eta potentzietako edozeinetan soilik aritu ez dena; aitzitik, ekarpen batzuk mugako gaiei begira landu dira, eta agian aldizkari honetan landu beharreko gai berriak iradoki dituzte.

 

Azkenik, ikusizkora hurbildu gara, edukiak jorratzeko beste modu bat den heinean eta, bestalde, testua bezain egokia denean arte ikerketari eta haren dibulgazioari dagokienez, baina zaila egiten zaiona horrelako argitalpenetan sartzea, ilustrazio edo testuaren osagarri gisa duen rolaz harago. Irudia ere gure hizkuntzaren parte dela eta ikerketarako eta hausnarketarako tresna autonomoa dela jakinik, baita saiakuntza eta mintzamolde potentziala duena ere, azala beste ekarpen bat bezala planteatu dugu, kasu honetan bisuala. Eta Ramón Salasen Cartografía del espacio de posibilidad lanaren bitartez egin dugu hori; bertan, testuak eta irudiak mapa kontzeptual bat osatzen dute, argitalpenaren orrialdeetan zehar lagunduko diguna.

Arantza Lauzirika Morea

Natxo Rodríguez Arkaute

Monografikoaren koordinatzaileak

Argitaratua: 2022-12-02

Del mapa como objeto al posthumanismo tecno-fenomenológico

Francisco Javier Alda Esparza
Abstract 327 | PDF (Español) Downloads 493 HTML (Redalyc) (Español) Downloads 0 XML (Redalyc) (Español) Downloads 0 | DOI https://doi.org/10.1387/ausart.23931

Las representaciones gráficas en la sociedad del siglo XXI

María José Gutiérrez González
Abstract 613 | PDF (Español) Downloads 0 HTML (Redalyc) (Español) Downloads 0 XML (Redalyc) (Español) Downloads 0 | DOI https://doi.org/10.1387/ausart.23780

Mapa de siete espacios

Ventura Alejandro Pérez Suárez
Abstract 220 | PDF (Español) Downloads 444 HTML (Redalyc) (Español) Downloads 0 XML (Redalyc) (Español) Downloads 0 | DOI https://doi.org/10.1387/ausart.23906

(Des)orientarse en la plasticidad de un mapa sin distancias

Ricardo González-García
Abstract 235 | PDF (Español) Downloads 451 HTML (Redalyc) (Español) Downloads 0 XML (Redalyc) (Español) Downloads 0 | DOI https://doi.org/10.1387/ausart.23925

La cartografía artística como medio visual de reflexión para comprender la realidad

María Dolores Gallego Martínez
Abstract 708 | PDF (Español) Downloads 828 HTML (Redalyc) (Español) Downloads 0 XML (Redalyc) (Español) Downloads 0 | DOI https://doi.org/10.1387/ausart.23923

Peinar la realidad a contrapelo

Alba Cortés-García, Carmen Andreu-Lara
Abstract 272 | PDF (Español) Downloads 405 HTML (Redalyc) (Español) Downloads 0 XML (Redalyc) (Español) Downloads 0 | DOI https://doi.org/10.1387/ausart.23922

Soinua fidagarritasunez gordetzeko erronka

Igor Saenz Abarzuza
Abstract 225 | PDF Downloads 326 HTML (Redalyc) Downloads 0 XML (Redalyc) Downloads 0 | DOI https://doi.org/10.1387/ausart.23861

Memoria pétrea

Ferran Lega Lladós
Abstract 225 | PDF (Español) Downloads 394 HTML (Redalyc) (Español) Downloads 0 XML (Redalyc) (Español) Downloads 0 | DOI https://doi.org/10.1387/ausart.23924

Atlas emocional del Bidasoa

Helga Massetani Piemonte
Abstract 377 | PDF (Español) Downloads 406 HTML (Redalyc) (Español) Downloads 0 XML (Redalyc) (Español) Downloads 0 | DOI https://doi.org/10.1387/ausart.23921

Cartografía de Chillida-Leku

Carolina Valls Juan
Abstract 263 | PDF (Español) Downloads 612 HTML (Redalyc) (Español) Downloads 0 XML (Redalyc) (Español) Downloads 0 | DOI https://doi.org/10.1387/ausart.23932

Evocando Golgonooza

Mónica Sánchez Tierraseca
Abstract 300 | PDF (Español) Downloads 388 HTML (Redalyc) (Español) Downloads 0 XML (Redalyc) (Español) Downloads 0 | DOI https://doi.org/10.1387/ausart.23930